'Atzegizale' figurari balioa eman nahi dio aurten Atzegik
'Atzegizale' figurari balioa eman nahi dio aurten Atzegik
2021eko sentsibilizazio-kanpainak 'Geroz eta gehiago gara eta nonahi gaude' du lelotzat eta gaur aurkeztu du elkarteak Aldundian.
Atzegizaleei balioa ematea da gaur goizean Donostian aurkeztu den sentsibilizazio-kanpainaren helburua. Prentsaurrekoan, Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak, Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendariak, Josean Idoeta Atzegiko presidenteak eta Patricia Ayo Elkarteen eta Familiei Laguntzeko Zerbitzuko arduradunak, eta kanpainaren koordinatzaileak hartu dute parte.
2000. urtean Atzegik Atzegizale figura sortu zuen, adimen desgaitasuna duten pertsonekiko jarrera positiboa erakusten duten pertsonak identifikatzeko. Urte hauetan zehar Atzegizale komunitatea hazi egin da eta jarraitzaileak batu ditu. Horrela, 20 urte geroago, Atzegik pertsona horien jarrerak adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizitzan duen eragina nabarmendu eta ezagutarazi nahi du.
Josean Idoeta Atzegiko presidenteak azaldu duenez, Atzegizaleak leku askotan eta adin tarte guztietan aurki ditzakegu, “desgaitasun intelektuala duten pertsonak diren bezala onartzen dituzte, ez dituzte epaitzen, haiengan sinesten dute eta gizartean parte hartzeko aukerak eskaintzen dizkiete". Idoetak gaineratu duenez, “keinu txikiak diruditen arren, eragin handia dute desgaitasun intelektuala duten pertsonen bizitzan”.
Maite Peñak adierazi du Gipuzkoa lurralde solidarioa dela, eta komunitateak berak oso paper garrantzitsua jokatzen duela gizarte politikekin zerikusia duen guztian. Horren erakusgarri da Atzegizaleen figura bera eta betetzen duten funtzioaren "garrantzia handia": "Desberdintasunak desitxuratzen laguntzen duen figura, kohesio sozialean sakontzen duena eta pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatzeko funtsezkoa dena". Era berean, diputatuak azpimarratu du Gipuzkoako eredu soziala ezin dela ulertu Atzegik duela 60 urte baino gehiagotik egiten duen "lan handia" gabe. "Eredu partekatua da, elkartasunetik, komunitatearen inplikaziotik eta elkarlanetik abiatzen dena", gaineratu du.
Agian zu ere Atzegizalea zara…
Patricia Ayo kanpainaren koordinatzaileak urte amaierara arte aurreikusitako jardueren egutegia aurkeztu du. Ayok azaldu duenez, 60. urteurrena ofizialki iaz izan bazen ere, ezin izan ziren aurreikusitako ekitaldiak egin, osasun-egoera zela eta. “Hori dela eta, 60+1a ospatzea erabaki dugu, eta aurten bai, 60 urteak behar bezala ospatuko ditugu, abenduaren 20an Kursaalen egingo den ekitaldi berezi batekin. Horrez gain, datozen urteetarako lan-ildoak zehazteko asmoz abian jarri genuen hausnarketa estrategikoaren ondorioak partekatzeko aprobetxatuko dugu eguna” gehitu du Ayok .
Kanpainako materialen aurkezpenera itzuliz, Ayoren arabera Atzegizale diren pertsona asko daude, baina oraindik ez dakite: “zenbaitek uste dute boluntarioa izatea edo Atzegiko jardueretan parte hartzea dela, baina ez du zertan hala izan”. Kontzeptua ulertzen laguntzeko, sentsibilizazio-kanpainaren barruan hainbat material sortu dira. Alde batetik, desgaitasuna duen pertsona baten egunerokotasuna eta izan ditzakeen laguntza eta oztopoak islatzen dituen animaziozko pieza bat sortu da. Bestetik, azken hilabetean astero Atzegizale pertsonen adibideak ezagutzera ematen dituzten pilula txikiak aurkeztu dira, bizitzaren hainbat arlotan: pertsonala, soziala, lanekoa eta kirolekoa. Material horiek www.atzegi.eus webgunean sortu den “Atzegizaleen Txoko” berrian aurki daitezke. Atzegizalearekin identifikatuta sentitzen diren pertsona guztiak Txokoan sartzeko eta Atzegizale familia handiaren parte izateko deia egin du Patricia Ayok.
Amaitzeko, Atzegitik gogoratu dute abenduaren 20an, 19:00etan, 60. urteurrenari amaiera emango dion ekitaldia egingo dela. Iraganera, baina batez ere etorkizunera begiratuko duen ekitaldia sorpresaz eta une hunkigarriz beteta egongo da. Ekitaldira joan nahi dutenek atzegizale@atzegi.eus helbidera idatz dezakete edo 943 42 39 42 telefonora deitu gonbidapenak eskatzeko.
2208