Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour “Aurten ditugun zerga bilketa helburuek 2007ko errekor zifretara gerturatzen gaituzte”

“Aurten ditugun zerga bilketa helburuek 2007ko errekor zifretara gerturatzen gaituzte”

Markel Olano diputatu nagusiak azaldu du kanpaina onak jazo direla, baina BEZaren lurralde arteko doikuntzek aldendu dutela bilketa helburuetatik

Markel Olano datuak azaltzen

“Aurreikuspenak ez dira bete, baina gure esku dagoena ondo joan da, kanpainak (Errenta, Sozietateak eta Aberastasuna) positiboak izan dira oso”. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, irakurketa baikorra egin du 2016 urtearen itxieraren inguruan, enplegu eta soldaten bilakaera positiboa azpimarratuz baina betiere zuhurtziari helduz. “Zerga zuzenetan %99,9ra bete ditugu helburuak, eta Gipuzkoako BEZari dagokionez %99,3ra iritsi gara. Azken zerga honetan, ordea, lurralde arteko doikuntzen atalean aurreikusitakoa baino 122 milioi gutxiago jaso ditugu, helburuen %79 bakarrik betez”, zehaztu du Olanok, aurreikuspen eta likidazioaren arteko aldea azalduz. 2017ra begira, nabarmendu du ezarri diren zerga-bilketa helburuek “2007ko zifra errekorretara gerturatzen gaituztela”.

            Olano eta Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatua Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean agertu dira gaur, atzo Gasteizen egin zen Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren inguruan berri emateko batzarkide taldeei. Atzoko topaketaren baitan, Eusko Jaurlaritzak, hiru lurralde historikoetako aldundiek eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek 2016 urtearen likidazioa eta erakunde bakoitzak egin eta jaso beharreko ekarpenak adostu zituzten. 4.198 milioi euro bildu zituen Gipuzkoako foru Ogasunak 2016an, eta 2.881 milioi eurotako ekarpena egin dio Eusko Jaurlaritzari. Egokitzapenerako Funts Orokorretik, berriz, 33,7 milioi garbi jasoko ditu lurraldeak.

            Diputatu nagusiak, bere agerraldian, urteko zerga-bilketa %2,3ko hazkundearekin itxi dela gogoratu du, hau da, pasa den urtean baino 94 milioi euro gehiago. “Aurrekontuaren %97ko betetze-maila izan dugu eta Gipuzkoa izan da atal honetan bilakaerarik onena izan duen lurraldea”, azpimarratu du. “Kanpainen emaitza onek ekonomiaren egoera pixkanaka hobera egiten delaren adierazle dira, eta nik uste albiste positiboa dela hau denontzat”, esan du. “Aurrerabidean goaz, baino zuhurtzia da oraindik ere gure iparrorratza, eta hala izan da agertokian dauden ziurgabetasunak garbitzen ez diren bitartean”, gehitu du.

            Etorkizunera begira, Olanok zerbitzu publikoen finantzaketa bermatzean jarri du azpimarra. Zentzu horretan, aurreratu du esparru ezberdinetan lanean ari direla euskal erakundeak. Alde batetik, 2013an onartutako zerga erreforma azterketan fasean dagoela esan du, “zertan asmatu duen eta zer dagoen hobetzeko ikusten ari dira teknikariak”. Bestalde, Ekarpen Legea berritzeko prozesuak martxan jarraitzen duela gogoratu du. “Esaterako, pasa den astean elkartu zen Udal Legea Ekarpen Legera egokitzeko lanean ari den lan talde teknikoa”, esan du. Aurreikuspenen arabera, batzorde honek apirila alderako amaituko du bere lana eta honek Ekarpen Legea berritzeko prozesuan beste aurrerapauso bat ematea ahalbidetuko du.      

 

Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa

Bestalde, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren (UFFF) 2016ko likidazioaren berri ere eman diete foru arduradunek batzarkideei eta, arratsaldean, zuzenean partekatu dute informazioa udaletako ordezkariekin Gipuzkoako Finantza Kontseiluan. Pasa den urtean udalerriek 458 milioi euro jasotzea aurreikusten zen, baina azkenean likidazioa 448 milioi eurokoa izan da eta, ondorioz, guztira 9,6 milioi euro itzuli beharko dituzte. Dena den, Larrañaga diputatuak gogoratu duenez, Gipuzkoako udalak jakitun ziren egoeraz pasa den urritik eta, beraz, aurreikusiak zituzten itzulketak.

Hala ere, Olanok nabarmendu duenez, inoizko Foru Funtsak inoizko zuzkidurarik handiena izan du 2016an. “Udalek inoiz baino baliabide gehiago izan zituzten eta, aurreikuspenen arabera, hazkundeak jarraituko du 2017an ere”, azpimarratu du. “Udalerrien finantzaketarako funtsezko erreminta da UFFF, eta honen zuzkidura handitzeak udalek eskaintzen dituzten zerbitzu publikoen hobekuntza dakar, herritarren mesedetan”, adierazi du. 

  

1899