Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour “Bete-betean hezurmamitzen dituzue elkartasuna eta elkarlanaren balioak; gizarte osoarentzat eredu zarete”

“Bete-betean hezurmamitzen dituzue elkartasuna eta elkarlanaren balioak; gizarte osoarentzat eredu zarete”

Diputatu nagusiak Urrezko Domina eman dio Gurutze Gorriaren Donostiako Zentro Soziosanitarioko lan taldeari eta aitortza hedatu die pandemian “zaharrak zaintzen, gaixoak babesten eta bizitzak salbatzen” diharduten langile guztiei.

Gurutze Gorriaren Donostiako Zentro Soziosanitarioko lantalde osoak Gipuzkoako Urrezko Domina jaso du gaur arratsaldean diputatu nagusiaren eskutik, “bete-betean” hezurmamitzen dituztelako gure lurraldearen “baliorik nabarmenenak”, “elkartasuna eta elkarlana”, alegia. Markel Olanok nabarmendu duenez, pandemiaren hasierako hilabeterik “gogorrenetan”, beren “konpromisoa, profesionaltasuna eta eskuzabaltasunaren” bitartez, COVID-19aren aurrean “pertsona zaurgarrienak babesteko” eta “zaharren egoitzetan birusaren zabalkundea mugatzeko” berebiziko ekarpena egin zutelako.

“COVID-19aren arretarako zentro erreferente hau aitzindaria izan zen Estatuan. Zuen lan eta determinazioari esker, gaixotasuna bertan pasa zuten guztien duintasuna babestu zenuten. Horrekin bat, gaitzaren hedatzea mugatu zenuten egoitzetan eta osasun zerbitzuek gain hartu ez zezaten lagundu zenuten. Bizitzak salbatu zenituzten eta pandemiari elkarlanean erantzuteko bide bat markatu zenuten”, aitortu du Olanok, foru jauregian ziren Gurutze Gorriko zentroko langileen ordezkaritza zabal baten aurrean. “Gipuzkoako gizarte osoarentzat eredu zarete, gizartearen zimendu, egungo krisialdian iparrorratz, etorkizunean izan nahi dugunaren isla”, gehitu du.

“Aitorpen kolektiboa”

Gipuzkoako aintzatespen publiko garrantzitsuena izaki, Urrezko Dominaren errekonozimendua “aitorpen kolektibo” bat eginez osatu du diputatu nagusiak eta “zaharrak zaintzen, gaixoak babesten eta bizitzak salbatzen” diharduten langile guztiei hedatu die aitortza, modu berezian lurraldeko 65 adinekoen egoitzetako “lan talde eta pertsona guztiei”. “Aurrekaririk gabeko egoera bortitz bati aurre egiten ari dira, barnean duten gizatasun eta profesionaltasun guztia erakutsiz, gaixotasunaren aurrean ahulena den gizataldea zaintzeko. Ezin utzi aipatu gabe, ezta ere, gizarte zerbitzuak, Osakidetza bera eta osasun zerbitzuetako pertsona guztiak. Arduradun, mediku, erizain, zaintzaile nahiz langile guzti-guztiak”, goraipatu du.

Aldi berean, Olanok gogoan izan ditu gaurkoan ere zaharren egoitzetan COVID-19aren eraginez hildako egoiliarrak eta “elkartasun hitzak helarazi dizkie haien senitarteko eta lagunei. “Familiek ere une gogorrak pasa dituzte. Sufrimendu handia izan da, bereziki sakona pandemiaren hasierako hilabete haietan. Hala adierazten dugu”, baieztatu du.

Bere hitzaldian azpimarratu duenez, “lankidetza eta sarean egindako ahalegina” dira, hain zuzen ere, pandemiari aurre egiteko garaian Gipuzkoan nabarmendu diren ezaugarriak. “Komunitate izaera horri eutsi beharrean gaude”, adierazi du. Batetik, “birusaren aurkako dema oraindik ez dugulako irabazi” eta herritar guztien osasunaren alde egiten jarraitzea “beharrezkoa” delako. Bestetik, are eta azkarrago aldatzen ari den mundu honetan, “elkartasuna eta elkarlanaren” balioetan sakontzea nahitaezkoa delako, horrela “desberdintasun sozialak mugatuko dituen gizarte justu bat eraikitzen jarraitzeko”.

“Elkartasunak egiten gaitu gizarte, pertsonez osatutako komunitate. Elkartasunik gabe, ez da gizarterik, ez da bizikidetza sano eta demokratikorik. Lehentasun indibidualez osatutako batuketa hutsal bihurtzen gara. Arimarik gabeko herri. Aurrerantzean ere lurralde aurreratu eta kohesionatu izan nahi badugu, ezinbesteko baldintza da benetako elkartasuna”, aldarrikatu du diputatu nagusiak, zeinek berretsi duen Gurutze Gorriaren Donostiako Zentro Soziosanitarioko lan taldeak “bete betean hezurmamitzen” dituela printzipio horiek guztiak.

Sari emate partekatua

Zentroak, pandemiaren unerik kritikoenean, momentu hartan bere instalazioetan zeuden egoiliarren eta senitartekoen ulermenari eta laguntzari esker, egoitza hustu eta 130 ohe COVID-19aren arretara bideratu zituen. Martxoaren 23an iritsi ziren lehenengo gaixoak eta azken altak maiatzaren 8an eman ziren; bitarte horretan, guztira 89 pertsona artatu ziren. Lantalde guztiaren izenean, Urrezko Domina jaso dute Josefa Caballerok (zaintzailea), Josune Zabalegik (erizaina), Blanca Sanchezek (garbitzailea) eta Antxon Amunarrizek (zentroko zuzendaria).

Amunarrizek, Gurutze Gorriko langile guztien izenean, adierazi du “ohore” bat dela Urrezko Domina jasotzea. “Errekonozimendu hau zentroan lan egiten duten 140 pertsonena da, batez ere ahalegin pertsonaleko hilabete horietan bertan egon zirenei. Gurutze Gorriak ehun urte baino gehiago daramatza Donostian. Gurutze Gorria beti egon da hor, eta beti egongo gara hor gizarteak behar gaituenean”, adierazi du.

Ekitaldiaren aitzinean, lantalde osoaren 23 ordezkariri harrera egin die diputatu nagusiak Gipuzkoa Plazan. Dantzariek ezpata-dantza eskaini diete guztiei, ondoren ohorezko arku batean barrena foru jauregira sartu aurretik. Bertan zain izan dituzte foru gobernua osatzen duten diputatu guztiak, nahiz gainontzeko gonbidatuak.

Osasun segurtasun gomendio guztiak betez egindako sari ematea izan da. Maitena Salinasek aurkeztu du eta argentinar jatorriko Andoni Martínez de Ustaranen kitarrak eta Sebastian Ustarrozen ahotsak girotu dute. Besteak beste, Mario Benedettiren, Xabier Leteren eta Miren Agur Meaberen olerkiak entzun ahal izan dituzte domindunek. Laudatio izeneko hitzaldia, berriz, Felix Zubia medikuak egin du, Gurutze Gorriko boluntario eta Donostia Ospitaleko ZIUen arduradunak.

Laudatio hitzaldian, Zubiak gogorarazi du Gurutze Gorriko zentro soziosanitarioko kideek “karga ikaragarria” hartu zuten beren gain, bereziki zaurgarriak ziren pertsonen “senide, esku, begi eta bihotz” bilakatu baitziren. “Lan horri esker, osasun sistemak aurrera egiten jarraitu ahal izan zuen. Gaixo zeuden pertsona haiek merezi zuten zaintza eskaini zieten. Beraien etxea zuek izan zineten. Babesa, aterpea. Urre gorria balio duzue”, eskertu die zarauztar medikuak.

Ekitaldia bertatik bertara jarraitu dute, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, Bakartxo Tejeriak; Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak, Xabier Ezeizabarrenak; eta Donostiako alkateak, Eneko Goiak. Publikoan ziren, baita ere, Gurutze Gorriaren EAEko eta Gipuzkoako lehendakariak, Estibaliz Arnaiz eta Sonia Archeli, hurrenez hurren. Aurreko urteetan Urrezko Domina jaso duten Aspegi Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpesari Elkarteko ordezkari bat –Nerea Ibañez presidentea– eta Jose Antonio Urbeltz ere bertan izan dira.

  

2353