Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour «Bookstart Gipuzkoa» ipuin, abesti eta errimekiko maitasuna jaiotzetik sorrarazteko programa

«Bookstart Gipuzkoa» ipuin, abesti eta errimekiko maitasuna jaiotzetik sorrarazteko programa

Haur bakoitzak LiburuPack bat jasoko du, urtero liburu sorta bat, kosturik gabe, bere adinari eta premiei egokitua.

Bookstart Gipuzkoa

Haurtxoekin liburuak, abestiak eta errimak partekatzeak onura asko dakartza hizkuntzan, ikaskuntzan eta gizarte-trebetasunen garapenean.

Harkaitz Millan Kultura eta Lankidetzako diputatuak, Ernesto Gasco haurren pobreziaren aurkako Gobernuaren goi komisarioak, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, Ana Molina Mestiza elkarteko presidenteak, eta Eneka Iribarren Mondragon Unibertsitateko Leinn Graduko ikasleak haurrei bideratutako irakurmen-sustapeneko ‘Bookstart Gipuzkoa’ programa aurkeztu dute Ordizian.

‘Bookstart Gipuzkoa’ programa pilotu bat da, 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzat egina, eta haren helburua da ‘Bookstart’ esperientzia Gipuzkoara ekartzea. Horretarako, familiek liburu sorta bat jasoko dute urtero, kosturik gabe, haurrengan ipuin, abesti eta errimekiko maitasuna jaiotzetik sorrarazteko. Nazioarteko ikerketek erakusten dutenez, liburuak, abestiak eta errimak haurrekin partekatzeak onura asko dakartza hizkuntzan, ikaskuntzan eta gizarte-trebetasunen garapenean.

Proiektu hau abian jartzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak lankidetza hitzarmen bat sinatu du Mestiza elkartearekin, eta guztira 10.000 euro bideratuko ditu.

Harkaitz Millan Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak adierazi duenez, «helburua da familiak eta legezko tutoreak bultzatzea eta motibatzea beren seme-alabekin liburuak, ipuinak, abestiak eta errimak parteka ditzaten bizitzako lehen urteetatik. Proiektu hau premisa erraz batean oinarritzen da: egunero irakurtzen diren liburuen sarrera goiztiarra duten neska-mutilek onura jasotzen dute hezkuntzaren, kulturaren, gizartearen eta emozioen aldetik. Gizartearen eta azpiegitura publikoen artean zubia egin nahi dugu, guztiek hezkuntza- eta kultura-baliabideak eskuratzeko aukera berdinak izan ditzaten».

Ernesto Gascok, haurren pobreziaren aurkako Gobernuaren goi komisarioak, adierazi duenez, «lehen haurtzaroan haurrei irakurketa hurbiltzeak oso eragin positiboa du haien garapenean eta eskola errendimenduan, bai eta gizarte-trebetasunetan ere, batez ere baliabide gutxiagoko etxeetan bizi diren haurren kasuan. ‘Bookstart Gipuzkoa’ programak ziurtatzen du haurrek aipatutako onurak lortzen dituztela, haien egoera sozioekonomikoa edozein izanik ere».

Ordiziako alkateak, Adur Ezenarrok, berriz, «ohorea» nabarmendu du, ekimen horrekin herrian hastea ekarri baitu: «Ordizian, herritarren artean irakurketa sustatzeko ekimenekin konprometituta gaude, izan ere, irakurketak eragin oso positiboa du. Hori dela eta, uste dugu ez dagoela ohitura on horri ekiteko modu hoberik bizitzako lehen

urteetan, beti haur guztien beharrak kontuan hartuz eta pertsona guztien gizarteratzea bultzatuz».

‘Bookstart Gipuzkoa’ programako liburu pakete bakoitzak, aurrerantzean LiburuPack izenekoak, 3 liburu izango ditu hiru hizkuntzatan, euskara, gaztelania eta ingelesa, eta, horrez gain, irakurketaren, errimen eta abestien onurari buruzko informazioa. 0-2 urteko haur bakoitzak LiburuPack bat jaso ahal izango du, adin eta behar desberdinetara egokia. Liburutegiei buruzko informazioa ere ematen da, eta bai ere haurtxoei zuzendutako Liburu Baby Klubak irakurzaletasuna sustatzeko egiten dituen jarduerei buruzko informazioa. ‘Bookstart Gipuzkoa’ programaren arabera, funtsezkoa da eskaintza inklusiboa ematea haurrei eta haien familiei; horregatik, premia bereziak dituzten haurrentzat liburuak eransteko aukera ere eskaintzen du. Eskari desberdinetara egokitzeko ahalegina eginez, liburu sorta hauek eskaintzen dira: LiburuPack haur gorrentzat; LiburuPack haur itsuentzat edo ikusmen-zailtasunen bat dutenentzat; eta LiburuPack jarduera motore finak egiteko zailtasunak dituzten haurrentzat.

Proiektuan Gipuzkoako bi gaztek parte hartu dute: Ane Loinazek, logoaren diseinuan, eta Eneka Iribarrenek, proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa eginez. Ane Loinaz kultura-ondasunak kontserbatu eta zaharberritzeko 4. mailako EHUko ikasle hernaniarra da, eta baita ilustratzailea ere; "Bookstart" programak proiektuan parte hartzera bultzatu du eta, horretarako, logoa diseinatu du Gipuzkoako basoetako trikuaren irudia erabilita. Bestetik, Eneka Iribarren, hernaniarra ere, Leinn Graduko ikaslea da Mondragon Unibertsitatean, eta baita ere futbolaria eta Hernaniko neska-mutilen futbol taldeko entrenatzailea.

Proiektuaren jatorria

‘Bookstart’ proiektua 1990eko hamarkadaren hasieran jarri zen abian Erresuma Batuan, eta horixe izan zen liburuak oparitzeko munduko lehen programa nazionala, Ingalaterrako BookTrust irakurketa sustatzeko fundazioak zuzendutakoa. 2000. urteaz geroztik, Europako hainbat herrialdetan garatu da programa hori. Gaur egun, ‘Bookstart’ programak EURead Europako Kontsortzioak koordinatutako sare orokor bat du, irabazi-asmorik gabeko Europako 22 herrialdetako 31 antolakundek osatutakoa (Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Danimarka, Eskozia, Espainia, Finlandia, Grezia, Hungaria, Irlanda, Italia, Lituania, Malta, Norvegia, Herbehereak, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika eta Suitza). Antolakunde horiek agintari nazionalen babespean lan egiten dute, gizarteko sektore guztien parte-hartzearekin, arduradun politikoak, elkarteak, eskolak, haurtzaindegiak, pertsona ospetsuak eta enpresak barne.

‘Bookstart’ proiektuaren nazioarteko ekimenaren xedea EURead Europako Kontsortzioaren aliantza da, eta Asociación Artística-Sociocultural Mestiza elkartea aliantza horren kide da 2018az geroztik. Irakurketa sustatzera bideratutako Europako erakundeen kontsortzioa da EURead, eta kontsortzio horren iritziz, irakurketa ezinbesteko baldintza da kulturalki hain ezberdina den egungo gizartean bete-betean parte hartu ahal izateko.

  

3421