“Elkarlana jarri dugu gure gobernantza ereduaren oinarrian, beharrezko baitzaigu gizartearekin harremanak estutzea”
“Elkarlana jarri dugu gure gobernantza ereduaren oinarrian, beharrezko baitzaigu gizartearekin harremanak estutzea”
“Elkarlana jarri dugu gure gobernantza ereduaren oinarrian, beharrezko baitzaigu gizartearekin harremanak estutzea”
Diputatu nagusiak ‘Gobernantza elkarlanekoa eta irekia’ uda ikastaroaren irekieran hartu du parte, 200 pertsonatik gora erakarri dituen topaketa
Elkarlanean oinarritutako kudeaketa eredua jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldearen gaur eta biharko erronkei aurre egiteko estrategiaren erdigunean. Horrela nabarmendu du gaur diputatu nagusiak, Markel Olanok, foru erakundeak EHUko uda ikastaroen baitan antolatu duen Gobernantza elkarlanekoa eta irekia kurtsoaren lehen egunean. “Erakunde publikoetako arduradunok jarrerak aldatu eta gizartearekin harremanak estutu behar ditugu, eta hau nola egin zehaztean daukagu erronka”, adierazi du, gogoratuz jardunaldiaren helburua nazioarteko esperientzia aurreratuenetatik ikastea dela.
Topaketa Donostiako Miramar jauregian egin da, eta 200 lagunetik gora erakarri ditu, gai honek gizartean sortzen duen kezka eta interesaren adierazle. Bertan izan dira, beste hainbat entzuleren artean, foru Gobernuko kideak; Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Eider Mendoza; Donostiako alkatea, Eneko Goia; EHUko errektorea, Iñaki Goirizelaia; eta lurraldeko gizarte antolatuko beste hainbat ordezkari.
Parte hartu dutenen artean maila handiko hizlariak egon dira, Hillary Clintonekin AEBtako Estatu idazkariorde izan zen James Steinberg esaterako. Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatuak, Denis Itxasok, ezberdinen arteko ulermenean jarri du arreta, “gobernantza berriak akordioaren garrantzia balioan jartzea eskatzen duela” iritziz. Xabier Barandiaran, diputatu nagusiaren Kabinete buruak, Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren xehetasunetan jarri du azpimarra eta Torontoko Civic Action Alliancen buru den Rod Phillips kanadarrak bere erakundearen lan eta esperientziaren berri eman du. Azkenik, Miren Larrea Orkestrako kideak itxi du eguna.
Olanok, bere hitzaldian, gobernantzaren gaiak Gipuzkoak egun bizi duen testuinguruan duen berebiziko garrantzia gogoratu du. “Krisialdi ekonomikotik irteten ari garela dirudi, eta gatazka gainditzen. Beraz, erreferentziak behar ditugu gai hauek umiltasunez landu eta etorkizunean eztabaidatu eta erantzuna emateko”. Diputatu nagusiak gogoratu duenez, lurraldeak “atasko” egoera bizi izan du azken urteetan, eta orain foru Gobernuari dagokio ardurari eutsi eta herritarrei lidergoa eskaintzea. “Elkarlana jarri nahi dugu kudeaketaren oinarrian, lurraldean elkarlaneko gobernantza eredua martxan jarriz”, adierazi du.
Ideia honetan sakonduz, Barandiaranek azpimarratu du lidergo horrek partekatua izan behar duela. “Erakundeok parte izan behar dugu, ezin dugu guk bakarrik eragin, gizarteak dituen arazoek erantzun partekatuak behar baitituzte”, adierazi du. “Gizarteak, beraz, parte hartu behar du”. Ikuspegi honekin jarri du martxan Aldundiak Etorkizuna Eraikiz programa, lurraldeak etorkizunean izango dituen erronka horiei erantzuteko erreminta izatea xede duena.
Ekimen honek bi ardatz nagusi edukiko ditu. Gipuzkoa Lab-en barruan, esperientzia pilotuak jarriko dira abian etorkizuneko proiektuei lotuta, eta Gipuzkoa Taldean-en bitartez, berriz, hausnarketa partekatua egingo da “datozen hamar urteetan Lurraldean martxan jarri beharreko egitasmoen inguruan”. Lau lan talde eratuko dira, Gipuzkoa aurrera ematen duten enpresa, erakunde eta entitateetako pertsonekin. Bi oinarri nagusi hauek osatzeko hiru zeharkako ekimen jarriko dira martxan: Ikergune, mundu akademikoa aktibatzeko; nazioartekotze sarea; eta gizarteratze prozesua.
“Proiektu honekin ikusiko dugu ea gai garen etorkizuna erronkei aurre egiteko”, esan du Barandiaranek, batez ere bi desafio azpimarratuz: alde batetik, ekonomia paradigmaren aldaketaren aurrean “zer egin lehiakorrak izaten jarraitzeko” eta, honen eskutik, aberastasunaren banaketa eta gizarte babesa bermatzen jarraitu. Bestalde, gizarte babes honek eta biztanleriaren zaharkitzeak dakartzaten erronkei eustea. “Eredu hau pertsona askoren lanaren ondorio da, gizarte osoarekin partekatu nahi duguna”.
Hitza da giltza
Steinbergek, bere aldetik, AEBtako Gobernuan lanean egindako denboran izan dituen esperientziak mahai gaineratu ditu, bertako elkarlan publiko-pribatu eredua kasu. Gizarte zibil desmobilizatua nola mugiarazi galdetuta, elkarrizketaren garrantzian jarri du azpimarra. “Hitz egin, entzuna izan eta besteak esaten duena entzuteko gaitasuna. Egun inoiz baino baliabide eta euskarri gehiago ditugu, eta erakundetako eta gizarteko liderrei dagokie aukera hauek baliatu eta iritzi ezberdinak jasotzeko foroak eratzea”, esan du.
Azkenik, gardentasunaren garrantziaz ere ohartarazi ditu erakunde publikok, parte hartzea bermatu eta ustelkeriari aurre egiteko erreminta gisa. “Beharrezkoa da erakundetan egiten dena herritarrekin partekatzea. Ez dauka zentsurik parte hartzearen ikurrina astintzeak parte hartu behar duten horiek ez badute informaziorik”, esan du Steinbergek.
2977