Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour ‘Elkarlekuak’ kanpaina abian da, herritarrek aniztasunean bat egin dezaten

‘Elkarlekuak’ kanpaina abian da, herritarrek aniztasunean bat egin dezaten

Ekimen honekin Foru Aldundiak bere aniztasunaz kontzienteagoa den Gipuzkoa bat lortu nahi du

Gaur aurkeztu da aniztasuneko bizikidetzaren sentsibilizazio kanpaina berria, eta datozen hilabeteetan udalez udal ibiliko da. Elkarlekuak topagune fisiko batzuk eskainiko ditu gure lurraldean dagoen aniztasunaren aitorpena sustatzeko, herritarrei aurrez aurre egoteko aukera emanez. Markel Olano diputatu nagusiak eta Maribel Vaquero Bizikidetzako eta Giza Eskubideetako foru zuzendariak gaur inauguratu dute Elkarlekuak ekimenaren lehen topagunea, Donostiako Gipuzkoa plazan kokatuta dagoena.

Sentsibilizazioko ekimen hau gure lurraldean aitzindaria izan den aniztasuneko bizikidetzaren lehen foru planaren barruan kokatzen da, zeinak lehen urtea bete baitu, eta gaur lehen urte horren balantzea eskaini da. Gipuzkoako Foru Aldundiak “,erakunde gisa, pauso sendoak eman ditu aniztasunaren eta diskriminaziorik ezaren aldeko politiken zeharkakotasuna bermatzeko, diskurtsoetatik ekintza zehatzetara igaroz”, nabarmendu du Markel Olanok.  Zenbait ekimenen bidez, “aurten aurrerapenak egin dira lehen ikusezin bihurtuta zeuden taldeek beren errealitateari buruzko ikerketak egin ahal izateko, topaketak sustatzeko edo zuzeneko lekukotzarekin parte hartzeko ekimen eta foro ezberdinen bitartez”.

Era berean, lehenengo urte honek balio izan du egiaztatzeko “beharrezkoa dela herritarrentzako topaguneak sustatzea eta gure aniztasuna aitortzea”, eta horrexegatik sustatu da kanpaina berri hau, zeinaren helburua izango baita “jendartean areagotzea askotariko gizarte batean bizi garelako pertzepzioa, aurrez aurreko erlazioa bultzatuz, talde edo kolektiboekiko aurreiritziak kolektibo horretako kideak ezagutzen direnean desaktibatzen baitira”. Elkarlekuak topaguneak martxora bitartean zabalduko dira Gipuzkoako udalerri batzuetan, gai honen inguruan sentsibilizatzeko eta topaketa horiek sustatzeko elkarlaneko jolasen, kultur jardueren eta kolektiboen eta herritarren arteko topaketen bidez.

 

Aniztasuna, identitate ikur gisa

Markel Olano diputatu nagusiak, bere hitzaldian berretsi egin du Foru Aldundiaren apustua “Gipuzkoako aniztasunaren kudeaketa positibo eta demokratikoaren alde”. Horretarako, politika publikoen bidez diskriminaziorik eza bultzatzeko kudeaketa lana egingo du, pertsonak eskubide eta betebeharren subjektu gisa hartuz”. Diputatu nagusiaren ustez, “hori da ultraeskuindarrek zabaltzen dituzten mezuen aurreko defentsarik onena, mezu horiek kalte egiten baitiote aniztasunari eta mehatxu modura aurkezten baitute”. “Etorkizunera begirako lana izango da aukera berdintasunen aldeko defentsa ona egitea, desberdintasun gutxiago eta kultura politiko demokratikoa izango duen Gipuzkoaren alde” adierazi du Olanok.

 

Ikusgaitasuna, ikerketa eta elkarretaratzea

Foru Planaren muina hori izanik, Bizikidetzako eta Giza Eskubideetako zuzendariak azaldu ditu zuzendaritzak bultzatutako ekimenen bidez aurten lortu diren mugarriak, eta, hasteko, nabarmendu du kolektibo desberdinen eguneroko errealitatera hurbiltzeko egindako lana. Modu horretan, osatzen hasi da orain arteko datu eta ikerketa falta, askotan erabakiak hartzea edo zenbait alorretan politika egokiak diseinatzea galarazten duena. Aurten egin da Gipuzkoako LGTBI+ pertsonekiko diskriminazioari buruzko lehen ikerketa, gure lurraldean egiten den mota horretako lehena, eta bertan 450 pertsonek hartu dute parte.

Lankidetza estuan aritu gara inplikatutako Gipuzkoako gizarte erakundeekin, ikerketa eguneratuak egiten, eta datozen asteetan horien berri emango da. Elkarte eta erakunde horien artean daude Gehitu, SOS Arrazakeria, EHU, Eusko Ikaskuntza, eta Eusko Jaurlaritzaren Biltzen sarea, besteak beste; eta, Bizikidetzako eta Giza Eskubideetako Zuzendaritzarekin batera, elkarren ondoan lan egin dute aurten, baita nazioarteko sare eta foroetan ere, hala nola tokiko gobernuen UCGL sarean eta Madrilgo Foro de las Violencias Urbanas foroan.

Foru zuzendaritzak arreta berezia jarri du gizarte eragile, mundu akademiko eta erakundeekin topagune eta foro desberdinak sustatzen, eta ikerketa bereziak egin dira gai desberdinen inguruan, hala nola atzerritarrek etxebizitza bat aurkitzeko dituzten zailtasunei buruz, udaltzainentzako prestakuntzari buruz edo aniztasuneko bizikidetzaren inguruko gaietan udal batzuk egindako eskaera bereziei buruz. 18 udalerrik diru laguntzak jaso dituzte aniztasunaren inguruko ekimenak berariaz lantzeko, eta 31 elkartek ere diru laguntzak jaso dituzte 2018an, planaren barruan. Foru zuzendariak aurreratu duenez, tokiko entitateei eta udalei zuzendutako lana izango da 2019an sakonduko den lan ildoetako bat, ekimen desberdinen bidez. Ekimen horietako bat Elkarbizi sarea da, non udaletako teknikariek parte hartzen baitute, eta bertan udalek diskriminazioaren, errefuxiatuen edo berdintasuneko nahiz zeharkakotasuneko gaien aurrean erantzuten jakiteko beharrezkoa den prestakuntza sustatzen baitute.

            Maribel Vaquerok, halaber, nabarmendu du gazteenei zuzendutako lana, “oso onarpen ona” izan duten bi programekin: Aniztasunetik Eraikiz, aniztasuna ikasgeletara eraman duen programa, lurraldeko 10 ikastetxetan zuzeneko lekukotzak eskainiz, 14 eta 15 urteko 400 ikasleri; eta DemoGazte, ehun bat gazte migrazioaren inguruko proposamen politiko bat lantzen ari dira, kultura politiko demokratikoari eta herritartasun kritikoari buruzko ariketa praktiko modura. 

            Bukatzeko, Vaquerok azpimarratu nahi izan du lehenengo urrats hauek eta erakundeetan aniztasunaren aldeko lanaren ikuspegia “hasi besterik ez dela egin”, eta nabarmendu du erakunde publikoetan gero eta presentzia handiagoa hartzen joango diren politika eta planen beharra, “emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna gaur egun erakundeen jarduera ildo nagusietako bat den bezala”. Vaquerok balioan jarri du Gipuzkoako Foru Aldundia arlo honetan “aitzindari gisa” egiten ari den lana, eta berretsi egin du “erakundeek, giza eskubideetan eta horien kudeaketa demokratikoan oinarrituta, aniztasunaren alde egiten duten lana sakontzen jarraitzeko konpromisoa”. Lan hori areagotu egingo da 2019an, udalen eta euskal erakundeen laguntzaz.

  

1759