“Emakumeak eta Itsasoa” erakusketak emakumeen jarduera aldarrikatzen du
“Emakumeak eta Itsasoa” erakusketak emakumeen jarduera aldarrikatzen du
Museoak berak produzitutako aldi baterako erakusketa honek emakumeek historian zehar itsasoarekin izan duten harremana jakinarazten dio jendeari.
- Denis Itxaso: “Emakumeek historian zehar izan duten parte hartzea ikusgai jarri eta horren aitorpen publikoa egin behar da”
- Pablo Berástegui: “Donostia 2016 egitasmoak hiriburutzaren balioak, besteak beste, berdintasuna, sustatzen dituzten lurraldeko kultur eragileek egindako proposamenak babesten ditu”
Denis Itxaso Kultura diputatuak, Pablo Berástegui Donostia 2016ko zuzendari nagusiak eta Soco Romano Untzi Museoko zuzendariak arratsaldean inauguratuko duten Emakumeak eta Itsasoa erakusketa aurkeztu dute gaur goizean. Erakusketa Donostia 2016ko Elkarrizketak lerroaren barruan dago eta azaroaren 19ra arte egongo da zabalik.
Aurkezpenean Itxasok adierazi du Kultura Departamentuak Donostia kultur hiriburua dela aprobetxatu nahi izan duela emakumeak ikusgai jartzeko, itsasoarekin zerikusia duten jardueretan egin duten ekarpena ezagutarazteko, eta hausnarketa bat egiteko, errealitate batzuk ezagutzera eta beste batzuk kontuan ez hartzera eramaten gaituzten eredu kulturalei buruz.
“Ikusezintasuna arazo bat eta bidegabekeria bat da, eta, oro har, genero maskulinoarekin lotu izan diren zenbait esparruri eragiten die bereziki. Erakusketa honek aurrez ditugun ideiak eraisten dizkigu eta erakusten digu itsasoak ere harreman estu-estua duela emakumeen bizitzarekin eta eguneroko bizimoduarekin" adierazi du Itxasok.
“Emakumeak eta Itsasoa” erakusketak nabarmentzen du itsasoarekin lotutako jardueretan emakumeen parte hartzea ez dela aintzat hartu gehienetan, eta ematen zaiena baino zeregin garrantzitsuagoa izan dutela: sareak eta aparailuak konpontzen, arraina saltzen, edo hain ezagunak ez diren beste jarduera batzuk egiten, esate baterako, itsasontziak eta eskifaiak kudeatzen edo armadore funtzioak betetzen. Zeregin horiek, gainera, bereziki nabarmenak izan dira euskal kostaldean.
Itxasorentzat “oso garrantzitsua da emakumeek historian zehar bete duten papera ezagutzea, batez ere gure historian, hori ezagututa bakarrik balioetsi daitekeelako horrek duen garrantzia, eta horren aitorpen publikoa egin”.
“Erakusketak balio du errealitate hori ikusgai jartzeko, zabaltzeko eta emakumeen ekarpena balioesten eta ezagutzen laguntzeko. Erreferentzia berriak sartzeko ere urrats garrantzitsua da, horrela, datozen belaunaldiek gure historiaren zati hori ezagutzeko aukera izango dute eta emakumeek izan zuten benetako papera ezagutuko dute, egin zuten ekarpenari eta izan zuten garrantziarekin bat” azaldu du.
Pablo Berastegik Donostia 2016 egitasmoak lurraldeko kultur eragileek egindako programazioa babesten duela nabarmendu du. “Horregatik, hain zuzen ere, sortu zen Elkarrizketak lerroa: Donostian eta Gipuzkoan lan egiten duten eragileen, espazioen, sortzaileen eta kultur programatzaileen artean konplizitateak sortzeko” gaineratu du.
“Aurten Untzi Museoaren 25. Urteurrena ospatzen da. Horregatik, 2016 egitasmoak ez du inolako zalatzarik izan eta erakusketari bere babesa eman dio Berasteguik esandakoaren arabera. Izan ere, erakusketa honek Hiributzari bere balioak, kasu honetan berdintasunaren balioa, zabaltzeko aukera eman bait dio.
“Emakumeak eta Itsasoa”
Museoak berak produzitutako aldi baterako erakusketa honek emakumeek historian zehar itsasoarekin izan duten harremana jakinarazten dio jendeari, antzinatik itsas munduaren imaginarioan eta mitologian bete zuten lekua ahaztu gabe. Erakusketak gaiaren hurbilketa bat eskaintzen du, ikuspegi orokorretik abiatuta, baina arreta berezia jarriz Euskal Herriari dagokionez.
Emakumeen eta itsasoaren arteko harremana sakona eta modu anitzekoa izan da historian zehar. Itsaso ekonomiari dagokion esparruan emakumeek beren ahalegin eta antolakuntza ahalmenaren ekarpena egin dute mendeetan zehar. Beren lanak gizarte izaerako alor garrantzitsuak bete ditu komunitate arrantzale eta itsastarretan. Itsaso eginkizunetan emakumeen parte hartzearen garrantzia eztabaidaezina izanik ere, bere ekarpena aintzat hartzean, ordea, gabezia dagoela ezin da zalantzan jarri.
Antzinatik datozen, eta batzuek oraindik ere irauten duten, mito eta sineskeria ugarik bermatzen dute emakumeen lotura itsasoarekin. Taburik zabalduenetakoa emakumeek ontzi barruan ekar zezaketen zori txarrarena zen eta, hala ere, han zeuden XVI. mendean Ameriketara bidean abiatzen ziren itsasontzietan.
Laguntzaile bezala edo gizonezkoen arropaz jantzita –beren emakume izaera ezkutatzeko– edo, pirata legez bai eta ere, ibili dira emakumeak itsasoan. Ezin da ahaztu, ez eta ere, emakumeen parte hartzea ontzigintzako negoziotan, kortsario jardunean eta arrantzaldietan.
Emakumeen lana funtsezkoa izan da portuetan eta arrantzan. Portuetan batelari, zirgari eta kargaketari lana destajuz egiteaz gain, komunitate itsastarretan, etxe eta familiaren zaintza eta etxeko ekonomia batzen saiatzen ziren lan ezberdinekin: marisko lana, arrantzako arteen mantenua, arrainaren deskarga, enkantea eta salmenta, kontserba fabriketako eskulana…
Gizarte aldaketekin erronka berriak sortu dira emakumeek eragotziak zeuzkaten lan eta kirol jardueratara guztiz inkorporatzeko. Orain merkataritza nabigazioan eta armadetan daude; enpresa eta kofradien kudeaketan postu garrantzizkoetan daude eta bela, surf edo arraun lehiaketetan gogotsu hartzen dute parte.
Erakusketaren komisarioak José Mª Unsain eta Soco Romano dira, eta EHUko irakaslea den Olga Macíasen aholkularitza historikoa izan dute. Elena Odriozolak –Espainiako Ilustrazio Sari Nazionala 2015– ere parte hartu du, berak egin baitu erakusketaren diseinu grafikoa.
Erakusketan grabatuak, margolanak, argazkiak, zinopariak, material arkeologikoa, jantziak, kartelak, liburuak, foiletoak, garaiko aldizkariak, panel informatiboak eta ikusentzunekoak ikusgai daude. Material hauek Gipuzkoako Foru Aldundiko fondoetatik datoz hein handi batean, Koldo Mitxelenakoak edota Gordailuan gordetzen diren urteen zehar Untzi Museoak berreskuratu dituen materialak. Beste hainbat erakundek ere maileguan utzitako piezak daude: San Telmo Museoa, Bilboko Euskal Museoa, Kutxa Fundazioa, Arabako Arte Ederren Museoa, etab. Bilduma partikularretatik datozen obrak ere erakutsiko dira. Besteak beste, egile hauen obrak izango dira ikusgai: Aurelio Arteta, Julio Caro Baroja, Ramón de Zubiaurre, Darío de Regoyos edota Dora Salazar.
Erakusketa atal tematiko hauetan egituratzen da:
- Itsaslaminak, birjinak eta sorginak
- Emakumeak eta itsasontziak
- Piratak eta kortsariak
- Portuko lanak: batelariak, kargaketariak eta zirgariak
- Arrantzaren inguruan
- Itsasoko bainuak
- Uretako kirolak
Erakusketa DSS2016EUko programazioko “Elkarrizketak” lerroaren barnean kokatzen da.
Erakusketak Kutxa Fundazioaren babesa du.
DATU PRAKTIKOAK:
Erakusketaren datak: 2016ko urtarrilaren 29tik azaroaren 19ra.
Ordutegia: Asteartetik larunbatera: 10-14 / 16-19
Igande eta jaiegunetan: 11-14
Astelehenetan itxita
Tarifak: Sarrera orokorral: 3,00 €
Ikasleak eta jubilatuak: 1,50 €
Sarrera dohainik 14 urtetik beherakoentzat
Ostegunetan, sarrera doan
Bisitaldi gidatuak eta programa didaktikoak: taldeei zuzenduak. Talde bakoitzaren beharretara egokitutako bisitaldi gidatuak.
Programaturiko jarduera osagarrriak:
- Emakume Langileen Nazioarteko Egunagatik tailerra: Marisa Egañak gidatuko du familientzat zuzenduriko sormena tailerra. 2016ko martxoaren 12a, larunbata.
- Ilustrazio tailerra: erakusketaren diseinu grafikoa egin duen Elena Odriozola ilustratzaileak zuzendurikoa. 2016ko maiatza.
- Kafe-solasaldia “Emakumeak eta itsasoa” erakusketaren inguruan. 2016ko maiatza.
- Dantza emanaldia: Pasaiako bateleren omenez. 2016ko maiatza. Untzi Museoaren 25. urteurrenarekin batera.
- Tailer pedagogikoa “Maskulinoa/Femeninoa. Sirenak eta itsasgizon zailduak”. 2016ko ekaina-iraila.
1859