“Emandako hitza bete dugu, Gipuzkoa sendoagoa da orain eta bere etorkizuna lantzen hasi da jada”
“Emandako hitza bete dugu, Gipuzkoa sendoagoa da orain eta bere etorkizuna lantzen hasi da jada”
Foru Gobernuak Gipuzkoa geldialditik ateratzea lortu duela esan du diputatu nagusiak, eta orain etorkizuna lantzen ari dela Etorkizuna Eraikizen bitartez
Foru Aldundiak “duela lau urte Gipuzkoako herritarrei eman genien hitza bete dugula” nabarmendu du gaur goizean Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok, legealdi hasieran jarritako helburu guztiak betetzea lortu baitu. Ekonomiaren berrindartzea eta krisia gainditzea, gizarte ezberdintasunak murriztea, lurraldea modernizatzeko beharrezkoak ziren azpiegiturak martxan jartzea, elkarlaneko gobernantza eredu berriarekin lan egitea eta balore, jarrera eta jokaera demokratikoetan sakontzea bezalako arloetan lortutako aurrerapausoak nabarmendu ditu foru arduradunak. “Gipuzkoa blokeotik atera arazi dugu, etorkizunera begira jarri dugu eta, gainera, herritarrekin elkarlanean egin dugu. Gipuzkoa orain lau urte baino lurralde sendo eta kohesionatuagoa da”, nabarmendu du.
Azken lau urteetan Aldundiaren gobernu jarduna gidatu duen 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoaren balantze ekitaldiko protagonista izan da diputatu nagusia. Ekitaldia Donostian egin da gaur goizean, Tabakaleran, eta 150 lagun inguru elkartu dira. Bertan izan direnen artean, foru Gobernuko diputatu denak eta lurraldeko eragile sozial, ekonomiko eta kulturaleko hainbat ordezkari. Beste zenbaiten artean, Kutxabankeko presidenteorde den Xabier Iturbe; ADEGIko presidente den Eduardo Junkera; Deustuko Unibertsitateko errektore den Jose Maria Gibert; UPV/EHUko errektoreorde den Agustin Erkizia; Gipuzkoako Bazkundeko presidente den Pedro Esnaola; Eusko Ikaskuntzako presidente den Iñaki Dorronsoro; eta Gautenako presidente den Juan Cid.
Olanok, bere hitzaldian, legealdiaren hasierara jo du, gogoratuz hasierako agertokia “erronka ikaragarriz” beteta zegoela: alde batetik, Gipuzkoa katigatuta zegoelako arlo sozial, ekonomiko eta politikoan; eta, bestetik, Aldundia eta herritarrak elkarrengandik inoiz baino urrunago zeudelako. “Jarrera umila eta elkarlanerako prestutasun osoz ekin genion legealdiari, eta gure misioa zein zen oso argi geneukala: Gipuzkoa gizarte, hizkuntza eta genero ezberdintasun gutxien duten artean kokatzea”, azaldu du.
Helburu hau lortzeko, legealdiko lehen hilabeteetan jarri zuen martxan 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoa Aldundiak. Ekimen honen bitartez, hainbat proiektu mahai gaineratu ziren, lurraldeak dituen egungo eta biharko erronkei erantzuteko. Krisi ekonomikoa zen garrantzitsuenetakoa eta, horregatik, legealdiko lehen urtean jarri zen martxan Ekonomia Suspertzeko Plana, legealdian zehar 200 milioi euroko inbertsioa egin duena. “Ekimen honen bitartez, 10.000 enpresa, eragile eta zentro babestu ditugu, eta emaitzak agerikoak dira”, esan du Olanok, enpresen salmentek edota langabeziak izan duten beheraka (4,9 puntutan murriztu da 2015 eta 2019 artean) azpimarratuz.
Ekonomiarekin batera, gizarte politika izan da diputatu nagusiaren hitzaldiko puntu nagusietakoa. Olanok azpimarratu duenez, Gipuzkoako zerbitzu sozialen eredua indartu da legealdi honetan. Foru arduradunak balioan jarri ditu zahartzeari ematen zaion arretaren arloan eman diren aurrerapausoak Kabia proiektuaren bitartez, alor honetan estrategia integrala bultzatzen ari den; eta gizarte bazterkeriaren aurkako borrokan egindako lorpenak Elkar-EKIN planaren eskutik, enplegua sustatuz marjinazio sozialari aurre egitea xede duen ekimena.
Hondakinen kudeaketa eta errepide sarea amaitzea izan dira foru arduradunak nabarmendu dituen beste puntuetako bi. Esan duenez, bi kontuak “katigatuta” zeuden, eta lurraldeari aurre egitea galarazten zioten. Honela, gogoratu du Gipuzkoako Ingurumen Gunea udaran jarriko dela martxan, eta hondakinen auziari behin betiko konponbidea emango diola. Deskargako errepide berria, bestalde, datozen asteotan zabalduko da, Gipuzkoa Biribilgunea delako amaituz. Azpiegitura honi esker, gipuzkoar guztiek izango dute edukiera handiko errepide bat beren herritik 15 kilometro baino gutxiagora.
Etorkizuna Eraikiz
Olanok azaldu duenez, legealdi hasieran Gipuzkoak zituen erronkak bideratu ostean, etorkizuna lantzen hasteko dinamikak jarri zituen martxan Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz proiektuan gorpuztu zirenak. Testuinguru, nabarmendu du “nola egin dugu zer egin dugun bezain garrantzitsua” izan dela. Honela, azaldu du foru erakundeak kudeatzeko eta politika egiteko modu berri bat ekarri duela Gipuzkoara: gobernantza eredu berria, elkarlanekoa eta irekia, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren ezaugarri nagusietakoa dena. “Proiektu hau, azken finean, gizarte berrikuntzako ariketa erraldoia da, gaurtik biharko Gipuzkoa eraikitzea xede duena eta, batez ere, ahalik eta eragile eta herritar gehien inplikatuz lan egitea nahi duena”, esan du.
Era batera edo bestera, 33.000 pertsonak hartu dute parte jada Etorkizuna Eraikizen eta, diputatu nagusiak nabarmendu duenez, ehunka dira ekarpenak egiten ari diren eragile sozial eta ekonomikoak. “Proiektu honi esker, Gipuzkoak agenda politiko berria dauka, garai berriak eskatzen dituzten behar eta erronka berriekin bat datorrena”, esan du Olanok. Horrela, agenda berri honek zibersegurtasun industriala, gizartearen zahartzea edota mugikortasun elektrikoa bezalako gaiak jasotzen ditu. “Aldaketa garaietan bizi gara, eta denok galdetzen diogu geure buruari nolakoa izango den gure zahartzaroa, diesel automobila saldu beharko ote dugun edota gure seme-alabek euskaraz biziko al duten beren aisialdia. Galdera guzti hauei nahi die erantzun Etorkizuna Eraikiz ekimenak”, adierazi du.
Honela, esan du Etorkizuna Eraikiek sei erreferentzia zentro jarri dituela martxan: ZIUR (zibersegurtasuna), Adinberri (zahartze osasuntsua), Mubil (elektromugikortasuna), LABe (gastronomia digitala), 2deo (euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza) eta Naturklima (klima aldaketa). Ekimen hauen guztien helburua Gipuzkoa nazioarteko erreferente egitea da, lurralde mailan zein nazioarte mailan etorkizuneko erronka bezala identifikatu diren gaiak jorratuz. Gainera, Etorkizuna Eraikizen alde esperimentalean ere jarri du azpimarra Olanok, gogoratuz langileen partaidetza edota kontziliazioa bezalako gaietan esperientzia eta proiektu pilotuak jarri direla abian. Esperimentu hauek guztiek ingurune errealetan ari dira egiten, eta pertsona errealak ari dira parte hartzen. “Saiakera hauei guztiei esker, gure lurraldea ezagutza aurreratu eta kontrastatua jasotzen ari da, eta honek sendoago egiten gaitu etorkizun hurbilean ditugun erronka eta desafioei aurre egiteko”, esan du diputatu nagusiak.
Mahai inguruak
Diputatu nagusiaren hitzaldiaren ostean, bi mahai inguru egin dira: lehenengoan, lurraldeko esparru ekonomiko eta sozialeko zenbait eragileetako ordezkariek hartu dute parte, eta bigarrengoan Etorkizuna Eraikiz ekimeneko erreferentziazko zentroetako arduradunak aritu dira. Lehenengo elkarrizketan izan dira Nerea Ibañez, ASPEGI emakume enpresarien elkarteko presidentea; Koldo Aulestia, Alzheimerra edo beste dementzia dutenen Senitartekoen, Lagunen eta Pertsonen Gipuzkoako Elkartea (AFAGI); eta Marisa Arriola, BIC Gipuzkoaren arduraduna. Hiruak bat etorri dira Etorkizuna Eraikizek proposatzen duen elkarlaneko lan egiteko modua balioan jartzen, eta proiektuan parte hartzea eta ekarpenak egiten jarraitzeko duten asmoa berretsi dute.
Bigarren mahai inguruan egon dira Carlos Abad, ZIUR zibersegurtasun zentroaren zuzendaria; Rakel San Sebastian, Adinberri osasuntsu zahartzeko estrategiaren zuzendaria; eta Iban Arantzabal, 2deo euskarazko ikus-entzunezkoak sortzeko zentroaren arduraduna. Parte hartzaile hauek zuzentzen dituzten proiektuak sortzeko egin diren prozesuak xehatu dituzte, nola egin den zer egin den baino gehiago nabarmenduz. Gainera, norabide honetan sakontzearen alde egin dute eta, ondorioz, lurraldearen etorkizuna eraikitzeko ariketara gero eta eragile eta herritar gehiago erakartzearen aldeko apustua egin dute. “Etorkizuna denoi eragiten digun kontua da eta Gipuzkoak elkartuta erantzun behar dio, lurralde bezala”, itxi du Olanok.
2474