Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour “Gipuzkoan edo Danimarkan, herritarrak eta erakunde publikoak gerturatzeko eredu berriak sustatzen ari gara”

“Gipuzkoan edo Danimarkan, herritarrak eta erakunde publikoak gerturatzeko eredu berriak sustatzen ari gara”

Nazioarteko jardunaldia ospatu da Donostian, ‘Deliberazio-olatua munduan: Herritarren Batzarrak’ lemapean eta mundu mailako adituak elkartu dituena.

2022/06/07
Hizlariak eta foru arduradunak.

OCDE/ELGA, Danimarka, Eskozia, Irlanda… Mundu mailan gobernantzan eta partaidetzan erreferente diren adituak Donostiako Miramar jauregian elkartu dira gaur arratsaldean, herritarren eta erakunde publikoen arteko arrakala nola gainditu eta, batez ere, bi alde hauen artean zubiak nola eraiki aztertzeko. Jardunaldiaren edukia guztiz praktikoa izan da, herrialde ezberdinetan martxan daude proiektu eta esperientziak jarri baitira mahai gainean. “Ikusten duguna da Gipuzkoan edo Danimarkan, gizartea eta erakundeen arteko urruntze horren inguruko kezka dagoela eta, han eta hemen, gerturatzeko eredu berriak garatu eta sustatzeko lanean ari garela”, esan du Markel Olano diputatu nagusiak.

          Jardunaldian parte hartu duten aditu eta erakundeetako ordezkari guztiak bat etorri dira nabarmentzen egungo testuinguruan parez-pare dauden erronkei erantzuteko herritarren eta erakunde publikoen arteko lankidetza modu berriak “ezinbestekoak” direla. Nazioarte mailan, ikuspegi berritzailea garatzen ari da, erakunde eta gizartearen arteko lankidetza eta gobernantza eredu berriak aldarrikatzeko. Eredu horien artean deliberazio-olatuaz hitz egiten da, besteren artean, eta Herritarren Batzarrak delako egitasmoak hedatzen ari dira mundu mailan, zeintzuk zozketa zibiko baten bidez herritarrak aktibatzen dituzte, eta horiek izan dira gaurko jardunaldiaren ardatza.

Olano “herritarren eta erakundeen arteko zubi berriak” eraiki beharraz mintzatu da jardunaldiaren irekieran eta gogorarazi du Aldundiak horretan diharduela 2016tik hona, Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez. “Europan eta mundu osoan korronte autoritarioak indartzen ikusten ditugun honetan, kontrako norabidean arraun egiten ari gara Gipuzkoan. Politika publikoak herritarrekin lankidetzan eraikitzeak balio demokratikoetan sakontzea eta gizarte kohesioa indartzea dakar berekin. Eta, ahalegin partekatu horretan, nazioartean arrakasta izan duten herritarren batzarrekin esperientziak partekatu nahi ditugu”, azaldu du.

          Diputatu nagusiak egindako sarreraren ondoren, Urko Aiartza TMelabeko zuzendariak eta Arantxa Mendiharat Deliberativako ordezkariak kokatuko dute topaketaren testuinguruan. Adituen txanda izan da gero: OCDE/ELGAko Claudia Chwalisz-ek, mundu mailako aditua demokrazia deliberatiboan eta berrikuntza demokratikoan, deliberazio olatuak munduan duen egoerari egin dio errepasoa. Eskoziako Herritarren Batzarrak mahai gaineratu dituzte ondoren Stephen Gethins St. Andrews Unibertsitateko irakasleak eta Oliver Escobar Edinburgoko Unibertsitateko zientzia politikoko irakasleak. Gethins Eskoziako Parlamentuko kidea izan da, eta Energia eta Klima Aldaketari buruzko Eskoziako lehen ministroaren aholkulari berezia ere bai.

          Eskoziakoarekin batera, Danimarkakoa izan da aztertutako bigarren esperientzia.Horretarako Lars Klüver, (Danish Board of Technology-ko kidearen parte hartzea izan da topaketan. Danimarkako Teknologia Kontseiluko zuzendaria da, eta 35 urte baino gehiagoko esperientzia du herritarren eta alderdi interesdunen partaidetzan, hain zuzen ere, gizarte gai garrantzitsuei buruzko aholkularitza politikoan. Honen ostean, herritarren batzarrek etorkizunera begira dituzten erronkei buruz aritu da Graham Smith, Politikako katedraduna eta Erresuma Batuko Westminsterreko Unibertsitateko Demokrazia Ikasteko Zentroko zuzendaria.

Amaitzeko, Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendariak hartu du hitza. “Gipuzkoan abiatu diren esperientziei gaurkoak ekarpen garrantzitsua egingo die. Herritarrekin lankidetzazko gobernantza modu berrietan sakondu nahi dugu, gobernantza inklusiboagoa sustatuz, eta herritarrei paper protagonista emanez erabaki publiko batzuk hartzerako orduan”, adierazi du. Beraz, deliberazio publiko ordezkatzailea “tresna” bat dela adierazi du, beste hainbaten artean, lankidetzazko gobernantza horretan sakontzeko. “Gaur gurean izan diren adituengandik ikastea eta hauek gure herrian abiatu ditugun prozesuetan bidelagun izatea garrantzitsua da ezagutza geureganatzeko, tokiko gaitasunak garatzeko eta lehen esperientzia hauek hedatzeko zein instituzionalizatzeko baldintzak sortzeko”, borobildu du Goiak.

  

2540