“Euskaltegien inoizko ikasturterik malguena probestu eta euskara ikastera animatu nahi ditugu herritarrak”
“Euskaltegien inoizko ikasturterik malguena probestu eta euskara ikastera animatu nahi ditugu herritarrak”
“Euskaltegien inoizko ikasturterik malguena probestu eta euskara ikastera animatu nahi ditugu herritarrak”
‘Euskara ikasteko zure formula’ kanpainarekin bat egin du Aldundiak; euskal erakundeen ekarpenari esker, B2 mailara arte doakoa izango da euskara ikastea.
Abian da dagoeneko 2020-2021 ikasturtea euskaltegietan eta, horrekin batera, Euskara ikasteko zure formula lelopean kanpaina martxan da, inoiz izandako testuinguru berezienean izen-ematea sustatu eta indartzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du kanpainarekin eta euskara ikastera animatu nahi izan ditu herritarrak, euskaltegien “inoizko ikasturterik malguena eta seguruena” probestuz.
Izan ere, Covid-19ak eragindako ezohiko egoerari erantzun eta osasun gomendioak zorrotz betetze aldera, 2020-2021 ikasturtean sekula baino pisu handiagoa izango dute aurrez aurrekoak ez diren ikastaroek eta bitarikoek, errazagoa baita halakoetan segurtasun neurriak betetzea. Gipuzkoan kokatuta dauden 41 euskaltegietan ahalegin handia egiten ari dira ikasleei ahalik eta moldagarritasunik handiena eta eskaintzarik zabalena errazteko. Era berean, Euskadiko euskaltegien sarea sustatzen duen HABE erakundeak eta euskaltegiek apustu sendoa egin dute osasun eta segurtasun baldintzak bermatzeko, ikasleak seguru senti daitezen ikasprozesuan.
“Euskaltegien inoizko ikasturterik malguena probestu eta euskara ikastera animatu nahi ditugu herritarrak”, bat etorri dira erakundeetako ordezkariak, Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Politikako foru zuzendaria, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako Sailburuordea eta Jokin Azkue HABEko zuzendaria.
“Euskara ikasteko ahalegina eta pausoa ematen duten horiek guztiek merezi dute gure babes osoa eta errekonozimendua. Bizi dugun egoera zail honetan, laguntza horri eutsi eta ikasleei ahalegin horretan jarraitzeko bidea erraztu nahi diegu”, laburbildu du Mendizabalek. Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, baita ere, nabarmendu du euskaltegi sareak eta HABEk beren eskaintza zabaldu eta osasun gomendioetara egokitzeko egin duten “esfortzu nabarmena”.
Eskaintza malgua eta segurua
Funtsean, lau eratako ikastaroak eskainiko dira euskaltegietan, baina horien baitan malgutasun handia eskainiko da. Lehenik eta behin, ohi moduan, aurrez aurreko ikastaroak eskainiko dira, beti ere segurtasun baldintza guztiak bermatuz ikasgeletan. Era berean, jardun biko ikastaroak eskainiko dira, aurrez aurreko jarduna zein ez-presentziala uztartuz. Hirugarrenik, autoikaskuntzan oinarritutako ikastaroak eskainiko dira, inoiz baino aukera gehiago eskainiz norberaren ordenagailutik ikasteko. Azkenik, bideokonferentzia bidezko taldeak osatuko dira, ikasgela birtualen bitartez eta irakasleen laguntza eskainiz. Talde eta ordutegi finkoetan eskainiko dira.
Horrez gain, ohi moduan, barnetegiak eskainiko dira, bai eta talde eta enpresentzako ikastaro berezituak ere.
Jaurlaritza, HABE eta Aldundiko ordezkariek gogorarazi dutenez, euskara ikastea doakoa izango da B2 mailara arte, beti ere ikasleek bi baldintzak betetzen badituzte: % 75eko asistentzia bermatu eta B2 mailara arte dagokien maila gainditu (ikasprozesuan aurrera egin). Doakotasun eredu hori lortu ahal izateko, erakunde bakoitzak ekarpen ezberdinak egingo ditu, guztira ia lau milioi euro jarriz (3.928.000 euro). Eusko Jaurlaritzak 3.000.000 euro jarriko ditu aurten eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, 42.000 euro baino gehiago.
Iragan 2019-2020 ikasturtean, 12.174 ikaslek eman zuten izena Gipuzkoako euskaltegietan. Iazko ikasturtean matrikulatutako ikasleen % 65 emakumezkoak ziren eta % 34,7 gizonezkoak. Ikasleen bataz besteko adina 40,18 izan zen.
1901