“Generation Z & Climate Change” Zumarragara hurbildu da tokiko energia komunitateak ezagutzera
“Generation Z & Climate Change” Zumarragara hurbildu da tokiko energia komunitateak ezagutzera
“Generation Z & Climate Change”, Naturklimak eta Ingurumen Departamentuak bultzatutako sentsibilizazio-programa da.
Mónica Pedreira: "Z Belaunaldia da Klima Aldaketarekin kezka gehien bizi duen belaunaldietako bat, eta, horren adibide da, iraunkortasunarekin lotutako karrerak ikastea eraikitzen dutela gazte askok eta askok".
Mikel Serrano: "Gero eta gazte gehiago inplikatzen da klima-aldaketari aurre egiteko ekimenetan, planetaren etorkizuna babesteko".
Mónica Pedreira Ingurumeneko zuzendaria eta Mikel Serrano Zumarragako alkatea IES Orixeko gazteekin eta ikasle trukea egiten ari diren Flandeseko ikasleekin elkartu dira klima aldaketaren arazoa aztertzeko eta zuzenean ezagutzeko gazteek zer iritzi duten eta zer nolako proposamenak dituzten Lurraren ingurumen erronka nagusienari aurre egiteko. Ikasleak "Generation Z & Climate Change" programaren parte dira, Naturklimak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamentuak bultzatutako sentsibilizazio-programa da berau. Klima-aldaketaren inguruan belaunaldi gazteenen eta administrazioen arteko topaguneak sortzea du helburu.
Mónica Pedreirak nabarmendu egin ditu esperientziak partekatzeko eta gazteenen kezkak ezagutzeko aukera ematen duten programak. Azken ikerketen arabera, Z Belaunaldia da klima aldaketaren kezka gehien bizi duen belaunaldietako bat, eta, horren adibide da, askok erabakitzen dutela iraunkotasunarekin lotutako karrerak ikastea. Era berean, zuzendariak azpimarratu du oso garrantzitsua dela hainbat eragile, administrazio, enpresa eta herritarren arteko lan-espazioak eta lankidetza sustatzea proiektu iraunkorrak sustatzeko orduan. "Gipuzkoaren etorkizuna, Gipuzkoa iraunkorra, justua eta berdintasun handiagokoa definitu ahal izateko, eragile guztien ikuspegia jasotzen duen lanketa bat sortu behar dugu, gazteenen ikuspegiari arreta berezia eskainiz".
Gaur goizean, "Generation Z & Climate Change" programako 42 ikasleak Zumarragan izan dira, Udaletik bultzatzen ari diren tokiko energia komunitateen esperientzia bertatik bertara ezagutzeko. Mikel Serrano alkateak azaldu die:
"Hiri-inguruneetan sortzen duten instalazioak eraginkorrak, irisgarriak, malguak eta seguruak dira, eta, jakina, 0 KM-koak, azken kontsumitzailearengandik 500 metrora baino gutxiagora daudelako. Ekimen aitzindaria da, eta autokontsumo energetiko garbiagoa, eraginkorragoa eta merkeagoa sustatzen du herriko bizilagun guztien artean. Gaur egun, 194 pertsona daude izena emanda: 169 etxeak dira, eta 25 dendak.
Energia berriztagarriak oraina eta etorkizuna dira gure planeta zaintzeko. Herritarrak gero eta kontzientziatuago daude energia baliabideak zentzuz eta eraginkortasunez erabiltzearen eta energia garbien iturriak lortzearen garrantziaz. Eta zuek zarete, gazteak, aldaketa eraginkorra izan dadin jarraitu beharreko bidea zehaztu, ulertu eta defendatzeko aukera paregabea duzuenak".
1747