“Gipuzkoa aniztasunarekiko ahalik eta lurralde toleranteena bihurtzea da gure helburua”
“Gipuzkoa aniztasunarekiko ahalik eta lurralde toleranteena bihurtzea da gure helburua”
Maribel Vaquero Bizikidetza zuzendariak begi onez hartu ditu Ikuspegiren aniztasunaren aurrean dauden jarrerei buruzko ikerketaren emaitzak
Bizikidetza eta Giza Eskubidetako foru zuzendariak, Maribel Vaquerok, azaldu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburua aniztasunaren esparruan diskriminazio mailarik baxuenera eraman eta ahalik eta lurralde toleranteena lortzea dela. Foru arduradunak gaur aurkeztu ditu ‘Herritar autoktonoen jarrerak aniztasunaren aurrean Gipuzkoan’ ikerketaren ondorioak, Ikuspegik Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat egindako lana. Vaquerok azaldu duenez, ondorio nagusia gipuzkoarrek modu positiboan hartzen dutela migrazioetatik eratorria den aniztasuna, “jarrera irekiarekin eta ez arazoa bezala ikusiz”. Hala ere, nabarmendu du ezin dela autokonplazentzian erori, eta lan egin beharreko “zenbait joeretan” jarri du azpimarra.
Ikerketa aurkezteko hedabideen aurrean agertu dira gaur Donostian Vaquero bera eta Gorka Moreno eta Arkaitz Fullaondo, Ikuspegiko ikertzaileak. Txostena atzerriko inmigrazioaren aurreko pertzepzio eta jarrerei buruz Ikuspegi Behatokiak egindako 2009, 2011, 2013 eta 2015 urteetako barometroetako zenbait galdera eta itemetako emaitzak aztertu dira, Gipuzkoako emaitzak hartuz azterketaren oinarri gisa.
Vaquerok gogoratu du zuzentzen duen Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendaritza 2016 amaieratik ari dela lanean aniztasun esparruko Ekintza Planean. Egitasmoa 2017-2019 aldian egongo litzateke indarrean, eta datozen hilabeteotan aurkeztuko da. “Erreminta honen bitartez, elkar ezagutu eta ulertzen lagunduko diguten ekintza eta eremuak sustatu nahi ditugu, proposamen partekatuak eraiki eta sinergiak eratu ahal izateko”, azaldu du. Foru zuzendariak gehitu duenez, ekintza plan hau eratzeko beharrak eta lehentasunak identifikatzen lagunduko duten datu eta azterketa “zorrotzak” behar dira, eta Ikuspegiren ikerketa testuinguru honetan kokatzen da.
“Berdintasuna eta diskriminazio eza irizpidetik abiatuz, aniztasunaren defentsa eta sustapeneko lana indartu nahi du Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendaritzak”, esan du Vaquerok, “gai hau eskubideen ikuspegitik landuz”. Zentzu honetan, azaldu du foru erakundearen apustua Gipuzkoako aniztasunari “ikusgarritasuna” ematea dela, horretarako biztanleria guztiaren integrazioa, diskriminazio eza eta bizikidetza sustatuko duten ekintzak bultzatuz, “jatorria, hizkuntza, kultura, sexu orientazioa, erlijioa edota ideologia” bezalako esparrutan.
Ondorio positiboak
Moreno eta Fullaondok, bere aldetik, ‘Herritar autoktonoen jarrerak aniztasunaren aurrean Gipuzkoan’ lanaren ondorio nagusiak xehatu dituzte. Horrela, azaldu dutenez, “eratortzen den ondorio nagusia da Gipuzkoan atzerriko immigrazioarekin lotutako aniztasunaren aurrean jarrera negatiborik ez dagoela”. “Ez da arazoa bezala ikusten, gizartean duen eragin positiboa balioztatzen da eta bizikidetza-giro ona dagoela irizten du gehiengoak”, adierazi dute. Gainera, esan dute gipuzkoarren jarrera “irekiagoa” dela aniztasunarekiko beste lurralde historikoekin alderatuta.
Hala ere, nabarmendu dute tolerantzia maila altua dela adibidez immigranteek euren dendak ireki, euren hizkuntza erabili edota espazio publikoen erabileraren aurrean, baina txikiagoa beste esparru batzuetan, esaterako atzerritarren arropa propioaren erabilera, tenplu erlijioso edota hezkuntza propioa izatearen aurrean. “Gipuzkoako herritar autoktonoek aukeratzen duten integrazio-ereduari dagokionez, asimilazio kutsua duen eredu baterako joera agertzen da, immigranteak harrera-gizartearen kultura arloko jarraibide eta azturetara egokituz”, azaldu dute Moreno eta Fullaondok. Azkenik, alor positiboan jarri dute baita ere Gipuzkoako biztanleriak “ez duela immigrazioa euskararen erabilera eta garapenerako mehatxu bezala ikusten, ezta ere identitatea edota nazionalismoaren helburuentzako”.
2062