“Gipuzkoa elektromugikortasunean nazioarteko erreferente izan dadin ari gara lanean”
“Gipuzkoa elektromugikortasunean nazioarteko erreferente izan dadin ari gara lanean”
Go Mobility azokak ateak ireki dizkie 1.500 profesionalei eta mugikortasun jasangarriaren eta energia biltegiratzearen alorreko enpresa eta eragileak bildu ditu
Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Go Mobility ireki du, gaur eta bihar elektromugikortasunaren alorreko 70 erakusketari eta 1.500 bisitari profesional biltzen dituen azoka. Go Mobility etorkizuneko mugikortasun jasangarriaren Europa hegoaldeko lehenengo industria erakustazoka da, mugikortasun jasangarriaren eta energia metaketaren esparruan lanean ari diren profesionalei eta enpresei bereziki zuzendua. Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz estrategiaren barruan abian jarri duen MUBIL estrategiaren barruan kokatzen da azoka hau, Gipuzkoa elektromugikortasunaren esparruan erreferente bihurtzeko asmoz.
“Mugikortasunaren etorkizuna elektrikoa izango da. Egoera horretara aurreratu gara eta lanean dihardugu Gipuzkoa alorreko erreferentzia aurreratua izan dadin”, adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak. Go Mobility azokak Gipuzkoak elektromugikortasunaren esparruan duen ahalmena erakusteko aukera ematen du, baita bertako eta nazioarteko eragileak bildu eta beraien arteko harremanak bultzatzeko ere. Go Mobility-k nazioarteko izaera du, “besteengandik ikasteko aukera eskaintzen duen espazioa da. Sinergiak sortzeko, hausnarketarako eta elkarlanerako espazioa”, gehitu du Markel Olanok.
Diputatu nagusiaren hitzetan, elektromugikortasunak zeregin garrantzitsua betetzen du eta aukera paregabeak eskaintzen ditu Gipuzkoako mugikortasun jasangarriaren eta energia metaketaren sektoreko industriaren etorkizunerako, eta zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz-en baitan MUBIL sortu du, Gipuzkoako elektromugikortasun zentroa. MUBIL Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasun elektrikoan eta energia metaketan nazioartean industri erreferente bihurtzeko sortu da, hainbat eragileren arteko lankidetzan oinarrituta.
“Go Mobility MUBIL estrategia bultzatzeko eta indartzeko aukera bat da, lurraldeko eragileekin batera, baita kanpotik datozenekin ere”, aipatu du Markel Olanok. “Gipuzkoak elektromugikortasunaren arloan egiten duen apustua sendoa da. Etorkizueko industria batera goaz; mugikortasun berri batera, seguruagoa eta jasangarriagoa, lurraldera eta bertan bizi garen pertsonetara egokitua”.
Azokaren irekieraren ondoren, agintariak eta hainbat enpresa eta erakundeetako ordezkariak erakusketa bisitatu dute, baita test gunea ere, eta Michael Liebreichen hitzaldia entzutera gerturatu dira, Liebreich Associates enpresako lehendakari eta zuzendari exekutiboa, aditua energia garbian, garraioan, azpiegitura adimentsuetan, teknologian, klimaren finantzetan eta garapen jasangarriaren inguruko gaietan.
70 erakusketari eta 1.500 bisitari profesional
70 erakusketari dira azokan parte hartu dutenak, horien artean, besteak beste, enpresa aitzindariak, fabrikatzaileak, industria laguntzaileak, hornitzaileak, klusterrak, unibertsitateak, ikerketa zentroak, elkarteak eta erakunde publikoak. Bi egunez, 1.500 profesionalek erakusketarien proposamenak ezagutzeko aukera dute, agenda paraleloan garatuko diren jarduerak ikusteaz gain.
Etortzekoak diren bisitarien artean, gehienak Gipuzkoakoak eta Euskadikoak dira, baina estatuan ere oihartzuna izan du deialdiak, ia autonomi erkidego guztietatik jaso baitira izen emateak. Atzerriko bisitariei dagokienez, gehienak Frantziatik etorri dira, baina baita Alemania, Txile, India, Israel, Italia, Portugal eta Erresuma Batutik ere.
Hainbat ekintza agenda paralelo batean
Jardunbide egokiak, proposamenak eta arrakasta duten kasuak ezagutzeko asmoz, Go Mobility azokak hainbat ekimen eta ekintza eskaintzen ditu azokako programaren osagarri. Alde batetik, lehen mailako hitzaldiak emango dituzte zenbait adituk, mugikortasun elektrikoak bere gain dakartzan aukera eta erronken inguruan hausnartuz. Beste alde batetik, bederatzi hiritako ordezkariek mugikortasun jasangarriari buruzko beren kasuak eta erronkak azalduko dituzte, gai horri buruzko jardunbide eta proiektu onenak ezagutarazteko. Ikusteaz gain, esperimentatzeko aukera ere egon dadin, Ficobako kanpoko eremuan ibilgailu elektrikoak probatzeko gune bat egokitu da, jendeari ibilgailu horiek ikusteko eta gidatzeko aukera emanez. Era berean, esparru bat gorde bat mugikortasun jasangarriko Europako proiektuak poster formatuan jartzeko, eta, beste batean, parte hartzen duten enpresek hitzaldi teknikoak eta produktuen erakustaldiak egingo dituzte sektoreko azken aurrerapenen berri emateko.
Azkenik, azaroaren 28an, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika klusterrak Garraio Adimendunen Sistemen Euskadiko IX. biltzarra egingo du, mugikortasuna optimizatzera zuzendutako garraio sistema adimendunak ardatz hartuta. Biltzar honetan Euskadin mugikortasunaren eta garraioen teknologien esparruan lanean ari diren enpresa eta eragileek parte hartuko dute, eta sektoreko azken aurrerapenen berri emango da proiektu berritzaileenak aurkeztuta.2421