“Gipuzkoa Euskadiko erreferentzia turistiko nagusi bezala finkatu dute azken datuek”
“Gipuzkoa Euskadiko erreferentzia turistiko nagusi bezala finkatu dute azken datuek”
Eskaintza askotariko, dibertsifikatu eta jasangarri baten alde lurraldea egiten ari den apustuarekin lotu ditu emaitza onak Imanol Lasa foru diputatuak
“Gipuzkoa sendotu egin da, Euskadiko erreferentzia nagusi bezala”. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatu den Imanol Lasak hitz hauekin baloratu du Eustatek gaur argitaratu duen azkeneko establezimendu turistiko hartzaileen inkesta. Ikerketa honek hazkunde nabarmenak jaso ditu Gipuzkoari dagozkien adierazle nagusietan. Foru arduradunaren iritziz, eskaintza turistiko askotariko, dibertsifikatu eta jasangarri baten alde ari da egiten apustu lurraldea, eta horri zor zaizkio datu onak. Honela, lanean jarraitzeko deia egin du, Gipuzkoak sektore ekonomiko honetatik jasotzen duen errentagarritasun sozial eta ekonomikoa indartzeko.
Lasak gogoratu duenez, turismoa gaur egun “aberastasun eta enplegu sortzaile” da, hazten ari den sektorea da eta gero eta inpaktu ekonomiko positiboagoa du Gipuzkoarentzat. “Aldunditik, gure konpromisoa da sektoreko eragile nagusiekin elkarlanean jarraitzea, zerbitzuaren bikaintasunaren, eskaintza urtaro guztietara zabaltzeko eta bisitari fluxuak lurraldearen barnealdera ere hedatzeko”, esan du Turismo diputatuak, arlo honetan ere lankidetza publiko-pribatuak duen garrantzian jarriz azpimarra.
Lasaren hitzetan, gastronomia, gertuko merkataritza eta bikaintasuna oinarri dituen eredu turistikoaren alde eragiten jarraituko du foru erakundeak, “gure nortasunaren parte diren elementuak guztiak”. “Turismoa egonkortu nahi dugu sektore ekonomiko oparo, jasangarri, aurreratu eta kalitatezko enplegu sortzaile bezala”, azaldu du. Gainera, IKTen (Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) eta Big Dataren kudeaketaren alde egin du, negozio eredu berriak sortu eta bisitariei ematen zaien zerbitzua hobetzeko bide bezala.
Azkenik, nabarmendu du gogobetetze inkestek adierazten dutela bisitariek modu oso positiboan baloratzen dituztela “gure historia eta idiosinkrasiari lotutako gaiak”, eta baita jasotzen dituzten zerbitzu eta arreta bera ere. “Sektorearen etorkizunak, beraz, herri honen tradizio eta nortasunarekin lotuta egon behar du, gure sustrai kulturalekin erlazio duen esperientzia paregabeak eskaintzearekin. Aldi berean, teknologia berrien aldeko apustuari jarraipena eman behar diogu, abangoardia izaten jarraitu nahi badugu”, aldeztu du.
1688