'Gipuzkoa Talent', Bostongo MIT European Career Fair azokan
'Gipuzkoa Talent', Bostongo MIT European Career Fair azokan
Lurraldeko enpresentzako interesagarriak izan daitezkeen profilak identifikatu nahi dira Bostonen, nazioarteko enplegu azokan
Gipuzkoak lehen aldiz parte hartuko du, asteburu honetan, urtero Bostonen egiten den MIT European Career Fair azokan, Massachusetts Institute of Technology-k antolatutako nazioarte mailako enplegu azokan, hain zuzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den urtean abian jarritako Gipuzkoa Talent estrategiaren esparruan kotatzen da ekimen hori, eta bideratuta dago, alde batetik, gure lurraldea eta lan aukerak ezagutzera ematera eta, bestetik, topaketan parte hartzen duten pertsonen artean Gipuzkoako enpresentzat interesgarriak izan daitezkeen kualifikazio handiko profilak identifikatzera.
MIT unibertsitate eta teknologia zentro ospetsuak antolatutako azoka da, eta joan den urteko edizioan, kualifikazio handiko 3.000 profesional inguru elkartu ziren; izan ere, kontratazio premiak zituzten Europako 132 enpresek, zentro teknologikoek eta hainbat erakundek parte hartu zuten iaz. Aurtengo topaketa otsailaren 24, 25, 26 eta 27an egingo da.
Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuko diputatuak gogorarazi du lurraldea apustu nabarmena egiten ari dela etorkizunean ahalmen handia izango duten sektoreen alde: fabrikazio aurreratua, energia eta mugikortasuna, biozientziak, eta gastronomia eta elikagaien sektorea. "Etorkizuneko sektore horietara hurbiltzeko eta gure industriak norabide horretan aurrera egiteko, behar beharrezkoak dira pertsonen jakintza, lana eta gaitasuna, egin nahi den bidearen oinarrian baitaude. Horregatik, jarraipena eman nahi diogu Gipuzkoa Talent ekimenari, talentua lurraldean gordetzeko asmoz eta baita ere talentua erakartzeko aukera gune berriak sortzeko xedez”, laburtu du.
Izan ere, Gipuzkoa Talent ekimenaren bitartez, giza kapitala sustatu eta bultzatu nahi dugu lurraldean, eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko kapital horren beharra duten enpresekin konektatu. Joan den urteko abenduan Donostiako Miramon Parke Teknologikoan egin zen topaketan, egun kanpoan lan egiten duten 200 pertsonek parte hartu zuten, denak nazioarte mailan esperientzia handikoak eta prestakuntza maila altukoak; horrela, profesional horiek zuzenean ezagutu ahal izan zuten Gipuzkoako hogeita hamar enpresek egiten duten lana eta, aldi berean, ezagutzera eman zituzten beraien profil profesionalak.
Gipuzkoa Talent programak jarraipena izango du Bostoneko MIT European Career Fair azokan, eta bertan parte hartzen duten Gipuzkoako enpresa eta zentro teknologikoentzat interesgarriak izan daitezkeen profil profesionalak identifikatzeko ahaleginak egingo dira. Gipuzkoako hogeitik gora enpresa izango dira Bostoneko azokan, ekimen honi esker.
1603