Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour “Gipuzkoak bizi duen garai berria sendotzeko unea da”

“Gipuzkoak bizi duen garai berria sendotzeko unea da”

San Inazioren omenezko ospakizunetan parte hartu du foru gobernuko ordezkaritza zabalak, diputatu nagusia buru

San Inazio ospakizunak

San Inazioren omenezko ospakizunetan parte hartu du gaur goizean Azpeitian foru gobernuko eta euskal erakundeetako ordezkaritza zabal batek, Gipuzkoako diputatu nagusia eta herriko alkatea buru zituztela. Bertan ziren, baita ere, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Bakartxo Tejeria, eta Eusko Jaurlaritzako sailburu Arantxa Tapia eta Maria Jesus San Jose. Udaletxean agintariei eskainitako harreraren ondoren, Loiolako Santutegira ohiko prozesio zibila egin dute guztiek batera eta, han, Donostiako gotzainak, Jose Inazio Munillak, meza nagusia eskaini dio Gipuzkoako zaindariari. Loiolan elkartu dira hainbat eta hainbat herritar, ospakizunetan parte hartu eta agintariak agurtu asmoz.

Komunikabideen aurretan lurraldeko egoera politikoari buruz egindako adierazpenetan, Markel Olanok baieztatu du Gipuzkoak “garai berria bizi duela politika eta gizarte mailan” eta, urtetako liskar eta blokeoaren ondoren, “etorkizuneko desafioei” lotutako agenda garatzeko “ilusio bizia, anbizioa eta baldintza egokiak” dituela. “Gizarte antolatuarekin eta herritar ororekin elkarlana bultzatzea izango da giltzarria kultura politiko berri hori sendotzeko”, adierazi du diputatu nagusiak, gisa horretan gerora begirako erronkak aukera bilakatu daitezen.

Lehentasunezko desafio horien artean, Olanok nabarmendu du Gipuzkoak esku artean duen “agenda ekonomiko indartsua”, zeinetan ageri diren lehiakortasun ekonomikoari lotutako “apustu sendoak”. Horren lekuko, adibide gisa jarri ditu sektore estrategikoak garatzea helburu duten sei erreferentziazko zentroak eta legealdi honetan foru gobernuak 10.000 lanpostu berri bultzatzeko bere buruari jarri dion helburua. “Gure gizartea eta enpresak ahalegin handia egiten ari dira alor honetan eta beharrezkoa da gure ekarpena egitea, ezinbestekoa baita lurraldearen ongizate eta orekarako”, laburbildu du.

Diputatu nagusiak ez du ahaztu nahi izan kolektibo “ahulenen” zein bazterkeria arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea bultzatzeko lurraldean sortutako dinamika, herritar guztientzako “arreta pertsonalizatua” eta “lanpostu duina” bermatzea xede. Olanok desafio honi “indar berriz” heltzera dei egin du, Elkar Ekin programaren bitartez Gipuzkoa “aitzindaria” izan dadin eremu honetan ere.
“Gizartera gerturatu eta elkarlanean aritzea ezinbestekoa du desafio horiei aurre egiteko. Herrialde txikia gara, kolaborazioa bultzatu behar dugu erakunde eta eragile sozio-ekonomiko guztion artean. Kultura politiko berri hori finkatzeak izugarrizko garrantzia du Gipuzkoaren etorkizunerako”, adierazi du Foru Aldundiko ordezkari nagusiak.

  

2106