Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour “Gourmet Bag” 2.0: jatetxeetako elikagaien xahutzea saihesteko soluzio ekologikoa

“Gourmet Bag” 2.0: jatetxeetako elikagaien xahutzea saihesteko soluzio ekologikoa

Jose Ignacio Asensio: «Gipuzkoan 123.000 tona elikagai xahutzen dira urtero; beraz, ingurumen aldetik erabateko zentzua du xahuketa horren aurka egitea gure emisioak murrizteko, eta, gainera, betebehar sozial bat da».

2019/08/05

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak sustatutako proiektua Gipuzkoako beste bost udalerritan gauzatuko da bigarren edizioan, eta 3.125 ontzi ekologiko banatuko dira Gipuzkoako ostalaritzan dagoen elikagaien xahutzea murrizteko.

 

 

José Ignacio Asensio Ingrumeneko diputatuak, Kino Martinez Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkariak eta Xabier Arizmendi Impact Hub Donostiako gerenteak “Gourmet Bag 2.0” proiektua aurkeztu dute gaur goizean, iaz izen berarekin abian jarri zen proiektu pilotuaren jarraipena, hain zuzen. Proiektu horrek helburu nagusi bat du, hau da, jatetxeetan eskatu eta jaten ez diren elikagai guztien xahuketa saihestea.


Ingurumeneko Departamentuak, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen eta Impact Hub Donostiaren lankidetzarekin, sustatu duen ekimen honi esker, Gourmet Bags edo ontziak emango zaizkie bezeroei, soberako anoak etxera eraman ahal izateko, nahi izanez gero. Iazko proiektu pilotuan Donostiako establezimenduak bakarrik parte hartu zuten, baina bigarren edizio honetan Gipuzkoako bost udalerri hauetako 25 taberna eta jatetxek parte hartuko dute: Arrasate, Eibar, Tolosa, Beasain eta Irun.

 

Gourmet Bags-ak ontzi ekologikoak dira, paper birziklatuarekin egindakoak, eta mikrouhinean sartzeko modukoak. Halaber, tuper horiek konpostagarriak eta erabat biodegradagarriak direnez, erabiltzaileek edukiontzi marroira bota ahal izango dituzte.

 

Jose Ignacio Asensiok azpimarratu du elikagaien xahuketaren kontrako borroka lan lerro garrantzitsu bat dela klima aldaketaren aurkako borrokaren barruan: «Elikagaien xahutzea herrialde bat izango balitz, munduan isurketa gehien sortzen duen hirugarren herrialdea izango litzateke, Txina eta Estatu Batuen ondoren. Horregatik, aurre egin behar diogu elikagaien xahuketari, lehen mailako arazoa baita. Hortaz, “Gourment Bag” proiektua elikagaien xahuketa murrizteko erronkaren aurrean sortu da, eta lurraldeko hiri hondakinen kudeaketari, ekonomia zirkularrari eta hondakinen hierarkiari buruzko plangintzarekin bat eginez. «Uste dugu Gipuzkoan 123.000 tona elikagai xahutzen direla urtero (% 23 alferrik galdutakoa eta % 77 galerak), bereziki etxeetan eta ostalaritza sektorean (hotel, jatetxe eta kafetegietan), leku horiek baitira xahuketaren eragile nagusienak» esan du Asensiok.

 

Kanpainak kontsumitzaileei zuzendutako kontzientziazio izaera argia du, eta tuperraz gain, informazioa ere emango zaie jatetxeetako bezeroei, elikagaien xahuketaren aurka konprometituta eta kanpainari atxikiak dauden establezimenduak identifikatu ahal izateko.

 

Gourmet Bag proiektuaren bigarren edizio honetan 3.125 ontzi jarriko dira zirkulazioan, eta, informazioko materialaren kasuan bezala, doan jarriko dira establezimenduen eskura. Halaber, parte hartuko duten establezimenduetako arduradun eta zerbitzariei zuzendutako tailerra antolatuko da, gai honen inguruan sentsibilizatu daitezen eta zentro aktibo gisa koka daitezen elikagaien xahuketaren aurkako borrokan. Gainera, standak eta informazio kartelak jarriko dira establezimenduetan, eta ekimen hori martxan egongo den hiru hilabeteetan, urritik abendura, telefono bidezko eta aurrez-aurreko zerbitzu bat eskainiko da, baliagarria izango dena establezimenduei babesa emateko eta kanpaina garatzen den bitartean haiek behar duten laguntza eskaintzeko.

 

Gourmet Bag ekimen irekia da, eta proiektu horretan interesa duten establezimendu guztiek harremanetan jar daitezke Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin edo Impact Hub Donostiarekin. Abuztuan egingo da parte hartzaileen azken hautaketa.

 

“Gourmet Bag” proiektu pilotuaren balioespena

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzak 2018. urtean sustatu zuen Gourmet Bag proiektuaren lehen edizioa, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen lankidetzarekin.

 

Kanpaina horretan Donostiako 12 establezimendu hauek parte hartu zuten: Urepel Jatetxea, La Muralla Jatetxea, Gandarias Jatetxea, Bokado Jatetxea (Aquarium), Uliako Aterpetxeko Jatetxea, El Fogón Jatetxea, Alioli Jatetxea, Garbera Sagardotegia, Peregrinus, Australian Korneer, Hidalgo 56 Jatetxea, eta Konstituzio plazako Astelena Taberna. Proiektu pilotuak iraun zuen hiru hilabeteetan 1.635 kraft kutxa eta 1.400 poltsa inguru banatu ziren. Azpimarratu behar da esperientzia pilotu hori amaitu ondoren, parte hartu zuten 12 jatetxeetatik 10ek gourmet bags-ak sartu zituztela beraien bereroei eskaintzen dizkieten zerbitzuen barruan.

 

Oraingo kalkuluen arabera, alferrik galtzen da giza kontsumorako ekoizten diren elikagaien heren bat inguru, eta horrek kostu handiak sortzen ditu ekonomia eta ingurumen alorretan. Gipuzkoan, zehazki, 123.000 tona elikagai xahutzen dira urtero. Beraz, 2007. urtean, Gipuzkoako Foru Aldundia, Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin batera,  jateko egoera onean baina merkaturatzeko moduan ez dauden elikagaiak, “azken minutua” deitzen zaiena, biltzeko lanetan hasi zen. Lankidetza horri esker, azken urteetan, gutxi gorabehera 1.000.000 kilo elikagai bildu eta banatu dira urtero, eta Gipuzkoako familia askoren premiak asetzeaz gain, guztiz kontsumigarriak diren elikagaiak hondakin gisa ez kudeatzea lortu da, balioa emanez hondakinen hierarkiaren lehen mailari, hau da, prebentzioari.

 

  

2121