Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour “Herritarrekin elkarlana ezinbesteko balioa da Gipuzkoaren etorkizuna guztion artean eraikitzeko”

“Herritarrekin elkarlana ezinbesteko balioa da Gipuzkoaren etorkizuna guztion artean eraikitzeko”

Diputatu nagusiak eta Arrasateko alkateak bilera egin dute herriko egitasmo nagusiak partekatzea helburu; herriz herriko bilerei ekin die horrela Markel Olanok, tokian tokiko ekarpenak aztertu asmoz.

Etorkizuna Eraikiz programari lotuta, lurralde osoko etorkizuneko egitasmoak ezagutu eta herritarrek egindako ekarpenak aztertzeko herriz herriko bilerei ekin die gaur Arrasaten Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok. Maria Ubarretxena alkatearekin batera, herriko proiektu nagusien inguruko ikuspegiak partekatu dituzte, bi erakundeen arteko elkarlan lerroei buruzko analisia egin eta Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez jasotako arrasatearren proposamen eta iritzi nagusiak aztertu dituzte.

“Gipuzkoa sozial, berde eta lehiakor baten aldeko lanean, ezinbestekoa dugu elkarlana. Batetik, erakundeen arteko lankidetza eta harreman lerroak estutzea, eta, bestetik, herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartzea. Bi esparru horietan aurrera egiten jarraitu asmoz ekin diogu gaur lurraldeko udalekin hainbat lan topaketa egiteko ibilbideari”, azaldu du diputatu nagusiak, Arrasateko alkatearekin bilera egin ostean.

Hain zuzen ere, joan den urteko ekainean Arrasaten kokatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz kapsula, non galdetzen zitzaien herritarrei Gipuzkoak 2040an zein balio mantendu beharko lituzkeen. Diputatu nagusiak azaldu duenez, pandemia egoera dagoeneko bi urtez luzatzen ari den honetan, “ezinbestekoa” da gipuzkoarrei entzun eta “gizartean pil-pilean dauden beharrizan, balio eta proposamenak” jasotzea. Horretarako “tresna eraginkorra” izaten ari da aipatutako egitasmoa eta dagoeneko 17 herri eta hirigunetan egon da, gipuzkoarrengandik 2.000 ekarpen baino gehiago jasoz.

Eragingarritasun hori ikusita, Aldundiak Etorkizuna Eraikiz kapsularen herriz herriko joan-etorriari berrekingo dio otsailetik aurrera. Ibilbide honetan guztian jaso diren eta jasoko diren ekarpen guztiak foru erakundearen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan kontuan izango dira, gaur diputatu nagusiak jakinarazi duenez.

Olanoren iritziz, lurralde osoan “gobernatzeko modua” eraldatzen ari da Etorkizuna Eraikiz. “Gipuzkoaren etorkizuneko desafioei erantzun asmoz, egitasmo hau 2016an martxan jarri zenetik, dagoeneko 125 herritarren proiektu sustatu ditugu, 32 proiektu esperimental abian dira eta bederatzi erreferentzia zentro garatu ditugu erronka sozial eta ekonomiko guztietan eragiteko”, aipatu du diputatu nagusiak. Ahalegin horretan guztian, nolanahi ere, “funtsezkoa” da udalerrien eta herritarren beraien partaidetza bultzatzea. “Gainontzeko erakundeen, enpresen, gizarte eragileen eta, oro har, herritarren parte-hartzeak indar handia ematen dio gobernantza eredu berri honi. Denon ekarpena eta konpromisoa ezinbestekoa da, geroa guztion artean eraikitzeko”, gehitu du.

 

Ekonomia, berdintasuna eta mugikortasuna

Arrasatearrengandik, hain zuzen ere, 120 ekarpen inguru jaso zituen kapsulak eta horietatik, besteak beste, ekonomiari –lanaren kalitatea, industria eta kooperatibismoa, hala nola–, gizon eta emakumeen berdintasunari –biolentzia matxistarekin amaitzea eta kontziliazio erantzunkidea– eta mugikortasunari –garraio publikoa, mugikortasun berdea eta bidegorriak– lotutako balioak izan ziren nagusi. Horien ondotik, euskararen erabilera, ingurumenaren zaintza eta zahartzaroari arreta gizakoia izan dira herritarrek beren ekarpenetan nabarmendutako balioak.

Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak nabarmendu duenez “oraina, etorkizuna zein iragana herritarrekin era partekatuan” lantzen dihardugu, bai herri mailan zein lurraldean ere”. “Arrasate aurreratua egiten jarraitu nahi dugu, XXI. mendeko giltzarri. Arrasaten, etorkizuna lantzen ari gara proiektu ezberdinak martxan jarriz herritarren ongizatean oinarrituz: Kulturola, Juan Arzamendi Musika Etxea, Ekobulebarra, irisgarritasun lanak auzoetako igogailu ezberdinekin, eta abar. Herri hobe bat osatzea da jomuga bakarra, garapen komunitario eta aurrerapen sozial eta ekonomikoa oinarri, ikuspegi inklusiboa barneratuz”, azaldu du.

Bileraren ondoren, Arrasateko Kulturola eraikinaren instalazioak bertatik bertara bisitatu ditu diputatu nagusiak. Espazio berritu honetan, herriko hemezortzi kultura taldek eta udal euskaltegiak izango dute beren egoitza, haien ekimenak gauzatzeko. Gizarte eta kultura mailako gune erreferente bilakatuko da horrela gune berri hau.

  

2244