Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour “Hizkuntzen esparruan ere, ezberdintasun ahalik eta txikienak dituen lurraldea izan nahi dugu”

“Hizkuntzen esparruan ere, ezberdintasun ahalik eta txikienak dituen lurraldea izan nahi dugu”

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzaren 2015-2019 Plan Estrategikoa aurkeztu du gaur Donostian

Diputatu nagusiak, Markel Olanok, Gipuzkoa “ezberdintasun ahalik eta txikienak” dituen lurraldea izatearen alde egin du, ekomia, gizarte eta genero ikuspegitik bezala, hizkuntzaren esparruan ere. Horrela, ideia honi jarraiki eta hizkuntzen arteko “oreka” lortzeko bidean, Aldundiaren jardunean euskarak izango duela lehentasuna adierazi du Olanok, “eta hori bera sustatuko dugu lurraldeko beste eragileengan”. Diputatu nagusiak gogoratu duenez, helburua legealdi honetan foru erakundearen gobernu jarduna gidatzen duen Kudeaketa Plan Estrategikoan dago jasota eta honen isla da gaur aurkeztu duten Hizkuntza Berdintasuneko 2015-2019 Plan Estrategikoa.
Dokumentua Donostian aurkeztu dute gaur Olanok eta Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusia den Mikel Irizarrek. Planarekin batera, Zer egin behar dugu ezberdin eraginkorrago izateko? parte hartze prozesua ere aurkeztu dute agerraldian. “Euskararen biziberritze prozesua bidegurutze batean dago eta, ekimen honekin, gizarte eragileekin lankidetzan hartu ditzakegun norabideak aztertu nahi ditugu”, esan du diputatu nagusiak. Egitasmoa aste honetan jarri da martxan eta bertan adosten diren ondorioek Hizkuntza Berdintasuneko Plan Estrategikoaren aurrekontuan izango dute eragina, diputatu nagusiak azpimarratu duenez. 

“Euskararen biziberritze prozesua bidegurutze batean dago eta, parte hartze prozesu honekin, gizarte eragileekin lankidetzan hartu ditzakegun norabideak aztertu nahi ditugu”

Honekin guztiarekin batera, ikerketaren esparrua indartuko da, duela hiru aste Soziolinguistika Klusterrarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren bitartez gauzatuko dena batik bat. Akordioak euskararen erabilera sustatzeko politiken eraginkortasuna areagotzea du jomuga eta norabide berrien hausnarketa elikatuko du.

Aldundia eta gizartea
Irizarrek, zehaztu du Plan Estrategikoaren lanketan parte hartu dutela Aldundi barruko eta gizarteko interes taldeek, eta azken emaitzak finkatzen duela legealdirako jarduera markoa. Erakundearen barruari begira, “lan ildo nagusiena izango da hizkuntzen gaia ondo txertatzea Aldundia ezartzen hasi den kudeaketa eredu berrian, hizkuntzen ardura sar dadin normaltasunez arduradun arrunten eginkizunen artean”. 
Gizarteari begira, Planak jasotzen du udalekin, hizkuntza sektorearekin eta lurraldeko eragile nagusiekin zubiak sendotu beharra. “Udalen arloan harreman estuak ditugu teknikarekin eta legealdi honetan lotura hauek hautetsietara hedatzea bilatzen dugu”, azaldu du Irizarrek. Eta euskalgintzarekin garatu beharreko lankidetzak berebiziko garrantzia izango du, horregatik abiatu da aste honetan uda bitartean iraungo duen parte hartze prozesua. Irizarren esanetan “Aldundiaren gobernantza eredu berrian esperientzia honen ondorioak txertatzeko prest dago Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritza. Prozesuaren gidaritza bikain eraman dute, eta emaitzekin oso interesatuta daude. Eraldaketa garaiak datoz Gipuzkoako Aldundian”.

  

4022