Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour "Iñigo Oyarzabalek Gureak taldearen baloreak irudikatzen zituen"

"Iñigo Oyarzabalek Gureak taldearen baloreak irudikatzen zituen"

Foru Aldundiak atsekabe handiz hartu du Iñigo Oyarzabal Gureak taldeko zuzendari orokorraren heriotza. Markel Olano: “Iñigo oso pertsona trebea, langilea eta apala zen, auzolanean iaioa"

Gipuzkoako Foru Aldundiak atsekabe handiz hartu du Iñigo Oyarzabal Gureak taldeko zuzendari orokorraren heriotza, bart gauean. Hori dela eta, foru erakundeak bere doluminak eman nahi dizkie Oyarzabalen familiari eta lankideei. Gureak taldeak desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako lan aukera egonkorrak sortu eta kudeatzen ditu. 44 urteko ibilbidea egin  duelarik, denbora honetan Europan erreferente bihurtu den inklusio soziolaboraleko eredu enpresariala sortu du. Egun, 5.600 pertsona baino gehiagok osatzen dute taldea, horietatik %82k desgaitasunen bat dute. Talde sendo eta dibertsifikatua da eta industria, zerbitzu eta marketineko sektoretan lan egiten du, batik bat.

Markel Olano diputatu nagusiaren hitzetan, Iñigo “oso pertsona trebea, langilea eta apala zen, auzolanean iaioa, Gureak taldearen baloreak bete-betean irudikatzen zituena; gizon posibilista zen, lankidetzan sinisten zuena, ahaleginen batuketan”. Era berean, Maite Peña Gizarte Politikoko diputatuak nabarmendu du Iñigo pertsona “saiatua, enpatikoa eta positiboa zela, eta besteen tokian jartzen zekiena. Erraza izan da berarekin lan egitea,  Gipuzkoa are inklusiboago bat lortzeko helburuarekin”.

 “Gogoan dut Iñigoren esan zuen esaldi bat, eta bat nator berarekin: zuzendariak ezin du dena jakin, besteen ideia hobeak onartu behar ditu”, gaineratu du diputatu nagusiak, zeinaren ustez Iñigoren “lan aparta eta onberatasuna denontzako inspirazio iturri izango den, Gipuzkoa izan dadin desberdintasun gutxien duen lurraldea Europan. Goian bego”. Amaitzeko, azpimarratu du Iñigok beti “balioan” jartzen zuela aniztasun funtzionala duten pertsonek gizarteari egiten dioten “ekarpena”.

Iñigok beti balioan jartzen zuen aniztasun funtzionala duten pertsonek gizarteari egiten dioten ekarpena
  

2441