Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour “Isiltasuna hautsi eta nazien izugarrikeria pairatu zuten gipuzkoarren memoria aldarrikatu nahi dugu”

“Isiltasuna hautsi eta nazien izugarrikeria pairatu zuten gipuzkoarren memoria aldarrikatu nahi dugu”

II. Mundu Gerran III. Reicheko kontzentrazio esparruetara deportatu zituzten 80 gipuzkoar omendu ditu gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak.

II. Mundu Gerran nazien kontzentrazio esparruetara deportatu zituzten 80 gipuzkoar omendu ditu gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi duenez, pertsona horiek, nazien izugarrikeria lehen pertsonan bizitzeaz gain, oroimen faltaren zigor gehigarria jaso zuten. "Gaurko ekitaldi instituzionalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere alea jarri nahi du isiltasun hori hausteko eta Gipuzkoako deportatuen memoria aldarrikatzeko", defendatu du. "Memoria historikoa lantzeak pertsona horiei izen-abizenak itzultzea eta memoria aldarrikatzea dakar eta, aldi berean, gure gizartean egiazko kultura demokratikoa garatzen laguntzea", azpimarratu du.

Omenaldi ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregiko ohorezko plantan egin da, eta deportatutako 80 pertsonen 27 familiek hartu dute parte. "80 izen beraien abizenekin, senide eta maite dituztenekin, idealekin eta bizitza proiektuekin. III. Reicheko makineriak zenbaki bihurtu nahi izan zituen, beraien izenak ezabatuta pertsona gisa zuten duintasuna kentzeko saiakera bezala. Baina, hala ere, baina gaur beraien izen eta abizenekin gogoratzen ditugu", azpimarratu du diputatu nagusiak.

Kontzentrazio-esparruen "ankerkeria" eta "krudelkeria" bizi izan zuten gipuzkoarrak bi txandatan iritsi ziren kontzentrazio esparruetara. Gerraren hasierako fasean, batez ere mendebaldeko frontean preso erori ziren soldaduak izan ziren; kontzentrazio esparruetan, gerrako preso izatetik preso politiko izatera pasa ziren. Bigarren fasean, gerra aurreratuago zegoela, deportatu gipuzkoarrak Frantzia okupatuan izan ziren atxilotuak, erresistentzia ekintzetan parte hartzeagatik. "Bi faseetan, 36ko gerratik sortutako erregimen espainiarrak bazuen gertakari hauen berri, baina ez zuen ezer egin hauek saihesteko", esan du Olanok.

"Europako historiako pasarterik ilunenetako batean, gaur omentzen ditugun pertsona hauek zuzenean jasan zuten totalitarismoaren astindua. Batzuek Espainian armen bidez boterera altxatu zen diktadurari aurre egin zioten. Geroago, Alemania naziaren atzaparretatik ihes egiten saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Kasu guztietan, gure gizartetik bizikidetza eta demokrazia desagerrarazten saiatzen zirenak izan zituzten aurrean", azaldu du. Zentzu horretan, deportatutako pertsona askok ideal demokratikoen aldeko borrokan "dena" eman zutela azpimarratu du, bai 1936ko Espainiako kolpea geldiarazteko gerran, bai nazien aurka mendebaldeko frontean edo, geroago, erresistentzia sareetan.

Olanok gogorarazi duenez, egoera hauek deportatuetako askoren heriotza eragin zuten, bai eremu hauetarako iristeko egindako bidaietan, bai zentro ezberdinen arteko joan-etorrietan, baita bizi-baldintza "ankerrengatik" edota esparru horietan egin beharreko lanaldi amaigabeengatik. Kontzentrazio guneetatik bizirik atera ziren lagunetako batzuk askatasuna lortu eta hilabete gutxira hil ziren, pairatzen zituzten ondorio fisiko latzen eraginez. "Bizirik atera zirenak, gainera, ezin izan ziren Gipuzkoara itzuli, diktadura frankistaren atzaparretan erortzeko beldurrez baitziren", adierazi du.

"Pertsona haiek guztiek, eta haien familiek, zuen familiek, bigarren zigor bat jaso zuten. Isilagoa, agian, baina mingarria azken finean: memoriaren falta. Bahitzaileen hil osteko mendekua bailitzan, mugaren alde honetan nabariagoa izan zen, isiltasuna eta errepresioak 1936ko gerra galdu zutenen gainean jarraitzen baitzuten", nabarmendu du Olanok. Azpimarratu duenez, gaurko aitorpen ekitaldiaren helburua, hain zuzen ere, isiltasun amaitzea izan da.

 

Elkarte memorialistak eta familiak

Diputatu nagusiak espresuki aitortu nahi izan du azken hamarkadetan hainbat talde memorialista egiten ari diren "isilpeko lana", batez ere La Ilusión kolektiboa eta Mauthauseneko Amical taldea. Erbesteratutako pertsonen historia eta sufrimendua ahanzturatik erreskatatzea eskertu die Olanok. "Mirestekoa da, baita ere, deportatuen senitartekoek izan duzuen ausardia eta determinazioa, egoerarik zailenetan ere memoria hau babesten asmatu duzuelako. Gure esker ona eta aitortza duzue egindako lanagatik, zuen ekarpenik gabe gaur ezin izango genuke ekitaldia hau egin", azpimarratu du Olanok.

Diputatu nagusiaren ustez, memoria historikoa lantzea betebehar "morala eta demokratikoa" da eta, gaineratu duenez, hala sentitzen eta aldarrikatzen da Gipuzkoan eta Euskadin. "Lehenik eta behin, biktimei duintasuna itzultzea dakarrelako, askatasuna ez ezik, izen-abizenak ere ukatu baitzizkieten", adierazi du. "Duintasuna, gizaki guztioi dagokigun hori, ez zuten ordea inoiz galdu". Horrekin batera, Gipuzkoan benetako kultura demokratikoa garatzeko memoria historikoa lantzea ezinbestekotzat jo du.

Foru arduradunak Jose Saramagoren hitzak bere egin ditu, memoriarik ez izateak indiferentzia sortzen duela azpimarratzeko. Gehitu duenez, bizikidetza demokratikoan onartu ezin den agertokia da hau. "Gaur egun, gure Europa zaharrean berriro ere populismo xenofoboa eta ultra eskuina konplexurik gabe zabaltzen ari diren bitartean, ezinbestekoa da indiferentzia horri aurre egitea. Giza eskubideak, tolerantzia eta bizikidetza demokratikoaren aldeko konpromisoa sustatzea ", azpimarratu du.

Ildo horretan, Gipuzkoan arlo honetan egiten ari den lana aldarrikatu du, eta, gogorarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak berak bere Urrezko Plaka eman dio frankismoaren biktimei. "Plaka hau deportatuen memoriarako ere erreferentzia izatea nahi dugu, frankismoaren eta Alemania naziaren biktimek antzeko jazarpenak jasan baitzituzten: totalitarismoarena, etsaia desagerrarazteko estrategia sistematiko baten biktima izan ziren biak", adierazi du. "Nazien izugarrikeria lehen pertsonan bizi izan zuten 80 pertsona horiek betirako finkatuta geratuko dira Gipuzkoaren memoria historikoan, lagun hauek zuten duintasunaren eta bizitzeko gogoaren sinbolo gisa", gaineratu du.

Omenaldian parte hartu dute baita ere Etxahun Galparsoro III Reicheko kontzentrazio esparruetara deportatuak izan ziren euskaldunei buruzko ikerketaren egileak eta Florentino Mariñelarena, La Ilusión kolektiboko kideak. Iñaki Dieguezen musikariak, bere aldetik, emanaldia eskaini du.  Gainera, Aldundiaren ohorezko solairuan Manuel Mitxelena eta Simone Vilalta deportatuek kontzentrazio-esparruetan erabilitako uniformeak egon dira ikusgai.

  

2261