Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour ‘Kenkaribai’ proposamenak irabazi du 2022ko Fiskalitatea Berritzeko Ideien lehiaketa

‘Kenkaribai’ proposamenak irabazi du 2022ko Fiskalitatea Berritzeko Ideien lehiaketa

Ion Lamarianok aurkeztutako ideia suertatu da garaile sariketan, eta guztira 17 ideia aurkeztu dira lehiaketara.

2022/12/12
Lehiakideen eta epaimahaikideekin talde argazkia.

Talde argazkia lehiakide eta epamahaikideekin.


Ion Lamarianok aurkeztutako ‘Kenkaribai’ ideiak irabazi du aurtengo Fiskalitatea Berritzeko Ideiak lehiaketa. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantzetako departamentuak antolatzen duen lehiaketa da honako hau, eta bere hirugarren edizioa izan da aurtengoa. “Ekimen honen bitartez, gure lurraldeko talentuarekin topo egin nahi dugu, beraien eskutik gure zerga sistema hobetzeko ekarpenak jaso ahal izateko. Orain arte egin ditugu esperientziak oso positiboak izan dira, asko ikasi dugu, eta gizartea zerga iruzurraren aurkako borrokan inplikatzearen garrantziaz jabetzeko ere balio digu ekimenak”, azaldu du Jokin Perona, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak. Guztira, 17 ideia aurkeztu dira lehiaketaren aurtengo ediziora.

          Sari banaketa gaur arratsaldean egin da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz Gunea espazioan. Bertan izan dira lehiaketan zein honen antolaketan parte hartu duten 30 lagun inguru. Foru Ogasuna oso eskertuta agertu da, eta lehiaketaren edizio ezberdinetan bidelagun izan diren eragileen ekarpena azpimarratu dute, hala nola unibertsitateak, BIC Gipuzkoa edota zentro teknologikoak. “Gizarte aurreratua izan nahi badugu, zerga iruzurraren aurka aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu eta, beti esan ohi izan dugun moduan, zerga iruzurraren aurka aurrerapausoak emateko modurik eraginkorrena gizarte kontzientziazioan inbertitzea da”, esan du Peronak.

Ideia irabazlearen sustatzailea den Ion Lamarianok azaldu duenez, proposatu dutena soluzio teknologiko bat da, TicketBAI sistemaren QR kodeak irakurtzeko gai dena. Irakurketa horiek guztiak Zergabidean egongo den erregistro batean gordetzea proposatzen du gero, herritar-kontsumitzailearen kontuan. Horrela, aplikazio honen bitartez herritarrak irakurri dituen QR guztien erregistroa gordeko da. “Sistema honen bitartez, herritarrak tiketa eskatzera bultzatzen dugu, eta gero hau saritu nahi dugu, Zergabidean erregistratu dituen faktura guztien zati bat kenkari bihurtuz”, azaldu du. 1.500 euroko diruzko saria eta MacBook Pro motako ordenagailua jaso ditu Lamarianok sari gisa.

Bigarren saria, berriz, talde batek aurkeztutako izan da: June Agirre, Eider Arbide, Lide Hidalgo, Janire Mujika eta Lorea Regil. ‘ZERGAtick?’ proiektuaren eskutik, proposatzaileek bilatzen dutena da “teknologia berriak erabiliz zuzenbidearen alorrean barneratzea da”, haur, nerabe eta gazteak fiskalitatearen alorrean duten ezagutzeko hobetzeko. “Gazteek beren bizitzan zehar oso hurbildik ikusiko dutela aintzat hartuta, fiskalitatearen aurrean gazteei nolabaiteko ezagutza eskaintzea da gure helburu nagusia modu dibertigarri, dinamiko eta konstantea ardatz nagusi hartuta. ‘ZERGAtick?’ aplikazioa 16-25 urte inguruko gazteei zuzendua egongo litzateke batik bat, hauek baitituzte zailtasun gehien fiskalitatearen hainbat kontzeptu ulertzeko”, azaldu dute. Kasu honetan, sari bezala, 750 euroko diruzko saria eta Iphone 13 telefono adimenduna jaso dituzte.

Hauez gain, lehiaketan beste lau aipamen berezi ere egon dira, eta hauen sustatzaileek diploma bana jaso dute: ‘Enpresak sortzeko zerga pizgarriak’ proiektua, Javier Gomezek aurkeztu duena; ‘Operazio binkulatuen eta balorazio akordioen balorazio zerbitzua”, Pablo Del Castillok aurkeztutakoa; ‘Zergapp’, Izaro Mendizabal, Elene Zabala, Naroa Gil, Maria Faces, Garazi Azkue eta Lorena Laderak aurkeztu dutena; eta ‘Ogasun eta Finantza departamentuko chatbota’, Ilazki Zalakainek aurkeztu duena. Peronak eskerrak eman dizkie denei ere, aurkeztu diren lan guztien kalitatea goretsiz.

  

4132