“Kontziliazioa gizonen eta emakumeen ardura izatea nahi dugu, ez bakarrik emakumeena”
“Kontziliazioa gizonen eta emakumeen ardura izatea nahi dugu, ez bakarrik emakumeena”
Olano: “Gipuzkoa berdintasun politiken buruan kokatuko duen bateratze plana prestatzeko aholkularitza onena lortu nahi dugu”
Gipuzkoako Foru Aldundia, datorren udaberrirako prest izan nahi duen bateratze plana amaitzen ari da. Prozesu horretan funtsezkoa da herrialde aurreratuetan eta erreferentziazkoetan aplikatutako esperientzietatik ikastea. Horretarako, ETORKIZUNA ERAIKIZ proiektua osatzen duten ekimen ezberdinen barruan, hemen izan dugu Suzanne Moll daniarra, berdintasunean eta komunikazioan aditua.
Suzanne Mollek, FVINFO zentroko zuzendariak (Danish Centre for Gender, Equality and Diversity), Danimarkako esperientzia azaldu du bizimodu pertsonala, familia eta lana bateratzeari dagokionez. Danimarka berdintasun indize handiena duen Europako herrialdeetako bat da, eta gaurko lan bileran, besteak beste, bere herrialdeko bateratze politikek eragin dituzten lorpenei buruz, eta oraindik dituzten erronkei buruz hitz egin du. Markel Olano diputatu nagusiak horrelako lan bileren garrantzia azpimarratu du: “Gipuzkoa berdintasun politiken buruan kokatuko duen bateratze plana prestatzeko onenen aholkularitza lortu nahi dugu. Kontzientziazioa eta erantzukizunaren partekatzea ere landuko ditugu, bateratzea gizonen eta emakumeen ardura izatea nahi dugulako, eta ez bakarrik emakumeena”. Era berean, gaineratu du gaurkoa bezalako esperientziek lagunduko dutela Foru Aldundia lantzen ari den kontziliaziorako Foru Plana prestatzen.
Gipuzkoako Foru Aldundia Etorkizuna Eraikiz sustatzen ari da, datozen 10 urtetan Gipuzkoan bultzatu nahi dituen proiektu estrategikoak diseinatzeko. Zeregin horretan, gizartearekin eta lurraldeko elkarte eta erakundeekin batera ari da lanean. Halaber, elkarte horiekin batera proiektu pilotu berriak eta asmo handikoak esperimentatu nahi ditu, ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren alorrean, Gipuzkoa modernizatzeko.
Etorkizuna Eraikiz proiektuaren barruan, Gipuzkoako Foru Aldundia hainbat topaketa egiten ari da beste herrialde batzuetako esperientziak ezagutzeko, eta gero esperientzia horiek Gipuzkoan ezartzen saiatzeko. Suzanne Moll Danimarkako komunikazio alorreko aditu nagusienetakoa da. KVINFO zentroko zuzendaria izateaz gain (Danish Centre for Gender, Equality and Diversity), Danimarkako hedabideetan eta sare sozialetan genero berdintasuna sustatzeko estrategiaren liderra izan da. Bere karrera profesionalean, Suzanne Moll Danimarkako irrati publikoko (DR) zuzendaria izan da eta hainbat egunkaritako editore.
Komunikazioko aditu hau bi egunez egongo da Gipuzkoan eta bete betea izango du bere agenda egun hauetarako. Gaur goizean, Aldundiko berdintasun zuzendaritzarekin elkartu ostean enpresa munduko gizarte eragile desberdinekin lan bilera bat izan du, eta genero berdintasunaz aritu dira. Arratsaldean, berriz, Gipuzkoa Lab proiektuan parte hartzen ari diren bi enpresetako ordezkariekin elkartuko da enpresetako bateratze neurriei buruz hitz egiteko. Topaketa horren ondoren, Landetxe eskolaurreko ikastetxera joango da, zuzenean ezagutzeko ikastetxe horretan bateratzearen inguruan eman diren pausoak.
Gaur, batez ere, enpresek berdintasun gaietan duten egoera ezagutzeko baliatuko du eguna; asteazkenean, aldiz, aditu daniarra EITB bisitatzera joango da euskal telebista publikoaren funtzionamendua gertutik ezagutzeko.
Euskadiko hedabide nagusia gertutik ezagutzeaz gain, Suzanne Mollek bere lan bilerekin jarraituko du; lehenik, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin, eta egunari amaiera emateko, Maribel Vaquero Foru Aldundiko Bizikidetzako zuzendariarekin.
Bilera horien bitartez ezagutu eta kontrastatu ahal izango ditugu Danimarkako eta Gipuzkoako erakundeek berdintasunaren eta kontziliazioaren alorrean egiten dituzten jarduerak, gero gure lurraldean ezarri ahal izateko. Azpimarratu behar da Suzanne Mollen eta Gipuzkoako erakundeen arteko harremana ez dela mugatuko bisita honetan egindako lan bileretara, Foru Aldundiaren asmoa jarraipena ematea baita.
“Gipuzkoa gizarte politiken buruan kokatuko duen bateratze plana prestatzeko aholkularitza onena lortu nahi dugu”
2161