Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour “Langileen partaidetzak alde guztiek helburu berdinak partekatzea eta enpresa proiektua indartzea dakar”

“Langileen partaidetzak alde guztiek helburu berdinak partekatzea eta enpresa proiektua indartzea dakar”

Josef Schelchshorn MAN enpresako giza baliabideen arduradunak langileriaren parte hartzea aldeztu du lehiakortasunerako erreminta gisa

Josef Schelchshorn

Langileen partaidetza sustatzeak enpresen proiektua sendotzea dakar, Josef Schelchshorn MAN enpresako giza baliabideen arduradunaren iritziz. “Langile eta zuzendaritzaren interesak lerrokatzen ditu, eta alde guztiek helburu amankomunak badituzte, konpainia bera biziki indartzen da”, azaldu du, azpimarratuz honek “etorkizunera begira kudeatzea” esan nahi duela. “Langileen partaidetzak enpresaren inguruko gardentasun osoa dakar zuzendaritzaren partetik, baina ordainetan konpainiaren arrakasta edota porrotaren ardura ere partekatzen da”, nabarmendu du, enpresa barruan errezeloak baztertu, batasuna sustatu eta konfiantza giroa sortzen laguntzen baitu.

            Schelchshorn Gipuzkoan da egunotan, Etorkizuna Eraikiz programak bultzatzen duen nazioartekotze sarearen baitan lurraldeko proiektu estrategikoak ezagutzen. Testuinguru honetan, topaketa egin da gaur goizean Hernaniko Orona Fundazioan, langileen parte hartzeak enpresen lehiakortasunari egin diezaioken ekarpenen inguruan. Schelchshorn Alemaniako kasua azaldu du, bertako enpresen kudeaketa partekatu ereduan sakondu eta bere bizitza profesionalean Hungarian eta Estatu espainiarrean izandako esperientziekin kontrastea eginez. Ekitaldiaren aurkezpena Markel Olano diputatu nagusiak egin du, eta Mondragon Korporazioko buru den Iñigo Ucin eta CIE Automotiveko presidente Anton Praderak ere hartu dute parte topaketan.

Olanok, bere hitzaldian, Etorkizuna Eraikiz programaren garrantzia nabarmendu du, “gaurkotasunetik biharko erronkei erantzuten hastea baitu xede”. Zentzu honetan, langileen partaidetzan jarri du azpimarra, “Aldundi hau legealdiaren lehen egunetik sustatzen ari den esparrua”. Diputatu nagusiak zehaztu duenez, egitasmo andana jarri du martxan foru erakundeak alor honetan: Ekonomia Sustapeneko departamentuak laguntza zuzenak eta finantzaketarako erremintak jarri ditu martxan, foru Ogasunak araudia moldatu du enpresa eskualdatzeetan langileriari erraztasunak emateko eta Etorkizuna Eraikiz programa gai honen inguruan ikerketa lerroak ireki eta esperimentazioa ariketak bultzatzen ari da.

            Olano bat etorri da Schelchshorn-ekin langileen partaidetzak dituen indarguneen kasuan, eta gogoratu du Gipuzkoa tradizio handiko lurraldea dela esparru honetan, kooperatibak edota sozietate laboralak adibide gisa jarriz. “Gipuzkoan jakitun gara partaidetza sustatzearen abantailez eta badugu geure eredu propioa”, esan du foru arduradunak. “Alde batetik, pertsonen inplikazioa areagotzen du enpresa proiektuarekiko, langileri eta zuzendaritzaren interesak lerrokatzearen alde eginez. Enpresa barruko giroa hobetzearen alde egiten du honek, ekonomia ehuna indartuz”, azaldu du. Diputatu nagusiaren iritziz, honek ekarpen garrantzitsua egiten dio talentuari eusteko saiakerei eta enpresak lurraldean sustraitzeko ahaleginari. “Ziur gaude honetan apustu egiteak lurralde bezala indartuko gaituela”, esan du.

            Azkenik, ekitaldia itxi duen hausnarketa dinamikan, Ucin eta Pradera ere bat etorri dira partaidetzaren garrantzia azpimarratzen lehiakortasunerako erreminta gisa. “Elementu garrantzitsuena da”, azpimarratu du Ucinek. “Nik uste etorkizuna bide horretatik etorriko dela, elkarlana nahitaezkoa da langileen eta zuzendaritzaren artean enpresaren arrakasta lortzeko, eta honen inguruko kontzientzia gero eta gehiago hedatzen ari dela deritzot”, nabarmendu du Praderak. Schelchshorn, bere aldetik, Alemaniako eredua arrakastatsua dela baina bere ustez esportatu ezina dela adierazi du. “Nire proposamena da: egin apustu langileak enpresan integratzearen alde, hori da etorkizuna da. Gardentasuna, konfiantza, errespetua… Gaur ikusi dudanagatik, bide onetik zoazte”, esan du.

  

1719