Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour “Lankidetzatik abiatuta, Gipuzkoa indartu dugu ekonomia aurreratu eta gizarte kohesionatu gisa”

“Lankidetzatik abiatuta, Gipuzkoa indartu dugu ekonomia aurreratu eta gizarte kohesionatu gisa”

Markel Olano diputatu nagusiak Etorkizuna Eraikiz ekimenak egindako ekarpena goraipatu du, gaur Tabakaleran egindako kontu emate ekitaldian

2023/03/31
Foru Aldundiak gizarteari kontuak emateko ekitaldia

Foru Aldundiak gizarteari kontuak emateko ekitaldia


Legegintzaldia amaitzeko aste gutxi batzuk falta direnean, Foru Aldundiak gizarteari kontuak emateko ekitaldia egin du gaur, eta lau urte hauetan ekonomia bultzatzeko, gizarte-politikak indartzeko edo trantsizio digital, demografiko eta ekologiko handiei erantzuna emango dieten etorkizuneko proiektu estrategikoak garatzeko egindako ibilbidea errepasatu du. “Denbora luzez polemika amaigabeetan kateatuta egon zen lurralde honetan, baita testuinguru global oso zail batean ere, lankidetzan oinarritutako etapa berri bat finkatzea lortu dugu, ekonomia aurreratu eta gizarte kohesionatu gisa Gipuzkoa indartu duten proiektuak aktibatuz. Duela lau urte emandako hitza bete dugu”, nabarmendu du Markel Olano diputatu nagusiak.

Tabakaleran egindako ekitaldian, Jose Ignacio Asensio bigarren diputatuorde nagusiak eta Eider Mendoza bozeramaile eta Gobernantzako diputatuak ere hartu dute parte, Foru Gobernu osoak lagunduta. Horrez gain, erakundeetako ordezkari ugari izan dira, besteak beste, Donostia, Urretxu, Elgoibar, Legazpi, Urnieta edo Azkoitiko alkateak, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidentea, Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramailea Batzar Nagusietan, eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea.

Era berean, gizarte zibil antolatuaren 300 ordezkari inguru izan dira ekitaldian, Aldundiak legegintzaldian elkarlanean bultzatutako politika publikoetan lurraldeko ehun sozioekonomikoak izan duen parte-hartzearen isla. Bai ekonomia eta enpresa mundukoak – ADEGI, Gipuzkoako Ganbera, Confebask, Elkargi, CAF, BIC Gipuzkoa, Kutxabank, Elkar, VIVEBiotech, Katea Legaia, ASLE, garapen agentziak…–, bai eta hirugarren sektore sozialekoak ere –Matia Fundazioa, Gautena, Gurutze Gorria, Agifes, Adinkide, Sutargi, Emaus-, I+G+b esparrukoak –Cidetec, Tecnalia, Polymat, CEIT, Lortek, BRTA, Innobasque…–, arlo akademikoa lurraldeko lau unibertsitateekin, eta hainbat eragile, hala nola Eusko Ikaskuntza, Aranzadi eta Agirre Center.

Olanok COVID-19aren ondorioz Gipuzkoan hildako pertsona guztiak gogoan hartuta ekin dio hitzaldiari. “Aurrekaririk gabeko pandemia izan zen, eta legegintzaldiaren lehen zatia erabat baldintzatu zuen. 2019-2023 Kudeaketa Planean mugatutako ibilbide-orria birformulatzera behartu gintuen, birusak eragindako ondorio latzei aurre egin ahal izateko: pertsona eta gizarte arlokoak, bereziki, baina baita ekonomikoak ere, hainbat sektoretan inpaktu handia izan baitzuen. Une gogorrak izan ziren, eta gure lehentasuna krisiari aurre egiteko salbuespenezko neurrietan oinarritu zen, aldi berean etorkizuneko proiektu estrategikoak lantzen jarraitzen genuen bitartean, gizarteari egin geniezaiokeen ekarpenik onena bi plano horiek uztartzea zela jakinda”, gogorarazi du.

Zentzu horretan, diputatu nagusiak ez du zalantzarik izan Etorkizuna Eraikiz Foru Aldundiak gauzatutako ekimenik garrantzitsuena dela esateko. “Izan ere, lankidetza gune ireki bat finkatzea ahalbidetu du, non denok batera, aniztasunetik abiatuta, erronkak eta konponbideak adostu ditugun, aurrerapen sozial eta ekonomikorako bidean aurrera eginez eta desberdintasunei aurre eginez. Gipuzkoa lurralde solidarioa, parte-hartzailea, kritikoa eta konprometitua da, eta Etorkizuna Eraikizek indar komunitario guztia eta daukagun potentzial berritzailea aktibatzea ahalbidetu du. Ibilbide-orri horren barruan egindako aurrerapen guztiak herritarren eta lurraldeko eragileen eta erakundeen lorpena dira”, adierazi du.

Ekitaldian zehar xedatu den bezala, elkarlaneko gobernantzako ekimenaren esparruan erreferentziazko 11 proiektu eta estrategia hedatu dira (MUBIL, Adinberri, Naturklima, Ziur, Arantzazulab, Badalab, 2deo, LABe, Elkar-Ekin Lanean, Quantum eta Gantt), 45 proiektu esperimental, herritarrek bultzatutako 150 proiektu eta think tank bat, non ospe handiko eta ibilbide luzeko 90 pertsonak lan egin duten enpleguaren eta ongizate-estatuaren etorkizunaren, kultura politiko berriaren eta susperraldi berdearen inguruan. “Horrek guztiak modu erabakigarrian lagundu du politika publikoak aberasten eta eraldatzen, eta ilusioz beteriko proiektuak gauzatzen”, Olanok azpimarratu duenez.

Horien artean, besteak beste, honako adibide hauek jarri ditu mahai gainean: Elkar-Ekin Lanean, urtero bazterketa egoeran edo arriskuan dauden 5.000 pertsona gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak garatzea ahalbidetu duena duena; enpresa-eredu parte-hartzailea bultzatzea, neurri fiskalak barne, horien bidez 2.315 langilek 432 enpresaren jabetza hartu baitute kolektiboki; Zaintza HerriLab, 12 udalerritan ekimen aitzindari bat hedatzen ari dena zaintzako tokiko ekosistemak bultzatzeko, hauskortasun eta mendekotasun egoeran dauden eta beren etxean bizi diren adineko pertsonen arreta eta zaintza hobetzeko; eta Teknologia Kuantikoen Poloaren garapena, berriki IBM enpresarekin lortutako akordioarekin bultzada nabafmena jasu duena, eta sekulako etorkizuna duen esparru honetan Gipuzkoa eta Euskadi Europa hegoaldeko nodo nagusi bihurtuko dituena.

“Mundu mailako erronka”

Azkenik, diputatu nagusiak aste honetan Bruselan Etorkizuna Eraikiz kasua aurkeztu izana izan du hizpide. “Gipuzkoako elkarlaneko gobernantzaren ereduak Europako erakunde nagusiengan sortzen duen interesa egiaztatu ahal izan dugu. Demokraziak indartzea mundu mailako erronka da, autoritarismoaren, populismoaren eta ezaugarri desberdineko muturreko mugimenduen hedatzearen aurrean. Desafekzio politikoak halakoak ugaritzea dakar, baina guk Gipuzkoa kontrako norabidean eraiki nahi izan dugu: lankidetzaren bidez demokrazian sakonduz, herritarrengana hurbilduz, eta eragile sozial, ekonomiko, akademiko edo kulturalak politika publikoen diseinuan, abiaraztean eta ebaluazioan inplikatuz, betiere ikuspegi berritzaile eta eraldatzaile batekin”, amaitu du.

Bestalde, Ingurumena eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, Jose Ignacio Asensiok, koalizio gobernuak azken zortzi urteetan egindako lana goraipatu du. "Gipuzkoa geldirik eta norabiderik gabe genuen, inoiz lehen lerro politikoan egon behar izan ez zuten arazoekin, eta aurreko gobernuak sortutako egoera kaotiko bati aurre egin genion", nabarmendu du, egungo foru gobernuak lurraldearen zentraltasun sozial eta politikoa ordezkatzen duela azpimarratzeko. Zentzu horretan, aitortu du bere ustez “egonkortasun hori eta herritarrentzako kudeaketaren ikuspegi hori izan direla beti gobernu honek izan duen balio nagusia, herritarren arazoak konpontzen jardun baitu, beste abentura batzuetan sartu gabe”.

Azkenik, Gobernantzako foru diputatuak, Eider Mendozak, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren “errotzea” eta “hedapena” nabarmendu ditu, 60.000 pertsona eta 1.500 eragile, erakunde eta elkarte baino gehiago bildu baititu bere ibilbidean zehar. “Eskerrak eman nahi dizkizuet ariketa kolektibo honetan zuen denbora eta konpromisoa eskaini duzuen guztioi. Tresna eraginkorra dugu, lankidetzan oinarritua, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Aitzindariak izan gara eraldaketa-prozesuak abian jartzen, baina baina hau etengabeko bidea da eta ez du atzera bueltarik, erronka berriak agertzen direlako eta lehendik genituenek etengabe moldatzea eskatzen dutelako”. Adibide gisa aipatu ditu MUBILek “gure industria sarea babestuz eta indartuz” mugikortasun eredu berri bat ezartzearen alde egindako apustua, Badalabek berrikuntzatik abiatuta euskara biziberritzearen alde egindakoa eta Adinberrik zahartze-prozesuari zaintza-eredu berri batekin aurre egitearen alde egindakoa, aldi berean ‘Silver Economy’ delakoaren potentziala maximizatuko duena.

  

2727