“Normaltasunera gerturatzen ari gara, baina COVID-19 gaitzaren aurrean ezin dugu erlaxatu”
“Normaltasunera gerturatzen ari gara, baina COVID-19 gaitzaren aurrean ezin dugu erlaxatu”
Foru erakundeak espero du datozen egunetan jasoko dutela alta egoitzetan diagnostiko positiboarekin jarraitzen duten azken egoiliarrek.
Gipuzkoako egoitza sareetako erabiltzaileen familiek erakutsi duten jarrera, ahalegin eta lankidetzarako borondatea eskertu ditu gar Foru Aldundiko foru bozeramaile den Eider Mendozak, COVID-19 gaitzak eragin duen mundu mailako pandemiaren ondotik etorri den krisialdian. “Gure zentro sarean sei dira diagnostiko positiboarekin jarraitzen duten egoiliarrak, eta espero dugu datozen egunetan jasoko dute alta”, aurreratu du Mendozak, gaineratuz ez zela posible izango gaixotasuna menderatzea familien laguntzarik gabe. Hala ere, ez erlaxatzera deitu du “pandemia ez baita oraindik bukatu”, eta azaldu du Aldundiak eskura dituen segurtasun eta aurre hartze neurri guztiak aplikatzen jarraituko duela, egoitzetan gaitzaren edozein berragerpen mota ekiditeko.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean foru Jauregian egin den Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bide batez, aukera baliatu du gogoratzeko Gipuzkoako atzo sartu zela deseskaladaren hirugarren fasean, eta honek ekarri dituen aldaketen errepasoa egin du. Horrela, lurraldeak hobera egin duela nabarmendu du birusaren kontrako borrokan, azken asteetan bi kasu berri zenbatu baitira eta “adierazle nagusi guztiak hobera egiten adi direlako”. “Adinekoen egoitzetan, bere aldetik, ia hilabete daramagu heriotzarik gabe. Sei dira geratzen zaizkigun kasu positiboak, eta une hauetan pertsona hauen errekuperazioan ari gara gure ahalegin guztiak jartzen”, adierazi du.
Hobekuntza honen eskutik, lurraldeko egoitzek atzo egin zituzten aurrez aurreko lehenengo bisitak, oraingoz pertsona batera mugatuta eta astean behin egin ahal izango direnak. “Emozio karga handiko topaketak izaten ari dira, eta dena ondo joan da lehenengo egunean zehar; moral injekzio nabarmena izan da, bai bisita egiten duenarentzat zein jasotzen duenarentzat”, esan du. Sarrera berriei dagokionean, oraingoz urgentzia kasuetara mugatuta daude, eta 15 eguneko aurretiazko berrogeialdia egin beharra dago. Gainera, COVID-19 krisian zehar etxera itzuli ziren egoiliarrak ere hasi dira pixkanaka egoitzetara itzultzen. Bestalde, eguneko zentroek ere atzo ireki zituzten ateak, eta hemen ere normaltasuna izan zen nagusi. Azkenik, Mendozak iragarri Aldundiak aste honetan utziko diola pandemiaren jarraipena egiten duen eguneko parteak igortzeari, “kasu positiborik gabe geratu bezain pronto”. “Ondorioz, lehenbailehen egitea gustatuko litzaiguke”, esan du.
Bestalde, funtzio publikoari dagokionean, ezohizko neurriak kentzen jarraitzen du Aldundiak. Atzotik, eta uztailaren 3ra bitartean, langileen % 100 aurrez aurreko modalitate arruntera itzultzen joango da, gradualki. Hala ere badira, salbuespenak, tarte honetan ere telelanean edo modalitate mistoan jarraitu dezaketenak: kontziliazio behar bereziak dituztenak, adineko mendekoak zaindu behar dituztenak, inguruan pertsona kalteberak dituztenak… Ondoren, uztailaren 4tik irailaren 6ra bitartean ere modalitate mistoan (gutxienez astean bi egun aurrez aurre) aritzeko aukera egongo da, beren kargura adingabeak dituzten langileen kasuan (14 urtera bitartekoak).
Epe motzean, Mendozak gogoratu du gizarte politika eta ekonomia sustapena direla foru erakundeak bere agendan hizki larriz jaso dituen bi gaiak. “Bereziki kezkatzen gaitu ekonomiaren sustapenak, eta horretarako hau berpiztea helburu duen neurri sorta jarri dugu martxan”. Besteak beste, hizpide izan ditu Suspertze Ekonomiko eta Sozialerako Plana, zuzenean 28 milioi euro jartzen ari dena lurraldeko eragile ekonomiko eta sozialei laguntzeko; arlo fiskala, bereziki jarduera ekonomikoa egiten duten zergadunei laguntzeko neurri ezberdinak onartu baitira, guztira 700 milioi eurotik gorako inpaktua izango dutenak; eta gobernantzaren esparrua, non mahai sektorial ezberdinak antolatu diren, eta “Gipuzkoako aktore nagusiekin zuzenean gauden harremanetan, dituzten beharrei ahalik eta modu egokienean erantzuteko asmoz”.
“Hala ere, normalitate berrira igarotzeko bide honetan, gure lurraldeak oraindik bere behar nabarmenak ditu, ahalik eta epe laburrenean konpondu beharko liratekeenak. Alde batetik, mugaren afera dago. Bidasoa eskualdearen errealitatea ezin da ulertu ibaiaren iparraldera geratzen diren lurrak gabe, eta bertako normalitatea berreskuratzeko ezinbestekoa da mugaren irekiera. Horregatik, eskumenak dituzten administrazioei eskatzen diegu ahalik eta lasterrean irtenbidea eman diezaion kontu honi”, eskatu du Mendozak. Lerro berean, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugikortasunaren aferari irtenbidea ematea ere aldeztu du Mendozak, “Iparralderen kasuan bezala, Nafarroarekin duen harremana berreskuratzea ezinbestekoa da Gipuzkoako eragile sozial eta ekonomiko askorentzako”.
Euskara arloko dirulaguntzak
Bestalde, 2020ko euskara arloko dirulaguntza deialdia ere onartu du Diputatuen Kontseiluak. Lerro hauen helburuak honako arlo hauek finantzatzea izango da: euskara sustatzeko proiektu eta jarduerak (elkarteak); euskararen erabilera soziala normalizatzeko tokiko planak (udalak); eta informazio eta komunikazio teknologiak erabiliaz, edukiak euskaraz sortu eta hedatzeko proiektuak (IKT eragileak). Guztira, 957.000 euro bideratu dira deialdi honetara eta, beharrak handiagoak badira, zuzkidura handitzeko aukera dago.
Pasa den urtean, dirulaguntza deialdi honi esker, 151 proiektu finantzatzen lagundu zen, betiere euskararen sustapenarekin lotutakoak. Euskara sustatzeko proiektu eta jardueren atalean, 52 elkarte lagundu ziren diruz, 8.770 euro bataz beste. Euskararen erabilera soziala normalizatzeko tokiko planei dagokionean, 71 udalek jaso zuten dirulaguntza, bataz beste 5.636 eurokoa; eta azkenik, IKTak erabiliaz, edukiak euskaraz hedatzeko proiektuen kasuan, alor honetako 28 eragileri lagundu zitzaion, 8.534 euroko laguntzarekin bataz beste.
“Orokorrean, ekimen hauen guztien oso balorazio positiboa egiten dugu eta horregatik, dirulaguntza deialdi honek jarraipena izango du aurten”, azaldu du Mendozak. Gaineratu duenez, laguntza lerro honek helburu ezberdinak erdietsi nahi ditu: euskararen erabilera soziala hedatzeko jarduerak sustatzea, ikus-entzunezkoetan euskararen erabilera bultzatzea, udaletan euskararen normalizazio programak garatzeko laguntza, euskarazko toki hedabideen jarduerak laguntzea…
Azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoak, Euskadiko herritar guztiek hizkuntzaren esparruan dituzten eskubide nagusiak xedatzen ditu, eta, ondoren, eskubide horiek hedatzen ditu bizitza sozialaren esparru guztietara. Legeak, halaber, erakunde bakoitzak dituen eskumenen barruan herritarrenganako hizkuntza politika aintzat har dezaten agintzen die herri administrazioei, besteak beste bizitza sozialaren alor guztietan euskararen erabilera sustatuz. “Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez betetzen du legeak agindutako sustapen lan hori, euskararen erabilera sozialaren esparruan lanean ari diren elkarteei, erakundeei eta norbanakoei dirulaguntzak emanez”, gogoratu du foru bozeramaileak.
“Gipuzkoa lurralde euskalduna da, eta euskaraz bizi nahi du. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren nahia eta asmoa da herrialdearen errealitate soziolinguistikoarekin bat etortzea Foru Aldundiaren hizkuntza jarduerak eta euskararen sustapenerako garatuko dituen ekimenak. Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde lan egingo du Foru Aldundiak, bere jardueran euskarari lehentasuna emanaz eta euskaraz bizi ahal izatea legez bermatzeko urratsak indartuz”, azpimarratu du. “Betiere, berdintasunaren ikuspegitik egiten dugu lan: Gipuzkoa desberdinkeriarik gabeko lurraldea izatea nahi dugula esaten dugunean, hizkuntzaren ikuspegitik ere ari gara hizketan”, amaitu du.
1573