Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour "Onartezina da emakumeek oraindik ere jaiez askatasunez eta seguru ezin gozatzea"

"Onartezina da emakumeek oraindik ere jaiez askatasunez eta seguru ezin gozatzea"

Imanol Lasa diputatuak bat egingo du asteburuan gertatutako eraso sexistak salatzeko elkarretaratzearekin, gaur eguerdian Donostian

2018/08/14

Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den asteburuan Donostian izandako gertaera sexistak salatzeko Udalak gaur egingo duen elkarretaratze deialdiarekin bat egiten du. Gaitzespenik irmoena erakutsi eta gertaeren salaketa egiteko kontzentrazioa, eguerdiko 12:00etan egingo da Alderdi Ederren eta foru erakundearen ordezkari gisa bertan izango da Imanol Lasa foru diputatua. Bi dira aipatutako gertaerak: batetik, gizon bat atxilotu zuten igande goizaldean emakumezkoek pixa egin ohi duten leku batean bideo kamerak jartzen ari zela. Bestetik, ukitzeak egiteagatik gizonezko baten salaketa bat jaso da bart goizaldean. Gertaeron aurrean, Donostiako Udalak salaketa elkarretaratzea deitu du 12:00etan Alderdi Ederren eta foru ordezkari gisa, han izango da Imanol Lasa diputatua.

            "Asteburu honetako erasoek beste behin ere agerian jarri dute emakumeek oraindik ezin dutela jaiez askatasunez eta segurtasun osoz gozatu", dio Imanol Lasak, eta "onartezina" da foru bozeramailearentzat "emakumeek oraindik espazio publikoa, kale eta hiriak, berdintasunean ezin erabili ahal izatea". Hala, foru bozeramaileak herritar guztiei egin die deia konpromisoa har dezaten "guztiok berdin bizi ditzagun gure herri eta hirietako jaiak". Lasak uste du gizarteak irmoki eta modu zabalean eutsiko diola konpromiso honi eta herritarren eta erakundeen arteko elkarlanarekin jarraitzeko deia egin du: "elkarrekin edozein motatako portaera matxistaren aurrean gaitzespenik irmoena erakutsiz, maila guztietan emakumeen kontrako indarkeriarekin behin betiko amaitzeko urrats argiak emanez".  

            Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundia emakumeen kontrako indarkeriaren aurka egiten dabilen lana azpimarratu du Lasak, berretsiz erakundearen konpromiso nagusietako bat dela "Gipuzkoa matxismoarekiko zero tolerantzia duen lurraldea bilakatzea".

  

1587