“Orain inoiz baino gehiago, gure industriaren aldeko apustua indartzeko momentua da”
“Orain inoiz baino gehiago, gure industriaren aldeko apustua indartzeko momentua da”
Makina erremintaren “gihar teknologikoa” nabarmendu du diputatu nagusiak Hannoverren.
Lurralde eta herri gisa industriaren aldeko “apustu sendoari” eusteko beharra aldarrikatu du gaur Markel Olano diputatu nagusiak, merkatuetan zabaltzen ari den ziurgabetasun ekonomikoen testuinguruan. “Orain inoiz baino gehiago, Gipuzkoako enpresa eredu berritzaile, lehiakor eta mundura irekiaren alde egiteko unea da”, adierazi du, Hannoverreko EMO azokan lurraldeko makina erreminta erakusten ari den “gihar teknologiko indartsua” bertatik bertara ezagutu ondoren. Sektore honetan mundu mailako hitzordu garrantzitsuenetarikoa da Alemanian egiten den feria industrial handi hau.
Ekonomia Sustapeneko diputatu Imanol Lasarekin batera, azokan egon den Foru Aldundiko delegazioaren buru izan da Olano. Gisa horretan, diputatu nagusiak babesa erakutsi nahi izan die bertan stand propioa jarri duten Gipuzkoako 28 enpresei –45 etorri dira, guztira, Euskaditik–. Bisita probestuz sektoreak eta merkatuak, oro har, bizi duen egoerari buruz iritziak trukatu ahal izan dituzte ordezkari industrialekin. AFM fabrikazio aurreratuko klusterreko zuzendari nagusia, Xabier Ortueta, bidelagun izan dute EMOra egindako bisitan. Ekonomia Sustapeneko eta Berrikuntzako foru zuzendariak, Iker Estensoro eta Jon Gurrutxaga, hurrenez hurren, Hannoverren izan dira, baita ere.
“Enpresek transmititzen digute lasai baina aldi berean kezkati daudela, datu makroekonomikoek erakutsi arte zer gerta daitekeen datozen hilabeteotan eta, zehatzagoak izanda, datorren urtean bertan”, azaldu du diputatu nagusiak. Gehitu duenez, hainbat arrazoi direla medio –Brexita, AEB eta Txinaren arteko merkataritza gerra eta Alemaniak bizi duen moteltzea, kontuan izanda Europako industriaren liderra dela–, merkatuen hozte bat gertatu da, horren ondorioz ziurgabetasuna “areagotzen ari da” eta ekonomiari eragin diezaioke horrek “epe laburrean”.
Ekonomiari bultzada, “lehentasun erabatekoa”
Horrela, makina erremintako gipuzkoar enpresentzat EMO azokak “berebiziko” garrantzia hartu du urtearen azken txanpa honetan eta gainera “termometro egokia” bihurtu da Kontinente Zaharreko industriaren tenperatura neurtzeko. “Hitzordu honetan garbi geratu da gure enpresen gihar teknologiko eta berritzaile indartsua. Berrikuntzan, nazioartekotzean eta digitalizazioan emandako aurrerapausoei esker, gure makina erreminta oso ongi kokatua dago munduko merkatuetan. Elkarlanari eutsi behar diogu, ezaugarri horiek sendotzen jarraitzeko, gipuzkoar enpresa eredu hori sustatzeko, ziurgabetasuna areagotzen ari den testuinguru honetan”, baieztatu du Olanok.
Gipuzkoako Foru Aldundia 2019-2023 Kudeaketa Plan Estrategikoa lantzen ari da azken aste hauetan eta, aldi berean, datorren urteko aurrekontuak prestatzen dihardu. Testuinguru horretan kokatzen da EMOra foru ordezkariek egindako bisita. Diputatu nagusia eta Ekonomia Sustapeneko diputatua hainbat bilera edukitzen ari dira lurraldeko eragile sozio-ekonomikoekin, ekarpenak jaso eta erakundearen legealdi honetako bide orria aberasteko. Aldundiko talde ekonomikoak, baita ere, zenbait aditurekin kontaktuak izan ditu europar eta alemaniar industriaren azken ordua ezagutzeko eta Gipuzkoa punta-puntako lurralde industrial gisa ezagutzera emateko.
Markel Olanok gogorarazi duenez, aurreko legealdian Ekonomia Suspertzeko Plana abian izan du Aldundiak, zeinek, urteko 50 milioiko aurrekontuarekin, “bultzada nabarmena” eman dion lurraldeko ekonomia ehunari. “Zalantzarik gabe laguntza horrekin jarraituko dugu, gipuzkoar enpresengandik oso gertu. Esku artean dituzten desafioei aurre egiteko bidelagun izango gaituzte”, hitza eman du, eta foru gobernuarentzat ekonomiaren sustapena “lehentasun erabatekoa” izango dela aurreratu du. “Industria lehiakor batek soilik emango digu politika sozial aurreratuak mantentzeko modua, gaur egungo gizartearen beharrei erantzunez eta gehien behar duten kolektiboei lagunduz”, aipatu du.
Horretarako, Foru Aldundiak “are eta estuagoa” izango den erlazioa nahi du lurraldeko industria ehunarekin, enpresa txiki eta ertainek aurrean dituzten desafio eta arazok gertutik ezagutzeko. “Apustu industrial sakona” eskatzen du horrek, diputatu nagusiaren esanetan, eta espezializazio adimentsurako egitasmoekin osatuko da, RIS-3 Euskadiko estrategiarekin bat eginez, zibersegurtasuna, elektromugikortasuna, gastronomia digitala eta zahartzeari lotutako ekonomia bezalako etorkizuneko sektoreei lotuta.
“Industriak, bere osotasunean, estrategia honekin bat egitea nahi dugu, guztion artean gure industriaren lehiakortasuna bermatu dezagun ez bakarrik epe motzean, baizik eta epe ertain eta luzean, baita ere. Apustu horietan fabrikazio aurreratuak eta makina erremintak lehen mailako papera jokatzen dute, sektore enblematikoa delako, oso sustraitua, berrikuntzaren eta digitalizazioaren alorrean bidegilea dena”, goraipatu du diputatu nagusiak.
Hannoverreko EMO mundu mailako azoka industrial nagusienetarikoa da eta aurten 130.000 bisitari baino gehiago jasotzea aurreikusten du. Erakustokiak 180.000 metro karratu ditu eta 2.200 enpresek beren aurrerapen teknologikoak bertaratu dituzte edizio honetan. Fabrikazio aurreratua, konektatutako makinak, robotak, automatizazioak, fabrikazio aditiboa eta abar.
Gipuzkoako eta Euskadiko enpresek AFM Advanced Manufacturing Technologies klusterraren eskutik parte hartzen ari dira EMOn. Estatu osotik etorritako 69 enpresetatik –7.000 metro karratu, guztien artean–, gipuzkoarrak dira 28. Zifra horiek garbi adierazten dute gipuzkoar makina erramintaren pisua Euskadin eta Estatu osoan.
2189