#OrainBerdintasuna Martxoak 8: Aldundiaren adierazpen instituzionala
#OrainBerdintasuna Martxoak 8: Aldundiaren adierazpen instituzionala
Legealdi berri honetan Gipuzkoa “Orain”ean kokatzen da. Orain atzeraezina da, eta erantzukizun sozial eta politikoa eskatzen du, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako apustu argia eta premiazkoaren alde.
Martxoaren 8a nazioarte mailako ospakizun eguna, aldarrikapena egiteko eguna eta, gero eta gehiago, ekintzarako deia egiteko eguna da. Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrak gonbidatu nahi ditu Emakumeen Nazioarteko Egunaren hiru alderdi horietara bil daitezen.
Egun honen jatorriak gogora ekartzen digu egunak berak gizarteak erdietsitako lorpenekin duen lotura, bereziki, emakumeek erdietsitakoekin, gure gizartean berdintasunaren printzipio demokratikoa errealitate bihurtzeko. Herritarrak zoriondu behar ditugu gero eta txikiagoa delako emakumeen diskriminazioarekiko tolerantzia. Lorpen demokratiko garrantzitsua da, baina ez da nahikoa. Gogoratu behar dugu oraindik asko dagoela egiteko emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunik gabeko gizartea eraikitzeko. Eta egun honen jatorria gogoratzen dugu, batez ere, esparru sozioekonomikoan.
Hori dela eta, beste irakurketa beharrezko eta premiazko batzuk baztertu gabe, aurten dei berezia egin nahi dugu Gipuzkoako gizarte osoaren partekatutako lanaren alde eta erakundeen, enpresarien eta langileen konpromisoaren alde, gizarte demokratiko bat ezin baita eraiki emakumerik gabe.
Legealdi berri honetan Gipuzkoa “Orain”ean kokatzen da. Orain atzeraezina da, eta erantzukizun sozial eta politikoa eskatzen du, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako apustu argia eta premiazkoaren alde.
Lan arloan, zifrek oraindik ere erakusten dute desberdintasun nabarmenak daudela gure lurraldean. Gipuzkoako emakumearen batez besteko errenta pertsonala gizonezkoarenarekin alderatuta % 61 da bakarrik. Soldata desberdintasunak handitzen jarraitzen du Euskadin, eta, aurten, emakumeek gizonezkoek baino % 25 gutxiago kobratu dute.
Baina badaude gogoratzea komeni den datu gehiago. Gipuzkoan lan partziala eta prekarioa duten 10 pertsonetatik 8 emakumeak dira. Kalitate baxuko enpleguak dira, nahi gabeko lanaldi partzialak, normalean lanpostuaren eskakizunek edo familia egoerek inposatutakoak, eta horietan, erantzukizunak, gehienetan, emakumeena izaten jarraitzen du; jaiotzagatik jasotzen diren prestazioak emakumeentzat izaten jarraitzen dute, eta baita ere ardura partekatzea eta lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko neurriak erabiltzea.
Beraz: lanerako aukera gutxiago, enplegu txarragoak, soldata txikiagoak. Hiru ardatz horien inguruan eraikitzen da emakumeen enplegua.
Datu horiek guztiek erradiografia argi bat eskaintzen digute, eta hark erakusten du oraindik asko dagoela egiteko.
Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernu taldeak konpromiso hauek hartzen ditu:
Berdintasun eta ekitate printzipioak guztientzat lantzea, gure lurraldeko ekonomia suspertzen laguntzeko.
Langile guztien lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko estrategiak sustatzea.
Ardura partekatzearen balioa bultzatzea maila guztietan, bai familia esparruan, bai lan esparruan, eta azken honetan bereziki, ardura partekatze hori hedatzea langileen arteko pertsonarteko harremanetara eta baita ere lan eta enpresa komunitatearen arteko harremanera.
Estrategiak garatzea pertsonaren harreman esparru guztietan sexu-abusuak eta indarkeria matxista prebenitzeko eta desagerrarazteko; horretarako, giza eskubideen errespetuan oinarritutako balio etikoak, gizarte aurreratu bati dagozkionak, aldatzea eta berreskuratzea bultzatuko da.
Azkenik, herritarrak gonbidatu nahi ditugu modu aktiboan parte hartu dezaten martxoaren 8a dela eta antolatzen diren hainbat jardueretan, eta bereziki gonbidatu nahi ditugu Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak prestatu duen ekitaldira: “Gipuzkoa, lan-berdintasuna Orain”. Berau eztabaidarako mahai inguru bat da, gizarteko eta lan esparruko eragileekin.
1890