Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour "Oso garrantzitsua da euskara politikatik aterpetuta egotea"

"Oso garrantzitsua da euskara politikatik aterpetuta egotea"

Istiluetatik ihes egin eta zubiak eraikiz, Irizarrek gipuzkoarrok eroso sentiarazten gaituen hizkuntza zoru komun bat eraikitzeko asmoz ekin dio lanari Aldundian

Hizkuntza berdintasun zuzendaria, Mikel Irizar
Lau hilabete daramazkizu euskara zuzendari bezala. Markel Olanoren deiak harritu zintuen?

Dei horrek jende asko harritu zuen eta ni neu ere bai. Ohikoa izaten da gobernu batek alderdiak inguruan daukan jendearekin bere egitura osatzea. Nire ibilbidea oso nirekoia izan da. Alderdi batekoa izatekotan Mikel Irizarrena izango nintzake.

Zer esan zizun Markel Olanok?

Sektorean murgilduta eta gobernuarekin kolaboratzeko prest zegoen norbait nahi zuela. Irekitasunez eta anbizioz jokatzeko eskatu zidan eta, zentzu horretan, oso eroso sentitu nintzen. Ilusio handiz hartu nuen izendapena.

Zer pentsatzen duzu bilatzen duela zugan Foru Gobernuak?

Irekitasunez eta gizarteari begira kudeatzen duen pertsona bat. Nire ibilbidean beti egon naiz zubiak eraikitzen, beti saiatu naiz aglutinatzaile izaten. Hizkuntza gaiak oso delikatuak dira eta babes bat eskatzen dute. Beti aldarrikatu dut arnasgune politiko bat euskararentzat. Hizkuntzataz ari garenean, bizikidetzaz ere ari gara. Denok eroso egoteko moduko zoru bat eraikitzea oso mesedegarri izango litzateke. Horrek aukera ematen digu nahi duenak euskaraz bizitzeko, eta nahi duenak gaztelaniaz egiteko, aldi berean elkar ulertuz eta elkar onartuz.

Zer behar da zoru hori eraikitzeko?

Oso garrantzitsua da euskara politikak dituen ezaugarrietatik aterpetuta egotea.

Zein da Aldundiak euskararekiko proposatuko duen plana datozen lau urteetarako?

Definitzen ari gara. Aldundiak berak bere plan estrategikoa egin du eta gu zuzendaritzarena zehazten ari gara.

Zein da erronka nagusia?

Berrikuntza ildoak identifikatzea. Inpresioa da azkeneko 30 urteetan gauza asko egin ditugula ondo, baina besterik gabe egin dugun hori errepikatzearekin ez ditugula hazkunde erritmoak errepikatuko. Zerbait berria egin behar dugu edo gutxienez zer egin dezakegun hobe identifikatu behar dugu erritmo batzuk aldatzeko.

Nola egin daiteke hori?

Konturatu naiz oro har euskalgin-tzako eragile desberdinetan ez dagoela ziurtasun garbi bat hamar edo hogei urte barru non egon nahi dugun eta zer egin behar dugun hor egoteko. Zalantzak daude, inseguridadeak daude eta elkarrekin asko hitz egin behar dugu modu eraikitzailean eztabaidatu identifikazio hori egiteko.

Legealdi honetako euskera politikek haustura ekarriko dute aurretik egindakoarekin?

2016ko aurrekontuak ez du alderik 2015koarekin eta hori denbora irabazteko egin dugu. Zuzendaritzako plan estrategikoa urte hasierarako bukatuko dugu eta gero, prozesu partehar-tzaile bat ireki nahi dugu, uda bitartean, euskara eragileekin hausnarketa bat egiteko eta berrikuntza palankak identifikatzeko. Horren neurrian joango ginateke 2017ko aurrekontua eraldatzen eta nolabaiteko aldaketak egiten. Ikusten badugu aurrekontua goitik behera eraldatu behar dugula, izan dadila prozesu horren ondorioz eta ahal den neurrian adostuta edo gutxienez eztabaidatuta.

Nola aurkitu duzu euskararen egoera Aldundiaren baitan?

Ondo. Ezagutzen nuen, ez hain barrutik, baino mahai honen beste aldean askotan egon naiz. Aurreko lau zuzendariekin izan dut tratua eta hizkuntza aldetik hemen emandako iraultza ikusi dut. Gaur egun euskara gaitasuna oso altua da eta erabileran ere badaude departamentu batzuk euskaraz funzionatzen dutenak. Goraipatzekoa da nola ibilbide honetan ez den aurrera eta atzera pausorik egon, beti garatu da lehen egindakoaren gainean. Nik ere gauza berdina planteatzen dut: lehen ondo egindakoaren gainetik gauzak osatzea.

Aurreko gobernuaren plangintzaren helburuetako bat aurten bertan Foru Aldundiko zerbitzu guztiak euskaraz ematea zen. Zein neurritan lortu da helburu hau?

Oso hurbil gaude. Azken ebaluazio bat pendiente daukagu baina hurbil gaude. Dagoeneko, Aldundira datorren edonork nahi duen hizkuntzan jaso dezake zerbitzua. Urratsak ematen ari gara euskara lan hizkuntza eta komunikazio hizkuntza ere izan dadin.

Zenbat gelditzen da egoera bikain batera iristeko?

Epeak jartzea arriskuak dakar pentsatzen dugulako gauza hauek bukatu egiten direla, euskararen aldeko lana bukatu egingo dela. Euskararen biziberritzeak beti eskatuko du jarrera positibo bat eta konstantzia bat.

Zeintzuk dira zailtasun nagusiak?

Hizkuntza handiz inguratuta gaudenez, beti eduki behar dugu jarrera aktibo bat eta konpromiso bat pertsonena, erakundeena eta eragileena. Gipuzkoako Aldundian lanak dexente dominatuta eta ondo bideratuta daude baina beste legealdi batekin gauza asko sendotzea eta inertzia batzuk apurtzea edo norabidez aldatzea lortu daiteke.

Zein da jarraitu beharreko bidea?

Aro politiko berria aprobetxatuz, itun bat sortzea herri erakunde eta gizarte eragile askoren artean hizkuntzarekiko konpromezu batzuk partekatzeko.

Itun honek euskalzaletasuna izan behar du argibide?

Ez da euskalzaletasuna, berdintasun soziala baizik. Gipuzkoan bi hinkun-tza daude ofizialak direnak eta jendeak askatasuna behar du nahi duena erabiltzeko. Baina berdintasuna ere behar da. Horreterako ulermena ezinbesteko baldintza da. Badago konpromiso bat gutxieneko ulermen batera iristeko. Horretara bideratu nahi dugu legealdi hau. Ea lortzen dugun zenbait esparruetan Gipuzkoa arnasgune bat bilakatzea.

Nolakoa da euskareran osasuna Gipuzkoan?

Datu soziolinguistikoak oso onak dira, bereziki adin batetik behera ez dagoelako ia ia elebidun ez den pertsonarik. Horrek inertzia asko apurtzeko aukera ematen digu.

Zein inertzia mota?

Oraindik pentsatzen dugu euskaraz egitea ulertzen ez duen pertsona baten aurrean edukazio txarrekoa dela eta persona hori erasotzen gaudela. Pertsona askori aukera ukatzen diogu euskarara hurbiltzeko. Nola ez du inongo momentuan nabaritzen euskara ulertuko balu hobeto izango litzatekeela eta bizikidetzarako hobe izango litzatekeela, ez diogu ikasi edo behintzat ulertzeko esfortzu bat egin behar duela sentiarazten. Norbaitek ulertzea lortzen badu bizikidetzan laguntzen ari da. Goazen ulermen terminoetan txanpa indartsu bat planteatzera eta horrek oso epe motzean jauzi handiak egiteko aukera emango digu.

Ulertzeaz ari zara, baina zer gerta-tzen ari da erabilerarekin?

Ezagutzaren hazkundea eta erabilerarena ez doaz parean. Hezkuntza sisteman fede asko jarri genuen, pentsatu genuen jendeak euskara ikasten bazuen automatikoki euskaraz egin nahiko zuela, baina hori sinplifikazio bat da. Ezagutza ezinbesteko baldin-tza da baina ez da nahikoa. Euskaraz egiteko beste arrazoi batzuk daude eta horiek denak orekara eta berdintasunera bultzatu behar dira. Hor bide bat falta zaigu egiteko. Ekimen asko dago gizartean eta erakundeetan, igual ekimen guzti horiek sarean jarri, osagarri bihurtu eta batera egitea falta zaigu. Gipuzkoak momentu honetan aliantza sare handi bat eskatzen du, eragile askoren artean, eta horretarako denok eroso egoteko moduko zoru komun bat sortu behar dugu. Horrekin pauso handiak eman daitezke legealdi batean.

Zoru komun horrek nola bultzatu dezake erabilera?

Erreferentzialtasun garrantzitsu bat izan dezake. Sarriegi euskaratik aparte daudenei ez diegu bidea errez jarri euskarara inguratzeko. Kutxan, adibidez, bazegoen belaunaldi bat euskaltegietan eta barnetegietan denbora asko pasa zuena. Batzuk itzuli zirenean lotsa, beldur edo horrelako sentimentu batekin mendiko botak armariora sartu zituzten eta ez dira Igeldora ere joaten. Daukaten euskaltasun neurri hori ezkutatu dute. Euskaraz hitz egiten denean edonor barruan sartu daiteke, baina horretarako gutxieneko esfortzu bat egin behar da, ulermenarena. Hori da jarrera eta lortu behar genukeena jende askorengan. Hizkuntzen kontua denon kontu bat da, bizikidetza kontu bat da baina zuk parte izateko esfortzu bat egin behar duzu eta hau neurrikoa izango da, inork ez dizu Everestera igotzeko eskatuko.

Ulermen minimo hori, doako ikasketekin bultza daiteke?

Doakotasuna desiragarria da, baina ekonomikoki kolpean jartzea ezinezkoa da. Doakotasunera urratsak egin behar dira eta dena doain jarri ezin denez, hautuak egin behar dira, lehentasunak markatu. Nik, adibidez, lehentasunak jarriko nituzke lehenengo urratsetan, euskarara urbiltzea erreza izan dadin. Sortuko balitz metodologia bat ulermena lantzeko, hori guztiz doan jarriko nuke. Hortik aurrera posible ahal den neurrian zabalduz joango nintzateke, beti ere errenta mailak kontuan hartuz. Doakotasuna erlatiboa da, diru asko duenari gauzak doan jartzea ez da politika zuzena. Europa mailan beste eztabaida bat dago doakotasuna %100ean izan behar den edo kuota minimo bat ordaindu behar den inguruan. Helburua jendeari lehenengo urrats horiek ematea erraztea izan beharko litzateke, hauek direlako urrats eraginkorrenak.

Doakotasunaren eztabaida honek zailtasunak ekarri zituen Aldundiaren eta Jaurlaritzaren arteko harremanetan aurreko legealdian. Zein da egoera orain?

Normaltasuna da nire estiloa. Konfrontazioa baino beti bilatuko ditut elkarlanerako formulazioak. Doakotasunaren ikuspegia bat dator Jaurlaritzaren planteamenduarekin. Desioa bai, ahal den neurrian lehentasunak markatuz eta beste zenbait faktoreekin gurutzatuz goazen bide horretara.

Elkarlanean arituko zara Jaurlari-tzako Hizkuntza sailarekin edo Gipuzkoak bere irizpide propioak bultzatuko ditu?

Gipuzkoak ezin ditu Jaurlaritzaren markotik kanpo edo kontrako politikak martxan jarri. Koordinazio hori ezinbestekoa da eta guztiz bat gatoz. Beste gauza bat erritmoak dira. Gipuzkoa euskararen erdigune geografikoa eta indargune linguistikoa da. Orain zabalkundean aintzindari edo bidegile izatea tokatzen zaigu. Gipuzkoan gauza batzuk egin daitezke beste lurraldeetan egin ezin daitezkeenak eta zentzu horretan Gipuzkoari tokatzen zaio esperimentatzea eta probak egitea, ondo neurtzea, ausarta izatea... Baina hau guztia plan orokor baten barruan.

Konfrontazioa behin baino gehiagotan izendatu duzu. Aukerarik izan duzu Carlos Urquikorekin biltzeko?

Espero dut Carlos Urquijo abendutik aurrera bere lekuan ez egotea, benetan. Inkisizioko Espaina beltzenera eraman gaitu. Oso episodio beltza izan da baina izan du bere onura, azkenean epaitegietan doktrina bat gelditu da, justu berak nahi zuen kontrakoa. Azkeneko epaiek esaten dute euskarazko dokumentu publikoak erabateko balio juridikoa dutela eta beraz euskeraz funtzionatzea ez duela legerik apurtzen.

Zer uste duzu Urquijoren jarrerari buruz?

Obsesiotik eta nolabaiteko paranoia ultranazionalista batetik bakarrik ulertu daiteke. Berriro ere horrelako kontuekin hasteak mamu batzuk berpizten ditu.

Oso harreman estua izan duzu euskarazko hedabideekin. Nola lagundu daiteke euskararen erabilpena hedabide orokorretan?

Erreferentzia indartsuak eman behar dira bai gizartetik eta bai eragileetatik. Gipuzkoan aliantza hori sortuko balitz jende aurreko ekitaldietan, prentsaurrekoetan eta abar hedabide guztiei oso mezu garrantzitsu bat emango genieke esanez, lehenengo lerro bat, ulermenarena, egokitu beharko duzue, eta gizarteak ere lerro hori egokituko balu eta gero eta gehigo euskaraz kontsumituko balu, hedabide askok errabisatu beharko lukete beren hizkuntza hautua baita ere.

Eta zer egin daiteke lan munduan?

Enpresatan pauso garrantzitsuak eman ziren 2000ko harmarkadan, hizkuntza ohiturak aldatzeko saiakerak egin ziren. Krisiak etenaldi bat suposatu du baina berriz ere dinamika hau bueltatzen ari da. Nahi genuke enpresa arloan eta lanbide heziketan esperientzia ba-tzuk bultzatzea, gazteek praktikak euskaraz egiteko. Hau oso garran-tzitsua da; lan esparruan ez baduzu horretarako egoera aproposa aurkitzen, nahiz eta elebiduna izan erderaz jarduteko ohitura hartzen duzu eta hori aldatzea zaila da. Momentu ona da honetan esfortzuak egiteko.

  

2191