“Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere bai”-ren aldeko kontzertua aurkeztu dute
“Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere bai”-ren aldeko kontzertua aurkeztu dute
Euskara eta mendizaletasuna uztartzea helburu duela, urrian hilabeteko espedizioa egingo dute Himalaian Euskal Herriko gazteek eta xerpek
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Oñatiko Udalak gaur goizean aurkeztu dute Oñatin irailaren 16an egingo den kontzertua, “Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere bai” proiektua sustatzeko. Felipe Uriarte mendi gidaria buru dela, Euskal Herri zabaleko 15 gaztek eta 10 sherpek Himalaian urrian egingo duten hilabeteko trekkinga da “Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere bai”, helburu duena euskararen erabilera eta mendizaletasuna uztartzea, herrien arteko elkartasuna bultzatzea eta hizkuntza gutxituei babesa ematea. Hala, urriaren 10ean abiatuta, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 15 gazte eta 10 sherpa gazte harremanetan jarriko dira Nepalen, Everest inguruan trekking-a egiteko,
Halaber, bi hizkuntzen arteko zubiak eraikitzeko asmoz, euskara-xerpa-ingelesa hiztegia sortuko dute espedizioan. Eta ETBk bi saio emitituko ditu, Himalaiatik ekarritako bideo irudiak baliatuta. Espedizio taldea azpitaldetan antolatuko da finantzaketa, material pertsonala, argazkigintza eta bideo lanketa, komunikazioa eta beste zenbait alorretako lanak banatuz.
Proiektua Laudion sortu zuen Felipe Uriartek, mendia eta euskara lotzeko xedearekin, baina pixkanaka egitasmoa hazten joan zen, eta azkenean Nepalera iristea lortu du, Euskal Herri osoko mendigoizale, ikastetxe, udal, eskualdetako zenbait eragile eta enpresen partaidetzari esker. Era berean, Euskal Herriko erakundeen babesa izan du proiektuak, alegia, hiru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Iparraldeko Elkargoa eta Euroeskualdea: Aquitaina, Euskadi, Nafarroa.
Horren harira, Gipuzkoako Foru Aldundiak “Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere bai” egitasmoa babestu du, proiektu “xalo batetik abiatuta euskararen inguruan sare sendoa sortu duelako, auzolanean, gainera”, nabarmendu du Foru Aldundian egindako aurkezpenean Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, ondoan izan dituela, Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Felipe Uriarte mendizalea eta proiektuaren sustatzailea, Iñigo Marquet, Orona Fundazioaren Garapen zuzendaria, eta baita bi espediziokide gazte ere: Maddi Oyhagaray oñatiarra eta Enaitz Ibarguren ziburuarra.
Estibaliz Alkortak, bere aldetik, adierazi du mugak ez direla “inoiz oztopo gaindiezina izan euskararentzat”. “Hori jakin badakite Bidasoan, Baztanen edo Aezkoan. Islandian, Ternuan edo Hego Amerikan ere jakin zuten, hara heldu baitzen euskara, itsasoz, garai ezberdinetan”. Horren harira, gaineratu du ‘Oxigenoa euskarari 6000 metrotan ere bai’ proiektuak munduko mendikaterik “altuenetara” eramango duela euskara, 70ko hamarkadako Tximist espedizioaren garaitik hona hainbat mendizalek egin izan duten bezala. “Ez dugu mugarik nahi euskararentzat. Pirinioen alde bietan bizi-bizirik nahi dugu euskara, bai eta askoz ere urrutiago ere. Euskara bizi-bizirik nahi dugu unibertsitatean, esparru sozioekonomikoan, kultura adierazpenetan, aisialdian, jai giroan, kirol jardunean, mendian”, azpimarratu du, Euskara Sustatzeko zuzendariak, eta oroitarazi du hori dela, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren helburuetako bat: “euskararen erabilerarako eremuak irabazten jarraitzea. Hortik sortu zen Euskaraldia, ate joka daukaguna, eta filosofia bera ikusten dugu Felipe Uriartek ekarri digun proiektu honen atzean”.
Et Incarnatus eta kantari ezagunak
Irailaren 16ko kontzertua, laguntzaile nagusiak Foru Aldundia, Oñatiko Udala eta Orona Fundazioa izango direla, Oñatiko San Miguel parrokian izango da, 19:00etan hasita, Et Incarnatus orkestrak emana, Oñatiko Ganbara Abesbatza eta honako abeslari ezagunen partaidetzarekin: Mikel Urdangarin, Niko Etxart, Naia Robles, Petti eta Maider; Pello Zabala, aldiz, aurkezle lanetan izango da. Kontzerturako sarrerak oraindik salgai daude honako mugikorrean eta posta elektronikoan: 685750763 / furiartec@gmail.com. Baita ere Oñatiko Txokolateixia dendan eta kontzertu egunean parrokiaren kanpoaldean, nahiz eta sarreren salmenta erritmo onak ez duen bermatzen irailaren 16rako sarrerak geratzea.
Felipe Uriartek azaldu duenez, kontzertuak “hainbat helburu” izango ditu. “Lehenik, balioko du Himalaiara joango garen espediziokideei agur esateko. Bigarrenik, emanaldia eskerrak emateko baliatu nahi dugu, egitasmo hau egia bihurtzen langundu diguten hainbat erakunde, enpresa eta pertsonei. Hirugarrenik, kultur ekimen bat eskaini nahi diogu herriari. Laugarrenik, kontzertuak ere balioko du espediziorako azken aurrekontua osatzeko”. Azkenik, Uriartek aditzera eman du kontzertuaren bidez, “zenbait balore” plazaratu nahi dituztela, esaterako, “euskararen erabilera sustatzea, baita beste hizkuntza gutxituak ere -xerpa hizkuntza tartean-, mendizaletasuna, musika, elkarlana, elkarbizitza, eta elkarrekintza”, Azken batean, gaineratu du proiektu hau “lankidetzaren emaitza” dela eta lortu dutela “sare tinko” bat sortzea, bidean “elkarrengandik ikasita; izan ere, “espedizioa bera gauzatzea gailurra jotzea da, arrakasta gailurrean baino bidean dagoelako”.
Amaitzeko, Garbiñe Mendizabalek nabarmendu du “Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere bai” egitasmoak ekarpen polita egingo diola euskararen erabilera handitzeko erronkari, hain zuzen, oraingoan gazteei eskatu diegu zeregin berezi hori, euskara eta gailurrak uztartzeko, indarra beraiek dutelako, bai mendiak igotzeko, baita hizkuntzari bultzada emateko ere”.
egitasmoak ekarpen polita egingo dio euskararen erabilera handitzeko erronkari. Oraingoan gazteei eskatu diegu zeregin berezi hori, euskara eta gailurrak uztartzeko
2058