"Pertsonetan oinarritutako punta-puntako industria duen Gipuzkoa bat lortzea da gure apustua"
"Pertsonetan oinarritutako punta-puntako industria duen Gipuzkoa bat lortzea da gure apustua"
Markel Olanok nabarmendu du oso garrantzitsua dela langileen parte hartzea, Engranajes Grindel lan-sozietatera egindako bisitan, Elgoibarren ireki zeneko 50. urteurrenean.
Markel Olano diputatu nagusiak Engranajes Grindel enpresaren instalazioak bisitatu ditu gaur, Elgoibarren. Makina-erremintako enpresa bat da, engranaje zilindrikoak eta doitasun handiko ardatz ildaskatuak fabrikatzen espezializatuta dagoena. Grindel lan-sozietate bat da, eta kapital sozialaren gehiengoa langileen jabetzakoa da. Kanpoko merkatuan % 70 fakturatzen du eta presentzia sendoa du 15 herrialdetan baino gehiagotan. Olanok bisitan nabarmendu duenez, langileek enpresetan parte hartzea "gure lurraldearen ezaugarrietako bat da, funtsezkoa garai berri honetako erronka ekonomiko eta sozialei aurre egiteko, eta erabakigarria da gure sare ekonomikoaren sendotasuna, sustraitzea eta lehiakortasuna sustatzeko".
Diputatu nagusiak Iñaki Solabarrieta zuzendari kudeatzailearen eskutik ezagutu ahal izan ditu enpresaren proiektuak eta etorkizuneko aurreikuspenak. Enpresa Elgoibarren ireki zeneko 50. urteurrena aprobetxatuz egindako bisita horretan ere parte hartu dute ASLEko zuzendari kudeatzaileak, Jone Noltek; Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak, Jabier Larrañagak, eta Elgoibarko alkateak, Ane Beitiak.
1993an, urte haietan bizi izan zen krisiaren erdian, langileek beren gain hartu zuten enpresaren jarduera, eta lan-sozietatea sortu zen, harrezkero sozietate forma horri eutsiz. 2016an, hirugarren batek kapital sozialaren % 100 eskuratzeko eskaintza irmoa egin zuenez, eta kapital sozialaren erdia baino gehiago saltzeko prest zegoenez, prozesu bat hasi zen ziurtatzeko bazkide langileen erabakitzeko gaitasuna, enpresaren sustraitzea eta lan-sozietate gisa jarraitzea. Prozesu horren ondorioz, ASLEren eta Aldundiaren laguntzarekin, 33 langilek akzioak erosi zituzten, jabetzaren gehiengoa bermatuz.
Azken 5 urteetan, enpresak hazkunde nabarmena izan du, batez ere kanpo-merkatuaren eraginez, eta % 40 esportatzetik % 70 esportatzera igaro da. Bere produktuek aplikazioak dituzte mota guztietako ibilgailu berezietarako transmisio mekanikoetan, ponpa eta konpresoreetan, likido-bereizgailuetan, robotikan eta makina-erremintan. Esparru horietan multinazionalen eta erreferentziazko fabrikatzaileen konfiantzazko hornitzaile gisa sendotu da, eta, merkatu nagusia Europakoa bada ere, AEBko, Txinako edo Indiako bezeroekin ere lan egiten du. Azken urteetan, asmo handiko inbertsio plan bat gauzatu du punta-puntako makineria eskuratzeko, eta horrek hobekuntza handia ekarri du bai kalitatean, bai produktibitatean. 75 pertsonako plantillarekin, urtean 9 milioi euro inguru fakturatzen ditu.
1.159 langilek, horien artean Grindel sozietatekoek, Gipuzkoako 232 enpresaren jabetza eskuratu dute lau urtean, Foru Ogasunak partaidetza sustatzeko 2016an onartutako foru arauan jasotako zerga pizgarrien laguntzarekin. Zerga politika Aldundia hedatzen ari den estrategia integralaren zati bat da, eta laguntza ekonomikoak ere biltzen ditu. Horrela, Aldundiak laster 1,2 milioi bideratuko ditu langileen partaidetza bultzatzera eta 400.000 euro enpresa proiektuen ondorengotzara. Aipatzekoak dira, halaber, ELKARGIrekin batera 2016an bultzatutako finantza-tresna, eremu hori barne hartzen duena, edo ASLE bezalako erreferentziazko eragileekiko lankidetza, aholkularitza eta prestakuntza jasotzeko.
“Gizon-emakumeena eta punta-puntakoa den industria”
Olanok azpimarratu duenez, "Punta-puntako industria izango duen Gipuzkoa bat irudikatzen dugu etorkizunean. Teknologikoki aurreratua, baina baita pertsonak oinarri eta aktibo nagusi izango dituena ere. Enpresa gizatiarrekin, lurraldearekin konprometituta daudenekin, eta etorkizuneko bokazioa dutenekin. Azken batean, gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik jasangarriak izango diren proiektuekin. Esperientziak erakusten digu enpresa parte-hartzaileak erresilienteagoak direla eta hobeto egiten dietela aurre bizitzen ari garena bezalako krisialdiei".
Diputatu nagusiaren arabera, partaidetzan oinarritutako enpresa antolaketako eta kudeaketako ereduen alde egiteak "eragin positiboa du enpresen egunerokotasunean, enpleguaren kalitatean eta lan baldintzetan, baina baita enpresaren etorkizunean ere, pertsonak proiektuen eraldaketan eta berrikuntzan inplikatzen dituelako, enpresaren dimentsio kolektiboa indartzen duelako berehalako errentagarritasunetik harago, eta belaunaldi-erreleboa eta Gipuzkoan sustraitzea bermatzeko tresna bat ere badelako". "Enpresa baten arrakasta –gaineratu du–, ulertzen dugun bezala, irabazien urteko kontutik harago doa". Grindel aipatu du adibide gisa: "Hemen, langileek aurrerapauso bat eman zenuten duela urte batzuk, ziurgabetasuneko une batean. Guztien artean eraikitako etorkizunean eta proiektu kolektibo gisa irudikatutako enpresan sinetsi zenuten, eta horren aldeko apustua egiten jarraitzen duzue, teknologian berrinbertituz. Bidean zailtasunak izango zenituzten, baina ziur nago merezi izan duela", adierazi du.
Bestalde, Iñaki Solabarrieta enpresa elgoibartarraren arduradunak bisita eskertu du, eta nabarmendu du erakundeen babesak "lurraldeko enpresen beharren eta aukeren ezagutza indartzen duela, politika publikoak hobeto bideratzeko. Hain zuzen ere, Ekonomia Sustapeneko eta Ogasuneko departamentuetatik garatutako neurrien bidez Foru Aldundiak emandako laguntza funtsezkoa izan da sozietatearen erreleboa sendotzeko, gobernantza eredua finkatzeko eta lehiakortasuna garatzeko".
Jone Nolte ASLEko zuzendari kudeatzaileak, berriz, azpimarratu du Grindelen garrantzia “lan-sozietate abangoardista, berritzaile eta lehiakorraren adibide gisa, baina, batez ere, bere langileek eta Lanpar Arrisku Kapitaleko Funtsak kapital sozialaren gehiengoa eskuratuz, enpresak lortutako sozietatearen erreleboaren bidez ahalbidetu duelako erabaki zentroari eustea eta enpresa Gipuzkoan errotuta jarraitzea, tokiko garapen handiagoa eta berdinzaleagoa bultzatuz, pertsonak euren etorkizunaren protagonista bihurtuta".
Azkenik, Ane Beitia Elgoibarko alkateak azpimarratu duenez, "duela 50 urte baino gehiagotik Elgoibarren Grindel bezalako punta-puntako enpresa bat izatea, mundu guztian zehar esportatzen duena, giza kapital oso garrantzitsua duena, asoziazionismoaren adibide, inplikatua eta kalitatezko enplegua sortzen eta eskualdeari eta Gipuzkoari aukerak ematen agente aktiboa, euskal industriaren eta elgoibartarraren lan onaren adibide da. Aukera aprobetxatu nahi dut langile guztiei beren lana eta konpromisoa eskertzeko. Elgoibar makina-erremintaren hiria da. Gure historia da; gure bizimodua; elgoibartarren ongizatearen motorra. Gure ildo estrategiko garrantzitsuena Elgoibarko garapen orokorra da, batez ere alderdi ekonomikoari dagokionez, betiere herritarren bizi-kalitatea bermatzea ardatz nagusitzat hartuta. Gure tokiko enpresei laguntzearen aldeko apustua egiten dugu, jarduerari eta enpleguari eusteko eta jarduera berriak erakartzeko, udalerriko enpresentzat ekosistema erakargarri bat eskainiz. Makina-erreminta eta industria dira gure etorkizuneko apustua".
2853