‘Re-think Industry’-k Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainek lau erronka handitan duten esperientzia partekatuko du
‘Re-think Industry’-k Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainek lau erronka handitan duten esperientzia partekatuko du
‘Re-think Industry’-k Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainek lau erronka handitan duten esperientzia partekatuko du
Hirugarren edizioan, eraldaketa digitala, jasangarritasuna, belaunaldi-erreleboa eta enpresa-proiektuen hazkundea jorratuko ditu.
Foru Aldundiak jakitera eman ditu gaur "Re-Think Industry" jardunaldiaren xehetasunak. Elkarlaneko gobernantza-estrategiaren barruan, helburu du Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen aurrerapen eta erronka nagusiak partekatzea, horiek lehiakortasun-posizioa indartu ahal izan dezaten. Kursaalen izango da hitzorduaren hirugarren edizioa, hil honen 30ean, eta aurtengoan bere fokua nabarmen zabalduko du; izan ere, eraldaketa digitalaz gain, aurreko urteetan bezala, orobat jorratuko ditu lurraldeko ekonomiaren eta, zehazki, industriaren etorkizunerako estrategikotzat jotzen diren beste hiru erronka: lurraldeko industriarako: jasangarritasuna, belaunaldi-erreleboa eta enpresa-proiektuen hazkundea.
“Erronka horietako hiru zuzenean lotuta daude gure enpresen jarduera nabarmen baldintzatzen duten trantsizio sakonekin, hau da, trantsizio digitalarekin, ekologikoarekin eta demografikoarekin. Eta laugarrena, gure proiektuak eskalatu beharrari lotutakoa, gure sare ekonomikoaren errealitateari erantzuten dio, enpresa txiki eta ertainek oso neurri handian konfiguratu baitute. Horiek guztiek inpaktu handiko etengabeko aldaketez beteriko testuingurua marrazten dute, eta ezinbestekoa da horietara egokitzea, ekonomia indartsu eta berritzaile bat izaten jarrai dezagun, gure ongizateari eutsiko diona eta, gainera, aukera berriak sortuko dituena”, azaldu du Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak.
Gipuzkoako eragile ekonomikoekin batera egindako "Re-think Industry" programaren bidez, lau mahai-inguru handi egingo dira, eta parte-hartzaileek bertatik bertara ezagutu ahal izango dute lurraldean erreferente diren enpresen jarduna. Gaineratu duenez, “helburua ez da hainbeste teorizatzea, baizik eta ETEen esku jartzea antzeko konpainien benetako esperientzia, azkarrago aurrera egin ahal izan dezaten, arrakasta-kasu horien ikaskuntza beren ibilbide partikularrean txertatuz. Topagune interesgarria da gure ETEetan aldaketa sustatzen ari direnentzat, beren erantzukizunetatik abiatuta: zuzendaritza nagusia, gerentzia, jabetza, ekoizpen-zuzendaritza, industria-zuzendaritza, berrikuntza-zuzendaritza...”.
Lehenengo mahaian, ETEetan teknologia digitalak ezartzeko estrategiak jorratuko dira, zibersegurtasuna barne. Betapack, Grindel, HRE Automation eta OKINek kontatuko dute hasierako oztopoak nola gainditu dituzten, eta nola integratu dituzten, arrakastaz, eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetzen duten soluzio digitalak. Bigarrenak negozioen eskalatzearen erronka jorratuko du, finantzaketa eta baliabideak eta aholkularitza aditua barne. Biele-ren, Biotech Foods-en, Salto-ren eta Siliconas Silam-en eskutik egingo du.
Hirugarren mahaiaren ardatzak izango dira proiektuen jarraitutasuna eta belaunaldi-erreleboaren plangintza. Ezarri, Grupo Unzeta eta Ondarretako arduradunek azalduko dute nola egin aurre ondorengotza-prozesuei, epe luzerako egonkortasuna eta hazkundea bermatuz. Azkenik, laugarrenean aztertuko dira negozio-eredu jasangarriago bateranzko trantsizioak dituen aukerak eta erronkak. Algon Estructuras Metálicas, Fundiciones Estanda, Hijos de Juan de Garay eta Domusa enpresetako arduradunek karbono-aztarnaren murrizketari buruz eta ekonomia berdeak eskaintzen duen potentziala aprobetxatzeko moduari buruz hitz egingo dute.
Izen handiko hitzaldiak
Eider Mendoza diputatu nagusia izango da jardunaldiaren irekiera instituzionalaren buru, eta, era berean, ohikoa den bezala, bi hitzaldi inspiratzaile egongo dira, bata irekierakoa eta bestea itxierakoa. Lehendabizikoa Andrés Rodríguez-Poserena izango da. Rodríguez-Pose Geografia Ekonomikoaren alorreko akademiko ospetsu bat da, eta gaur egun Asturiasko Printzesa Katedra du London School of Economics-en (LSE). Europar Batasunaren kohesio-politikaren etorkizunari buruzko Goi Mailako Taldearen lehendakaria da, eta ardura du 2027tik aurrerako aldirako funtsezko politika horren jarraibideak diseinatzea. “Nazioarteko eta, bereziki, Europako testuinguruari buruzko ikuspegi zabal eta zehatz bat du, baita EBk egungo munduan lehiakorra eta protagonista izaten jarraitzeko dituen erronkei buruz ere”, adierazi du Insaustik.
Bigarren hitzaldia Javier García Cogorrok emango du. García Cogorro gaixotasun ultra arraroetarako terapia aurreratuak garatzen dituen Columbus Venture Partners fundazioaren bazkide sortzailea eta idazkaria da. Matematikan lizentziaduna da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta MBAn ICADEn, eta Donostiako Urrezko Danborra saria jaso zuen 2023an. Orain arte 600 pertsonak baino gehiagok baieztatu dute jardunaldira joango direla, eta izena emateko epea zabalik dago oraindik ere webgunean: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/kongresua/industria.
4676