Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour “Tona handiko garabi batek 30 kamioi mugitu behar izan zituen Etzegaraten”

“Tona handiko garabi batek 30 kamioi mugitu behar izan zituen Etzegaraten”

Aintzane Oiarbidek adierazi du Foru Aldundiak, Ertzaintzarekin elkar-lanean, azkar erantzun zuela eta behar beste baliabide jarri zituela, eta horri esker, 22:00etarako ez zegoela ibilgailu arinik trabatuta.

2018/01/26

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatua bere ekimenez agertu da gaur Batzar Nagusietan, urtarrilaren 6ko elurteak Gipuzkoako errepideetan eragin zuen egoerari buruzko argibideak emateko eta gai horri buruzko galderei erantzuteko.

Eguraldi iragarpenari jarraituz, Gipuzkoako Foru Aldundiak elurteetarako 1. arrisku mailako plana jarri  zuen abian, hau da, 600-800 metroko elur mailari dagokiona, eta elurra kentzeko 25 makina atera zituen errepidera. Hala ere, eta salbuespeneko fenomeno baten ondorioz, egun horretan Gipuzkoan elur maila ikaragarri jaitsi zen, bereziki Oria bailaran. “Ikusi zenean elur maila behera zihoala berehala indartu ziren bitartekoak, eta elurra kentzeko 44 kamioi ibili ziren lanean aldi berean” adierazi du Bide Azpiegituretako foru diputatuak. Horrez gain, jakinarazi du guztira 214 pertsona aritu zirela lanean elurtean, tartean, gidariak, teknikariak, langileak, arduradunak eta kontrol zentroko langileak.

 Oiarbide diputatuak azaldu du Gipuzkoako ahalmen handiko errepide sarea irekita egon zela, Etzegarate mendatea eta A-15 autobidea izan ezik; bi horietan aurreratzeko debekua errespetatu ez zuten kamioiak izan ziren arazo nagusia. “Ertzaintzak arratsaldeko 18:30ean itxi zuen Etzegarate. Tona handiko garabi batek banan-banan mugitu behar izan zituen Etzegarateko mendatearen igoera trabatu zuten kamioiak, 30 baino gehiago. Ez elurra kentzeko makinek eta ez ertzainek ezin zuten toki horretara iritsi beren lana egiteko, eta larriena da kamioi gehienak ezkerreko erreian zeudela, nahiz eta aurreratzeko debekua izan”. Diputatuak adierazi du kamioiak kendu ahala, pasabide bat ireki ahal izan zela kamioien artean trabatuta gelditu ziren hogei automobil inguru ateratzeko.

Antzerako egoera bizi izan zen A-15ean. Autobidea 15:30ak aldera itxi zen Iruñera aldera, bi kamioi gurutzatu zirelako eta beste bat trabatuta gelditu zelako ezkerreko erreian. Hori dela eta, elurra kentzeko makinek ezin izan zuten lanik egin. Hala eta guztiz ere, lortu zen ibilgailu arinentzako bidea irekitzea eta A-15etik ateratzea Andoaingo noranzkoan, Berastegin bira emanda.

Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez “egoera horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ertzaintzarekin elkar lanean, azkar eta behar beste baliabiderekin erantzun zuen, eta horri esker, 20:00etarako ez zen ibilgailu arinik gelditzen A-15ean, eta 22:00etarako ez zegoen ibilgailurik trabatuta Etzegaraten”. “Beti dago zer hobetua, eta, gure aldetik, seinaleak eta informazioa indartzeaz gain, gainerako erakundeekin elkarlanean jarraituko dugu, ahal den heinean, Errege egunean bizi izandako egoerak bezalakoak saihesteko neurriak hartzeko” adierazi du bukatzeko Oiarbidek.

  

2030