Gipuzkoako udalerriek urrian aurreikusitakoa baino 30,8 milioi euro gehiago jasoko dituzte
Gipuzkoako udalerriek urrian aurreikusitakoa baino 30,8 milioi euro gehiago jasoko dituzte
Gaur elkartu da Gipuzkoako Finantza Kontseilua, eta bertan eman da 2020 urteko Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren likidazioaren berri.
Gipuzkoako udalerriek 482.048.561 euro jasoko dituzte 2020 urteko Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik (UFFF), finantzaketarako duten diru iturri nagusia. Zenbatekoa aurrekontuetan jasotakoa baino txikiagoa da, COVID-19 gaitzaren pandemiak eragin duen krisiaren ondorioz, baina urriko aurre-likidazioan ezarritakoa baino 30,8 milioi euro handiagoa da. Ondorioz, zenbateko gehigarri hau UFFFaren hurrengo ordainketan jasoko dute lurraldeko udalerriek. Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu duenez, Gipuzkoak espero baino emaitza hobeagoekin itxi zuen 2020 urtea zerga bilketari dagokionean eta, ondorioz, hobekuntza horrek udalen finantzaketari ere mesede egin dio. “Beti esan ohi dugun bezala, euskal sistema instituzionala arrisku partekatuan dago oinarrituta, onerako eta txarrerako”, gogoratu du.
Foru arduradunak gaur arratsaldean Donostian egin den Gipuzkoako Finantza Kontseiluan hartu du parte. Bileraren helburua pasa den ostiralean Gasteizen egin zen Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan hartu ziren erabakien berri ematea izan da, tartean 2020 urteko UFFFaren likidazioa. Parte hartzaile gehienak modu telematikoan konektatu dira. Topaketan parte hartu dute, Foru Aldundia ordezkatzen, Perona berak; Eider Mendoza, Gobernantzako foru diputatuak; Rafaela Romero, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak; Jose Ignacio Asensio, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak; eta Bittori Zabala, Zerga eta Finantza Politiketako zuzendariak. Eudelen aldetik, parte hartu dute Ane Beitia Elgoibarko alkateak; Izaro Elorza Oñatiko alkateak; Miguel De los Toyos Eibarko alkateak; Eneko Maioz Orexako alkateak; eta Jaime Domínguez-Macaya Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantza zinegotzi ordezkariak.
2020ko UFFFaren likidaziotik eratorritako baliabide gehigarriaren banaketaren harira, lurraldeko udalerri nagusiak honako zenbateko hauek jasoko dituzte: Donostiak urrian aurreikusitako baino 8,4 milioi euro gehiago; Irunen kasuan, 2,6 milioi euro gehiago; Errenteriak, bere aldetik, 1,6 milioi euro gehiago; Eibarrek 1,1 milioi euro gehiago; Zarautzek ia milioi bat euro gehiago; Arrasatek 0,9 milioi gehiago; eta, azkenik, Hernanik eta Tolosak, bakoitzak 0,8 milioi euro gehigarri. Honekin batera, eta finantzaketa bideen esparruan baita ere, Ogasuneko diputatuak bileran gogoratu du udalek eskuragarri dutela baita ere 2021 urterako Gipuzkoako lurraldeak duen defizit gaitasunaren % 40, hau da, guztien artean 79 milioi euro inguru.
Peronak azaldu duenez, eta UFFFaren zuzkidurak COVID-19aren krisiaren eraginez behera egin duen arren, 2020 urtekoa inoizko hirugarren funtsik handiena da, 2018 eta 2019 urteetakoek bakarrik gainditzen baitute. Peronaren ustetan, defizit ahalmenak eta UFFFaren likidaziotik eratorritako baliabide gehigarriek “nabarmen” hobetu dute lurraldeko udalen finantza posizioa eta, azpimarratu duenez, hau berri “benetan positiboa” da Gipuzkoa osoarentzat. “Udalak herritarrengandik gertuen dauden erakundeak dira eta, hori dela eta, finantza ikuspegitik indartsu egotea albiste oso positiboa da gipuzkoar guztiontzat, eskaintzen dituzten zerbitzuak indartzea esan nahi baitu”, gaineratu du. Azkenik, Peronak kudeaketa jasangarri eta arduratsu baten aldeko hautuarekin jarraitzeko dei egin die udalei, “oraina eta geroa uztartuz, orain arte egin duten bezala”.
1936