Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour 1,2 milioi euro Gipuzkoako hirugarren sektoreko ekimen sozialerako

1,2 milioi euro Gipuzkoako hirugarren sektoreko ekimen sozialerako

2019 urtean 143 entitate ezberdinen 370 proiektu berri sustatu diren.

Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak prentsaurrekoan azaldu duenez, "martxan dago Gizarte Ekimenerako Laguntza Programaren deialdi berria", eta guztira 1.200.000 euroko laguntza emango da. Entitate interesdunek martxoaren 7tik apirilaren 6ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak. "Laguntza horien bidez, esku-hartze sozialeko, prebentzioko eta sentsibilizazioko programak, eta behar sozialen ikerketako eta berrikuntzako proiektuak babesten jarraitzen dugu, baita ekipamendua eskuratzen ere", zehaztu du diputatuak. Gaineratu duenez, laguntza-lerro horien bidez "laguntza handia ematen zaie gure lurraldean hain bereizgarria eta garrantzitsua den hirugarren sektoreko entitateei; izan ere, sektore hori gure gizarte politiken ereduaren oinarrietako bat da". Diputatuarekin egon da Diego Larrumbide Patris Surf Klubeko koordinatzailea. Bertan, kirolaren bitartez, esku-hartze sozialeko hainbat jarduera garatzen dituzte Aldundiaren tutoretzapean dauden adingabeekin, gizarte-egoera ahulean dauden familiekin, eta beste kolektibo ahul batzuekin.

Maite Peñak adierazi du Gizarte Ekimenerako Laguntza Programa "Gipuzkoan finkatuta dagoen laguntza deialdi bat" dela eta, dirulaguntza horien bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 9.680.705 euro eman dituela azken 10 urteetan, gizarte zerbitzuen arloan lan egiten duten gizarte ekimeneko erakundeei laguntzeko. Deialdi berriaren iragarpenarekin batera, diputatuak 2019ko balantzea egin du, eta nabarmendu duenez, "guztira 143 entitateren 370 proiektu berri babestu dira, 2018ko deialdian baino 25 proiektu eta 12 entitate gehiago». Zehaztu duenez, "lehentasuna eman zaie, 2020ko deialdian egiten dugun bezala, esku-hartze sozialeko proiektuei, ezinbestekoak baitira pertsona guztien gizarte inklusioan eta aukera-berdintasuna lortzeko bidean aurrera egiteko".

Hori horrela, diputatuak adierazi duenez, 2019an 99 entitateren esku-hartze sozialeko 190 proiektu babestu dira, 860.000 eurorekin; 71 entitateren 95 prebentzio eta sentsibilizazio proiektu, 250.000 eurorekin; 10 entitateren behar sozialei lotutako 10 ikerketa eta berrikuntza proiektu sustatu dira 40.000 eurorekin; eta, azkenik, 50.000 euro bideratu dira 49 entitateren 75 proiektuetara, ekipamendua erosteko. Maite Peñaren hitzetan, jarduketa esparruei dagokienez, deialdi honen bidez gehitu egin da babestutako programen kopurua arlo guztietan, «baina igoera hori nabari da, bereziki, desgaitasunaren eta mendekotasunaren esparruetan, eta gizarte inklusioaren arloan, non, hurrenez hurren, 231 eta 108 proiektu sustatu baitira".

          Diputatuak gogorarazi duenez, laguntza deialdi honen bidez diruz laguntzen dira "pertsona guztien autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa sustatzera eta babestera" bideratutako jarduerak, batez ere arlo hauetan: inklusio soziala, mendekotasunaren eta desgaitasunaren arreta, boluntario lana sustatzea, haurrak eta nerabeak babestea, droga-mendekotasunak prebenitzea, eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta ematea.

"Gero eta zaharragoa, pluralagoa eta konplexuagoa den gizarte batean bizi gara, erronka sozial handiak planteatzen dizkigun testuinguru batean, hala nola biztanleriaren zahartzea eta gizarte inklusioa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasuna da desberdintasun sozialei aurre egitea, eta gure ardura da erronka sozial horiek hazten jarraitzeko aukera bihurtzea". Bide horretan, Peñak gaineratu du "ezinbestekoa" dela hirugarren sektoreko entitateek egiten duten lana, Gipuzkoako gizarte politiken ereduarentzat "funtsezko zutabea" baitira entitate horiek: "Zorioneko gara lurraldean sare sozial eredugarria dugulako, eta horiekin lanean jarraituko dugu, elkarlanerako eta lankidetzarako hainbat bide erabiliz".

 

Integrazioa surfaren bidez

Diputatuarekin batera, Diego Larrumbide Patris Surf Klubeko koordinatzaileak egin du agerraldia; izan ere, kirola tresna gisa erabiliz, kolektibo ahulen gizarteratzea lantzen dute hainbat programaren bidez. Patris Surf irabazi asmorik gabeko entitatea da, 2014an sortua, eta integrazio eta sozializazio arazoak dituzten haur, nerabe eta kolektiboentzako kirol eta aisialdi ekintzak garatzen ditu. «Kirolak eta aisialdiak ahalmena dute sexu, arraza, erlijio eta nazionalitatearen inguruko oztopoak gainditzeko", adierazi du Larrumbidek.

Ekimen sozialari emandako dirulaguntzen bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Patris Surf elkartearen bi proiektu babestu ditu azken urtean, informatika zein kirol arloko materiala erosteko emandako laguntzaz gain. Lehenengo proiektua gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden adingabe, nerabe, gazte eta emakumeei zuzenduta dago, eta, aisialdi aktiboaren eta surfaren praktikaren bidez, Patris Surf taldeak egoera ahulean dauden pertsona horiei laguntzen die. “Gure elementu bereizgarria kirola da, eta horren balioek eta kulturak sozializaziora eta konpromisora bultzatzen gaituzte. Kirolak osasuna eta ongizatea sustatzen ditu, autoestimua hobetzen du eta taldean lan egiteko trebetasunak garatzen laguntzen du, baita pertseberantzia garatzen ere", esan du Diego Larrumbidek.

Bigarren proiektuak, berriz, bazterketa-arriskuan dauden familiak adiskidetzen  laguntzea du helburu; hau da, surfaren praktikaren bidez, Patris elkartea lanean ari da familia eta lana bateragarri egitera bideratutako gizarte eta hezkuntza arloko arreta eskaintzeko, hori ez dadin oztopo izan gurasoek lan-merkatuan sartzeko. Programa hori 8 eta 12 urte bitarteko haurrei eta 13 eta 18 urte bitarteko nerabeei zuzenduta dago, gizarte-egoera ahulean dauden familietatik datozenei, baita Aldundiaren tutoretzapean dauden adingabeei ere. Larrumbideren hitzetan, "jarduerak dinamikoak dira, eta sortzen diren ikuspegi eta behar desberdinetara egokitzeko gaitasuna dute. Estrategia integralak eta talde kohesiorako estrategiak uztartuz, Patris Surf elkartean etorkizun osasuntsu eta egonkor baterantz bideratu nahi ditugu laguntzen ditugun pertsonak".

  

1625