1,3 milioi euro bideratuko dira aurten landa-bideak hobetzeko
1,3 milioi euro bideratuko dira aurten landa-bideak hobetzeko
Aurreko legealdiaz geroztik, ia 400 kilometroko jarduketak egiten lagundu du foru erakundeak Gipuzkoako bideetan, lurralde oreka helburutzat hartuta.
Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoako landa-bideak hobetzeko 2022ko dirulaguntzen deialdia onartu du, 1.300.000 euroko aurrekontua duena. Deialdia datozen egunetan argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta udalek zein udalerria baino lurralde eremu txikiagoko toki erakundeek egin ahal izango dituzte eskabideak. “Programa hori Aldundiaren LandaGipuzkoa proiektuaren barruan kokatzen da, eta helburutzat du lurralde oreka sustatzea, foru erakundeak Gipuzkoa desberdintasunik txikieneko Europako lurralde bilakatzeko egindako apustuaren barruan”, nabarmendu du Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak.
Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan adierazi duenez, laguntza horien helburua da, batetik, landa-eremuetako biztanleen bizi kalitatea hobetzea; eta bestetik, lehen sektorearen garapena bultzatzea, irisgarritasuna eta garraioa oro har hobetuz, eta nekazaritza-azalerak hobeto ustiatzea ahalbidetuz. Besteak beste, honako lan hauek egingo dira: landa-bide berriak eraikitzea, lehen asfaltatzea edo hormigoiztatzea; landa-bideak konpontzea, egokitzea eta hobetzea nekazaritza-ustiategietarako; eta horietarako sarbideak seinaleztatzea.
Aldundiaren ikuspuntutik, Mendozak esan du erakundeak bilatzen duena dela lurraldeko udalerriei eta udalerria baino lurralde eremu txikiagoko toki erakundeei laguntzea zenbait landa-azpiegituratan jarduerak egiten, landa-bideetan, besteak beste. “Udalek zailtasunak dituzte beren aurrekontuetatik azpiegitura horiek eraikitzeko eta kontserbatzeko inbertsioei aurre egiteko, are gehiago krisi garaian. Horregatik, Aldundiak erabaki du ekimen hau martxan jartzea eta eraikuntza edo kontserbazio obra horien finantzaketa babestea”, azpimarratu du.
Pandemia zela eta, 2020an ez zen deialdirik egon, baina 2021 urtean berreskuratu zuen Aldundiak dirulaguntza lerro hau. Honela, pasa den urtean, udalek eta toki erakunde txikiek guztira 2.784.000 euroko inbertsioa egin zuten bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.500.000 milioi euro bideratu zituen deialdi horretara, guztira 62 proiektu lagunduz. Honi esker, landa-bideen 62 kilometro berritu edo asfaltatu ziren lehen aldiz. “Aurreko legegintzalditik hona, ia 400 kilometroko jarduketak egin dira”, azpimarratu du foru erakundearen bozeramaileak.
Guztira, gaur egun, erabilera publikoko landa-bideen 3.360 kilometro inguru ditu lurraldeak. “Dirulaguntza-deialdi honen bidez sarea pixkanaka berritzen jarraitzen dugu, sare hori hobetzea eta modernizatzea baita udalek –batez ere 2.500 biztanletik beherakoek– egiten diguten eskaera nagusietako bat”, azaldu du. Izan ere, deialdiak lehentasuna ematen die udalerri txikiei, eta dirulaguntzaren gehieneko ehuneko handiagoa ezartzen du haientzat, eta hiriguneetatik urrun dauden eremuetan egiten diren lanei babes handiagoa emateko irizpideak ere jasotzen dira.
“Gipuzkoako lurralde-kohesioa eta oreka zaindu beharreko aktiboak dira, berdintasunean oinarritutako etorkizuna eraikitzen jarraitzeko”, esan du foru arduradunak. “Gipuzkoa ezin da ulertu landa-ingurunerik gabe. Landa-inguruneko herri eta udalerri txikiak gure nortasun ezaugarrietako bat dira, gure funtsaren parte, eta, beraz, haiei laguntzeko eta bertako biztanleen bizi kalitatea bermatzen laguntzeko konpromisoari eusten diogu. Herri eta eskualde sendo eta dinamikoak nahi ditugu, ezinbestekoak baitira Gipuzkoa lehiakor, adimendun eta orekatu bat eraikitzen jarraitzeko”, aldeztu du.
Ildo horretan, Mendozak gogoratu du deialdi hau LandaGipuzkoa proiektuaren barruan sartzen dela. “LandaGipuzkoak barne hartzen ditu foru erakundeak apustu politiko horren esparruan egiten dituen ekintzak. Apustu horren xedea da oinarrizko azpiegiturak (bideak, edateko ur publikoa eta saneamendua) mantentzea eta hobetzea, arrakala digitala murriztea banda zabal ultra-azkarra hedatuz, jarduera erakartzea, gizarte zerbitzuak optimizatzea, despopulazioa saihestea, etab. Gure helburua da lurraldeko hiri inguruneen pareko zerbitzu integralak eta gizarte ongizatea lortzea, biztanleria mantentzeaz gain, landa-ingurunea bizitzeko eta lan egiteko ingurune erakargarri eta lehiakorra izan dadin”, borobildu du.
Zeraingo errepidea
Bestalde, Segura eta Legazpi (Motxorro) lotzen dituen GI-3520 errepideko 2,3 eta 2,6 kilometro puntuen arteko zatian, bidea zabaldu eta hobetzeko proiektua ere onartu da gaurko Kontseiluan. 323.000 euro, BEZ barne, bideratuko dira ekimen honetara. “Esku hartzea txikia da, baina garrantzitsua, Zeraingo herrigunetik gertu kokatzen baita”, esan du Mendozak.
Zehaztu duenez, GI-3520 errepideak, oro har, trazadura bihurgunetsua du. “Gainera, luzeraren zati handi batean galtzadaren zabalera ez da 4 metrotik gorakoa, eta horrek zailtasunak sortzen ditu ibilgailuen zirkulaziorako. Horri gehitu behar esku hartzea egingo den puntuan, galtzadaren zabalera 3,50 m-ra are gehiago murrizten duen estolda bat dagoela, drainatze obra gisa balio duena, eta, beraz, errepidearen zati horretako zerbitzu ahalmena baldintzatzen duen elementua da”, azaldu du. Ondorioz, errepide zati horri 5,50 m-ko galtzada emateko, aurreko eta atzeko zatien antzekoa, eta segurtasun baldintzak nabarmen hobetzeko, onartu da hain zuzen ere proiektu hau. Proiektuaren xede den errepide zatia 380 m luze da eta Zeraingo udal mugartean dago osorik.
Egoitzetako egoera
Bestalde, bozeramaileak eguneratu egin du adinekoen egoitzetan pandemia izaten ari den eraginari buruzko informazioa. Azaldu duenez, momentu honetan 441 positibo aktibo daude, 38 egoitza ezberdinetan, eta azken astean 381 positibo atzeman dira. Hauetatik 41 erreferentzia zentroetan daude. Azaro bukaeratik hona, 22 dira hil diren egoiliarrak (kutsatutakoen %1,8), eta pandemia hasieratik 362. Azken zazpi egunetan, berriz, 7 dira zendu diren egoiliarrak. Bestalde, azaro bukaeratik hona 739 lagunek gainditu dute gaitza, azken astean 374 izan direlarik sendatu direnak. Zentro hauetako langileen kasuan, 232 positibo daude momentu honetan, pasa den astean baino 25 gutxiago, 46 egoitzetan.
Diagnosi probei daoionez, azken astean 4.033 proba egin dira, 2.171 PCR eta 1.862 listu PCR. Beraz, bataz beste, 576 proba egin dira egunean. Abendutik hona, 28.396 proba egin dira lurraldeko adinekoen egoitzetan.
3069