100 enpresak parte hartuko dute Go Mobility by MUBIL azokaren hirugarren edizioan
100 enpresak parte hartuko dute Go Mobility by MUBIL azokaren hirugarren edizioan
Enpresa erakusleen % 57 EAEtik kanpoko lurraldeetatik eta Europatik datoz. MUBIL erakundeak Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin bultzatutako mugikortasun jasangarriaren industriaren azoka apirilaren 27an eta 28an egingo da Ficoban.
Datorren hilabetean ospatuko den Go Mobility by MUBIL mugikortasunaren industriaren Europa Hegoaldeko azokaren hirugarren edizioak merkaturatzea itxi du, espazioaren % 100 salduta. Parte hartzen duten 100 enpresek erakutsiko dituzte mugikortasun jasangarri garbi, irisgarri, seguru eta konektaturako beren produktuak Ficobako hiru pabilioietan, eta kanpoko erakusketa eremuan egingo dira ibilgailuak gidatzeko erakustaldiak eta probak bisitarientzat. Guztira, 12.000 m2-ko esposizioa izango da.
Azokaren hirugarren edizioa hau egingo da Irungo Ficoba erakustazokan, 2022ko apirilaren 27an eta 28an, «mugikortasun jasangarriaren oraina eta etorkizuna» lemapean. Erakusketa industrial hau MUBIL fundazioak sustatzen du eta sortu zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren baitan. MUBIL Fundazioak antolatzen du Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, eta mugikortasun berriaren balio kateko eragileak biltzen ditu, merkatuko teknologiarik aurreratuenak erakusteko.
Go Mobility by MUBIL ekimenaren hirugarren edizioan ikusgai izango dira merkatuko azken berritasunak, ikuspegi industrial eta digitaletik, eta helburua izango da topagune izaten jarraitzea balio erantsi handiko trukeak sustatzeko, proiektu berritzaileak bultzatzeko eta lurraldearen eraldaketa industriala pizteko. Askotariko erakusketariak eta bisitariak izango ditu, eta tartean izango dira eragile publiko nahiz pribatuak, lankidetza eta koordinazioa sustatzeko mugikortasun berriaren erronkei aurre egiterakoan.
Hala nabarmendu dute gaur Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Jabier Larrañagak, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari Iñigo Ansolak, MUBILeko zuzendari Ane Insaustik eta azokako zuzendari Monica Aldayk.
Ezagutzera eman dutenez, azokaren merkaturatzearen bilakaera oso positiboa izan da, eta 2020ko edizioan baino % 22 enpresa erakusle gehiagorekin itxi da.
Enpresen jatorriari dagokionez, nabarmentzekoa da azokak Euskal Autonomia Erkidegotik haratagoko erakusketariak erakartzeko duen gaitasuna. Erakusketarien jatorriari buruzko datuen arabera, % 29 Gipuzkoatik datoz, %14 Arabatik eta Bizkaitik, % 44 Estatuko gainerako herrialdeetatik eta % 13 Europako herrialdeetatik, hala nola Alemaniatik, Frantziatik, Italiatik eta Portugaldik.
Datu horiek Go Mobility-ren ibilbideari balioa ematen diote; izan ere, hiru ediziotan lortu du erreferentziazko hitzordu bihurtzea Europa Hegoaldean mugikortasun jasangarriaren ekosistemako eragile guztientzat. Mugikortasun jasangarrirako bidea markatzen duten legeen epeak geroz eta hurbilagoak direnez, eragile askok hartu behar dituzte erabakiak, erakundeetatik eta operadore handietatik hasi eta erabiltzaile partikularretaraino. Horregatik, merkatuak inoiz baino beharrezkoagotzat jotzen du Go Mobility by MUBIL azokaren hirugarren edizioa.
Go Mobility by MUBIL azokara hurbiltzen direnek mugikortasun jasangarriaren balio kate guztiko enpresa erakusle ugari aurkituko dituzte. Edizio honetan, arlo hauetako enpresak nabarmendu behar dira: mugikortasun jasangarrirako konponbide integralak; mugikortasun konektatu eta/edo partekaturako konponbideak; birkarga azpiegiturak; osagaien fabrikatzaileak eta start-up-ak; energiaren biltegiratzea; aholkularitza enpresak; teknologia eta ikerketa zentroak; IKTak; garraio sistema adimendunen hornitzaileak; tranbia, autobus eta auto fabrikatzaileak; administrazioa eta erakundeak; mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen fabrikatzaileak; klusterrak, haztegiak eta elkarteak; ingeniaritza; unibertsitateak eta lanbide heziketa.
Dibulgazioa helburu duen azoka
Hitzaldi programa da Go Mobility by MUBIL ekimenaren beste erakargarrietako bat, are gehiago gaur egungoa bezalako une batean, non energiari buruzko eztabaida eta iraunkortasuna gaurkotasun osokoak diren.
Go Mobility by MUBIL azokan nazioarteko goi mailako adituak egongo dira, hala nola, María Tsavachidis, hiri mugikortasun jasangarriranzko eta hiri espazio bizigarrietarako trantsizioa azkartzeko ezagutzaren eta berrikuntzaren Europako komunitate EIT Urban Mobilityko zuzendari nagusia edo Carlos Moreno, urbanista franko-kolonbiarra eta Sorbonako ETI katedrako zuzendaria (ekintzailetza, lurraldea, berrikuntza), hiri adimendunetako aditurik garrantzitsuenetakoa eta «15 minutuen hiria/Ordu erdiko lurraldea» proiektuaren sustatzailea. Proposamen horrek sustatzen du hiri birkonfigurazioa, eta babesten du hiperhurbiltasuna dela, besteak beste, bizi kalitatea hobetzeko gakoa.
Guztira, 8 hitzaldi eta hiru mahai-inguru izango dira. Horietan, besteak beste, honako gai hauek jorratuko dira: mugikortasunaren berrikuntza disruptiboa, XXI. mendeko automozioko enpleguaren eta prestakuntzaren erronkak, edo bateria elektrikoen balio kateak mugitzen du garapen iraunkorra.
Dibulgazio jarduera hori Exhibitor 's Corner espazioan programatutako 40 hitzaldi teknikoekin osatzen da, eta, bertan, enpresa erakusleek beren nobedade eta produktuei buruz hitz egiteko hitzaldi bat eskaintzeko aukera dute.
Era berean, City Market Place bat egongo da, mugikortasun jasangarriaren arloan erronka zehatzak dituzten Europako hirien eta horiei aurre egiteko produktuak, zerbitzuak eta konponbideak proposatzen dituzten enpresen arteko topagune gisa, Iruña, Donostia, Malaga, Gasteiz, Irun, Bartzelona eta Bragarenparte-hartzearekin. Gainera, Go Mobility by MUBILek erakusketa eremu bat gorde du mugikortasun jasangarriaren arloko Europako proiektuak poster formatuan erakusteko.
Halaber, Test Drive eremu bat gaitu da Ficobaren kanpoko eremuan, ibilgailuak ikusi eta probatzeko, 7.000 m2-ko zirkuitu itxian. Agenda guztia hemen kontsulta daiteke: www.gomobility.eus
Inbertsioa erakartzea
Go Mobility by MUBILen helburu nagusietako bat merkatua sortzea da. Horregatik, ahalegin handia egiten da hurrengo 24 hilabeteetan sektore horietan inbertsioak egiteko asmoa duten estatuko zein nazioarteko erosleak erakartzeko. Horrela, bada, baieztatutako 17 «hosted buyers» inguru daude, enpresa publiko zein pribatuetako bisitari profesionalak. Bisitariek agenda pertsonalizatua izango dute azokan zehar, eta gutxienez 3 bilera egingo dituzte beren intereseko erakusleekin
2984