Lurraldeko 15 eragilek ezagutuko dute Herbehereetako mugikortasun berriaren ekosistema
Lurraldeko 15 eragilek ezagutuko dute Herbehereetako mugikortasun berriaren ekosistema
I+G zentroek, erakundeek eta enpresek osatutako ordezkaritza batek parte hartzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Bazkundeak bultzatutako berrikuntza misioan.
Datorren astean, Gipuzkoako I+G zentroek, eragileek eta enpresek osatutako ordezkaritza batek parte hartuko du Herbehereetan mugikortasun berrian zentratutako berrikuntza-misio batean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bazkundeak sustatuta, MUBILekin eta BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoarekin lankidetzan. Misioko parte hartzaileek aukera izango dute mugikortasun elektriko, jasangarri eta konektatu berriaren esparruan esperientzia arrakastatsuak partekatzeko, eta munduan punta-puntakoak diren herrialdeetako baten aurrerapen berritzaileenak ezagutzeko. "Aukera paregabea da ikasteko eta lehen eskutik erronka horri nola aurre egiten ari diren ikusteko, baina baita Gipuzkoarako balizko lankidetza bideak eta aukera berriak aztertzeko ere", nabarmendu du Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak.
Misioa irailaren 21etik 23ra bitartean garatuko da, eta herrialdeko hainbat leku bisitatuko dira, hala nola Rotterdam, Haga, Delft, Eindhoven, Helmond, Amsterdad eta Utrecht, mugikortasun berrian espezializatutako ekosistemen nodoak, herrialdeak duela hamarkada batzuetatik egin duen apustuaren emaitza. Lan agendak barne hartzen ditu topaketak erakundeetako ordezkariekin, teknologia zentroekin, unibertsitateekin eta enpresekin; enpresa horiek nazioarteko ospea dute automozioan, birkarga azpiegituretan eta energia adimendunak edo bateriak kudeatzeko sistemetan. Gipuzkoan gauzatzen ari diren ekimen aitzindariak eta abangoardistak partekatzeaz gain, misioaren helburua da joera eta proiektu berritzaileak ezagutzea.
Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Bazkundearen ordezkaritzak 15 eragile izango ditu, eta Jabier Larrañaga diputatua eta Javier Zubia zuzendari nagusia izango ditu buru. Parte hartuko dute, halaber, Ane Insausti MUBIL fundazioko zuzendariak, Rikardo Bueno BRTAko zuzendariak, eta BIC Gipuzkoa, MCC Mondragón Corporación edo lurraldeko ikerketa-zentroetako ordezkariek (Tecnalia, CEIT, CIC Nanogune, Tekniker, Lortek, Ikerlan eta Vicomtech).
Jabier Larrañagak gogorarazi duenez, Etorkizuna Eraikizen premisa nagusietako bat da "herrialde aurreratuenen jardunbide arrakastatsuen jarraipena egitea, gure politika publikoak eta etorkizuneko proiektu estrategikoak kontrastatzeko. Orain, Zubietako Mugikortasun Berriko Poloa bultzatzen ari gara, Mubil Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Zentroaren behin betiko egoitza hartuko duena. Polo horrek lehen mailako azpiegitura teknologikoa izango du etorkizuneko ibilgailuetarako funtsezko osagaiak probatzeko –energia biltegiratzea, Power Train eta hidrogenozko erregai pila–. Misio honetan zehar, Herbehereetako antzeko elkarlaneko ekosistemen esperientziak ezagutu ahalko ditugu, eta Gipuzkoan ematen ari garen urratsak partekatu ahalko ditugu. Horrek, ziur aski, proiektua aberasteko balioko digu", azaldu du.
Misioa Gipuzkoako Bazkundearen eta Foru Aldundiaren arteko lankidetzan jasotako urteko ekintzetako bat da, azken bi urteetan gauzatu ezin izan zena, pandemiaren ondorioz mugikortasun mugak zeudelako. Era berean, indartu egiten du bi erakundeek MUBILekin batera egiten duten lana, lurraldearen posizionamendua indartzeko etorkizunerako eremu estrategiko batean, mugikortasunean, gure industria sarea jasangarritasunaren giltzarri bihurtzeko lan eginez, klima aldaketaren erronkari erantzungo dion mugikortasun eredu berri baten alde.
Jarduera horiek guztiak garatzeko, Javier Zubiak nabarmendu du “oso garrantzitsua” dela “harreman-sare bat sortzea, lankidetzarako aukeraz gain, etorkizunean gure enpresentzako merkataritza-aukerak sortzeko”. Horren beste adibide bat "Ingimob" programa da; haren bidez, Gipuzkoako enpresa ehunari laguntzen zaio mugikortasun elektrikoaren sektorean enpresa proiektu berrien garapena identifikatzen eta sustatzen, startup berriak edo enpresen dibertsifikazio proiektuak sortuz.
Jarraitu beharreko eredua
Denboran zehar egindako apustu iraunkorraren ondorioz, Herbehereak mugikortasun jasangarri eta adimendunaren erreferente nagusietako bat izan dira. Europan kargagailu elektriko gehien dituen herrialdea da, eta kontinenteko % 25 biltzen du. IEB eta IEHEen salmentak ibilgailu berrien salmenten ia % 50 dira. Ibilgailu jasangarrien erosketa sustatzeko adibide bat izan da, eta teknologian eta enpresa proiektuetan abangoardiako ekimen publiko-pribatuak biltzen ditu.
Europako herrialde horrek lortu zuen puntuaziorik onena garraio ekologikoari buruzko azterlan batean, eta atzetik datoz Luxenburgo, Suedia eta Alemania. Azterlan hartan, zenbait irizpideren konbinazio bat erabili zen, hala nola garraio publikorako sarbidea, garraio publiko berdearen eskuragarritasuna, ibilgailu elektrikoak kargatzeko estazio publikoen dentsitatea, mugikortasun jasangarrirako pizgarri ekonomikoak eta zero emisioko helburuak.
4919