2.000 lagunetik gora Ficoban, Aldundiko administrarien lan poltsako azterketa egiteko
2.000 lagunetik gora Ficoban, Aldundiko administrarien lan poltsako azterketa egiteko
Lasak azterketa honen garrantzia azpimarratu du esanez, froga honekin aurrerantzean sortuko diren lanpostuak kudeatzeko modu berri bati ekiten zaiola
3.661 lagun zeuden izena emanda eta horietatik 2.072 pertsona aurkeztu dira Aldundiako administrari postuetarako lan poltsa osatzeko Ficobako erakustazokan egin den frogara. Imanol Lasa, Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko Diputatuak deialdiaren arrakasta azpimarratu du eta aurreratu du “legealdian egin asmo dituzten deialdietan lehenengoa izan dela gaurkoa, partikularki azpimarragarria, aurrerantzean Foru Gobernuan sortuko diren lanpostuak kudeatzeko modu berri baten hasiera dakarrelako azterketa honek”, argitu du Lasak. Batetik, antzeko azterketak antolatuko dira Ogasuneko goi eta erdi mailako teknikarien, letraduen eta kontu-hartzaileen lan poltsa osatzeko eta, bestetik, suhiltzailetarako edo iruzur fiskalaren aurkako borrokarako teknikarien Lan Eskaintza Publikoak egingo dira, besteak beste, Gobernantza diputatuak jakinarazi duenez. Gogoratu du baita ere Aldundiak datozen urteetarako duen erronka garrantzitsu bati erantzungo diola horrela, izan ere egun, Foru Gobernuko langileen erdiak 50 urte inguru ditu, eta 8-10 urteko epean erretiroa hartuko dute. Deialdi hau, “garai berrietara, eta herritarren eskari berrietara” egokitze aldera, erakundearen antolaketa eraldatzeko gauzatzen ari den prozesuan kokatu du Lasak: “Administrazio publiko moderno, eraginkor eta kalitatezkoaren aldeko apustua egiten dugu”, adierazi du.
Bi orduko azterketa hamaikak pasatxoan hasi da, frogara aurkeztu diren lagun guztien datuak baieztatuta, guztiak euren tokietan exerita, egon direnean.
Aparteko gela batean egin dute azterketa disgaitasunen bat duten pertsonak; 13 zeuden izena emanda, horietatik 12 aurkeztu dira eta eurek epe tarte luzeagoa, norberaren disgaitasunaren arabera lau ordu artekoa, izan dute froga egiteko.
Aurrikusi bezala, normaltasun osoz eta aparteko batere gertakaririk gabe, garatu da froga; eta berrikuntza bezala, aipatu behar da, behar izan duten amek edoskitze gunea izan dutela Ficoban bertan, azterketa egiten ari ziren gelen alboan.
Hautagaiek euskarazko bigarren perfila egiaztatu behar izan dute. Azterketak bi zati izan ditu: gai zerrenda orokorreka batetik, eta informatika ezagutzak, bestetik. Hautapen prozesurako 100 puntutik 64 emango ditu froga honek; administrazio publikoan pilatutako eskarmentua ere kontuan hartuko da, gehienez 30 puntu eskuratu daitezke administrari edo administrari laguntzaile lanpostuetan egindako lanagatik. Gainerako 6 puntuak IT Txartelaren bidez frogatzen diren trebetasun informatikoen arabera emango dira.
Maite Barruetabeña, Funtzio Publikoko zuzendariak aditzera eman duenez “gaurko deialdiak berebiziko garrantzia dauka, Aldundiaren langileen %40 inguru administrariak direlako, eta lanpostu horietan etengabeko premia dagoelako. Bide batez, hutsune handi bati emango zaio erantzuna; izan ere, Aldundiak egindako administraritarako azken lan eskaintza publikoa 1993koa da, eta azken lan poltsa handia, berriz, 2002koa”, gogoratu du Barruetabeñak.
Administrarien lan poltsa berriari esker, Aldundiak eta Gipuzkoako udalek zerrenda propio eta eguneratua izango dute, eta ez dute beste erakundeen zerrendetara jo beharrik izango. Gainera, lanpostuetan sortzen diren baja eta hutsuneak arinago kudeatuko dituzte, eta arazo garantzitsu bati konponbidea emango zaio, orain arte zeukaten zerrenda zaharkitua baitzegoen. Berrikuntzen artean, aipatu bezala, lehen aldiz deialdi honetan hartuko da kontuan erakunde publikoetan pilatutako eskarmentua. Neurri honekin, beraien eskarmentua aprobetxatuz eta balioan jarriz, bitarteko funtzionarioen egonkortasuna sustatu nahi da –langile guztien %30 inguru dira-.
1988