2,6 milioi euro inbertituko dira Txara I eta Txara II-ren erreforma lanetan
2,6 milioi euro inbertituko dira Txara I eta Txara II-ren erreforma lanetan
Aurrealdeko horma eta infiltrazioak konpontzeko obrak urte amaiera baino lehen hastea, eta 2017ko uda baino lehen amaitzea espero da
Donostiako Txara I eta Txara II-ko instalazioak hobetzeko lanetara 2.604.548,48 euro bideratzea adostu du Diputatuen Kontseiluak. Txara I-eko kanpoaldeko hormak berritzeko 1.992.555,32 euro inbertituko dira, eta Txara I eta II-ko errezel-hormak konpontzeko proiektuan, berriz, 611.993,16 euro. Kanpoaldea berritzeaz gain, obrei esker, “behin-betiko” konponbidea jarriko zaie bi eraikinek pairatzen zituzten ur eta aire filtrazio arazoei, Imanol Lasa foru bozeramaileak jakinarazi duenez.
Modu mailakatuan egingo dira lanak, erabiltzaileei ahalik eta gutxien eragiteko. Aurreikuspenen arabera, urte amaiera baino lehen hasi, eta 2017ko udarako amaituko dira. Bi eraikinen estetika gordetzeko asmoz, bi erreforma proiektuak arkitekto berari enkargatu zitzaizkion, Ana Sánchez Ostizi. Obrak egiteko, proiektuak lizitazio bakar batean eskaini beharko dira eta kontratista bati esleitu beharko zaizkio, koordinazio eta azpiegitura arrazoiak direla eta.
Lasak gogorarazi duenez, Txara I eta II-k 200 erabiltzaile inguru elkartzen dituzte, kontuan hartuta adinekoen erresidentzia, elkarbizitza unitateen pisu tutelatuak, eta Atzegi, Gautena eta Aspaceko zerbitzuak hartzen dituztela.
Erresidentzien ordainketarako dekretua
Politika Sozialarekin jarraituz, Kontseiluak erabaki du mendekotasunaren arretarako Gipuzkoako zentroetako erabiltzaileen diru ekarpena arautzen duen dekretua aldatzea. Honela, xedapen libreko kopuruak handituko dira beraien zentroetan mantenu zerbitzua sartuta ez duten erabiltzaileentzat, mantenu gastuei aurre egin ahal diezaieten.
Neurri honek 11 laguni onura egitea espero da. 10.930,67 euro bideratuko zaizkie urtean. “Gure konpromisoa da inor atzean ez uztea, eta horrek kalteberatasun egoeran daudenei eta baliabide gutxien dituztenei babestea eskatzen du”, nabarmendu du Lasak.
1764