Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour 2.758 esku-hartze egin zituen Suhiltzaile Zerbitzuak 2018an guztira, % 7 gehiago

2.758 esku-hartze egin zituen Suhiltzaile Zerbitzuak 2018an guztira, % 7 gehiago

Erdia baino gehiago erreskateak eta salbamenduak izan ziren, eta % 28,17 suteak, Imanol Lasa diputatuak jakinarazitakoaren arabera

2019/05/07

Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuak larrialdiko 2.758 esku-hartze egin zituen iazko 2018. urtean erregistratu ziren 2.242 ezbeharretan. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak jakitera eman duenez, ezbeharren erdiak baino zerbait gehiago, % 56,16, erreskateak eta salbamenduak izan ziren; % 28,17 suteak; eta gainerakoa, berriz, laguntza teknikoak (% 8,51) eta alarma faltsuak (% 7,15). 2017. urtearekin alderatzen badugu, ikusten da gehikuntza bat dagoela bai 2018an izandako ezbeharren kopuruan, bai Suhiltzaile Zerbitzuak egindako jarduketa kopuruan, bi kasuetan ia % 7 igo baitziren aurreko urtearen aldean.

Suteei dagokienez, 642 ezbehar izan ziren guztira, gutxi gorabehera aurreko urtean izandako suteen % 10 gutxiago. 2018. urtean izan ziren sute gehienak hiri-suteak izan ziren, tamaina txikikoak, etxebizitzetan (257 ezbehar), nahiz eta 43 industria-sute ere erregistratu ziren, fabrika, lantegi edo biltegietan; 44 sute landa-eraikinetan edo baserrietan; 42 baso-sute edo landaretza-sute; eta 116 sute era askotako garraiobideekin zerikusia izan zutenak.

Aurreko urteetan gertatu izan den bezala, 2018an izandako sute gehienak egunez gertatu ziren (% 60,03); zehazki, goizeko 08:00etatik arratseko 20:00etara, goraldi batzuk egonik bai egunaren erdiko orduetan bai arratseko azken orduan. Hala eta guztiz ere, esan behar da nola askotan suterik larrienak gauez izaten diren, detekzio denbora handiagoa izaten baita, eta sutea libreki bilaka baitaiteke, kalte handiagoak eraginez.

Erreskate eta salbamenduei dagokienez, 2018. urtean, Foru Aldundiko suhiltzaileek mota horretako 1.280 ezbeharri erantzun zieten, eta horrek % 4,66ko gehikuntza ekarri zuen atal horretan, azken urteetako goranzko joera mantenduta.

Erantzundako halako ezbehar guztietatik, 196 jarduketa izan ziren trafiko istripuak; 487 artapen, arriskuan zeuden pertsonei, barne hartuta etxebizitzetan sartzeak eta mendiko erreskateak; 111 eskuhartze, ur, gas edo argindar ihesekin zerikusia zuten ezbeharretan; eta 249 artapen, animaliei, barne hartuta Asiako liztorraren habiak kentzea (vespa velutina), zeintzuetatik 189 jarduketa kontatu baitziren guztira, eta azken urteetan, espezie hori lurraldean sartu zenez geroztik, halako jarduketek izan duten beheranzko joera eten zen.

Erreskate eta salbamenduen kasuan ere, asteburuetan eta astelehenetan gertatu ziren halako gorabehera eta jarduketa gehienak, bereziki esanguratsuak eta garrantzitsuak izanik, haien kopuruagatik, trafiko istripuekin eta mendiko jarduketekin zerikusia zutenak. Suhiltzaileen esku-hartze gehien metatu ziren hilabeteei dagokienez, urria izan zen lehena, eta gero, otsaila eta iraila.

 

 

Suhiltzaile Zerbitzuak parte hartutako esku-hartzeetan ebakuatu edo erreskatatutako pertsonei dagokienez, 262 pertsona kontatu ziren, guztira, eta horietatik 35, hildakoak ziren. Esku-hartzeen % 44an, abisua eman zenetik esku-hartzea hasi zen arte igarotako denbora 10 minutukoa baino laburragoa izan zen. Bestalde, 15 minutu baino gutxiagotan hasitako jarduketak erreferentzia gisa hartuz gero, portzentaje hori % 67,4ra igotzen da, esku-hartze guztiak hartuta. Ezbeharretara mugitzen diren dotazioen joaneko bidaiaren batez besteko iraupena 11,8 minutu izan da.

Esku-hartzeak burutzeko behar den denborari dagokionez, batez besteko iraupena ordubete eta 20 minutukoa izan zen, eta suhiltzaileek egindako jarduketa guztien % 64,82an ordubete baino gutxiago behar izan zen.

 Bai Esan Kontrol eta Komunikazio Zentroari dagokionez, 2018. urtean abian jarri zena Gipuzkoako Larrialdiak Koordinatzeko Zentral Bateratu berria. Zentral berri hori Donostiako Suhiltzaile Etxean kokatzenda, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren arteko lankidetza hitzarmenari esker. “Gipuzkoako larrialdietako alorrean aurrerapen handia ekarri du, bai teknologia aldetik eta bai arreta aldetik; izan ere, zentralak instalazio modernoak eta azken belaunaldiko informatika eta telekomunikazioetako ekipoak ditu eta, beraz, Gipuzkoa Babestu 20_30 Plan Estrategikoan jasotako proiektu garrantzitsuenetako bat gauzatu ahal izan da, datorren hamarkadan Gipuzkoako larrialdien arreta modernizatzera eta hobetzera bideratutako proiektua, hain zuzen”, adierazi du Lasak.

Gipuzkoa Babestu 20_30 egitasmoaren xedea da etorkizuneko larrialdien arretarako oinarriak ezartzea Gipuzkoan, “herritarren segurtasunari eta zerbitzuaren eraginkortasunari lehentasun osoa eskainiz”, nabarmendu du Lasak. Parkeak berrantolatzea eta Zerbitzuaren giza baliabideak eta bitartekoak sendotzea aurreikusten du, besteak beste. “Oso tresna baliagarria daukagu mahai gainean, epe luzean premiazkoa den zerbitzuaren eraberritzea gauzatzeko. Suhiltzaileen ezagutza eta eskarmentua dago tresna horren oinarrian, eta baita eragileen arteko elkarlana ere. Horiek izango dira gako nagusiak datozen urteetan, denon artean Plana gauzatzeko”, amaitu du.

  

1705