Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Daniel Txopitearen 20 obra piktoriko Gordailuan utziko dira komodatu erregimenean

Daniel Txopitearen 20 obra piktoriko Gordailuan utziko dira komodatu erregimenean

• Hogei margolan horiek kontuan hartuta, Daniel Txopitearen ia obra guztia Gordailuan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Bildumen Zentroan, gordeko da. Obra batzuk zaharberritu egin behar dira, eta familiak erabaki du Txopitearen ondarea zaintzeko modurik onena Gordailuan gordetzea dela.

2020/01/22
  • Familiak eta Denis Itxaso Kulturako diputatuak gaur goizean sinatu duten komodatua 10 urterako da. Artistaren familiak Gordailuan egingo diren zaharberritze lanetan parte hartzeko aukera izango du. Guztira 20 obra dira. Gordailuak jasoko dituen obra piktorikoak 1973 eta 1996. urteen artean egin zituen artistak.

 

  • Denis Itxaso Kulturako diputatuak azaldu duenez, "Txopitea artista polifazetikoa izan zen, abangoardia eta euskal ondare kulturala lotzen jakin zuena" "Gordailuan bere obra biltzeak, artistaren errekonozimenduaz gain, Gipuzkoako arte garaikidearen ondarea aberastea dakar, haren dibulgazioa eta ezagutza bultzatuz

 

Daniel Txopitea (1950-1997) Ermuan jaio zen, eta 1952an bere familia Eibarrera joan zen bizitzera. 1976an, Daniel Begoña Cendoyarekin ezkondu eta Zarautzera joan ziren bizitzera.

 

Txopiteak oso gazte deskubritu zuen bere bokazio artistikoa eta bere lehen sariak 19 urterekin irabazi zituen, «Geometría inicial» izeneko estiloaren  barnean garatutako lehen lan batzuekin; gainera, beti bere estilo propioaren barruan, bere obrek estilo neokonstruktibista baterantz eboluzionatu zuten, surrealismoaren edo figurazio fantastikoaren lurraldeak bidean arakatu ondoren.Beti jo zuen bere burua autodidaktatzat, eta, batez ere margolaria izan zen arren, bere kezka ikertzaile eta sortzaileari erantzunez, adierazpen artistikoaren beste arlo batzuk ere aztertu zituen, besteak beste eskultura (adibide bat: Nestor Basterretxea eta Jorge Oteizaren laguntzarekin Zarautzen kokatu zen «Cíclope Vigilante» izenekoa), literatura, poesia, diseinua eta argazkilaritza.       

Debako eskolaren parte izan zen. Gainera, Fernando Beorlegui eta Iñaki Larrañagarekin batera "Gorutz" talde artistikoa sortu zuen, eta "Enkoari" eta "Lekarok" taldeen sorreran ere parte hartu zuen.  Ezagunak dira bere serie hauek: "Gauzak", "Figuración Fantástica", "Serie Erótica", "Figuras en movimiento", "Belarrak" edo "Colosos y Titanes".        

Honela deskribatzen du Xabier Saenz de Gorbea historialari eta arte kritikariak Txopitearen ibilbidea:

 «Egindako bidea emankorra, zabala eta askotarikoa da. Daniel Txopiteak etengabe mantentzen du bilaketa eta ikerketaren axioma; askotariko esperientzien eragile bizia izanik, adierazpen arlo desberdinetan aritu da Daniel Txopitea, bere jarduera nagusia den pinturaren praktikatik abiatuta,  literatura, diseinu, argazkilaritza, eta grabatuen edizio lanak ere egin baititu. Halaber, bizitza kulturalari lotutako dinamizazio lanak burutu ditu, eta baita ere historia, etnologia, antropologia eta estetika arloetako lanak. Bere ibilbide plastikoan zehar, sormena bizirik mantentzeko etengabeko ahalegina egin du artistak. Horretarako, Euskal Herriaren ondare kulturalean murgiltzeaz gain, bat egin du uneko oinarri intelektual eta artistikoekin. (…)»

Artistak pintura lana uztartu zuen beste jarduera batzuekin eta, horrela, artikulugile, arte kritikari, nobelagile eta poeta gisa ere aritu zen. 1987 eta 1990 artean Txopiteak Donostiako Altxerri Galeria zuzendu zuen, non, besteak beste, Genovés, Guinovart, Menchu Gal eta Bonifacio Alfonso artisten lanak erakutsiko ziren.

Azkarregi hil zen, heldutasun artistiko bete-betean. Jarduneko hiru hamarkadetan, bakarkako eta taldekako erakusketak egin zituen, Euskal Herrian eta Espainiako, Europako eta Estatu Batuetako beste leku batzuetan. Haren lanak hainbat museo eta erakundetako bildumetan daude.

Txopitearen heriotzaren ondoren, omenaldi ekintzen barruan Kutxak antolatutako atzera begirako erakusketan, hau esan zuen Edorta Kortadik: «Txopiteak Euskal Herriko hainbat alderdi sozio-erritual ikertu eta azaltzen ditu ezin hobeto. Herri kulturako antzinako esanahiak bildu eta sakonki aztertzen saiatzen da,  plastikoki gaur egungo esanahiez janzteko eta, horrela, tradizio espezifiko modernoa sortzeko».

 

  

1989