Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour 2020ko Enplegu Publikoko Eskaintzak 80 plaza ditu

2020ko Enplegu Publikoko Eskaintzak 80 plaza ditu

Eskaintza berriak 2018 eta 2019 urteetan onartutako EPEak indartuko ditu, hauetan aurreikusitako plaza kopuruak handituz.

2020/12/15

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak 2020 urteari dagokion Enplegu Publikoko Eskaintza (EPE) onartu du gaur, 80 plaza dituena. Plaza berri hauek aurreko urtetan onartutako eskaintzetan egindako deialdiak indartuko dituzte. “Legealdi honen hasieran, gure helburu estrategiko nagusien artean jarri genuen etxe honen transformazioa aurrera eramatea eta, bide horretan, funtzio publikoaren arloa funtsezko atala da”, esan du Eider Mendoza foru bozeramaileak. “Datozen hiru legealdietan Aldundiko langileen erdiak erretiroa hartuko du eta, ondorioz, EPEn arloan egiten ari garen lana funtsezkoa da errelebo hori ahalbidetzeko. Helburua bikoitza da: alde batetik, profil berriak eta belaunaldi berri bat Aldundian sartzea eta, bestetik, erretiroa hartzen duten pertsonen jakintza eta eskarmentua ez galtzea”, nabarmendu du.

          Astero bezala, hedabideen aurrean agertu da Mendoza aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko, eta bertan iragarri du aurtengo Enplegu Publikoko Eskaintzaren ondarpena. “Urteetan Enplegu Publikoko Eskaintzak egitea debekatuta izan ondoren, 2018 (338 plaza) eta 2019 (72 plaza) urteetan onartu genituen berriro ere Aldundian EPE eskaintzak. Hauetako batzuen hautaketa probak eginda daude edo momentu hauetan egiten ari gara”, gogoratu du bozeramaileak. Egiteko dauden eskaintzen kasuan, 2020ko EPEak hauen plaza kopuruak indartzen ditu.

          Zehazki, 2020 urteko EPEaren 80 plazak modu honetara banatzen dira: 53 administrari plaza; 8 suhiltzaile plaza; 5 basozain plaza; 4 zaintzaile plaza; 3 bidezain-makinista gidari plaza: 3 administrazio kudeaketako erdi-mailako teknikari plaza; letratu plaza 1 (prozesu hau barne sustapen bidez egingo da); bide, kanal eta portuetako ingeniari bat; arkitekto tekniko 1; eta erizain 1. Plaza berri hauek aurreko urteetan onartutako EPEetan aurreikusitako plazei gehitu ostean, honela geratzen da Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur gaurkoz onartuta dituen enplegu publikoko eskaintzak: 124 administrari plaza; 31 suhiltzaile plaza; 20 basozain plaza; 17 zaintzaile plaza; 12 bidezain-makinista gidari plaza; 15 administrazio kudeaketako erdi-mailako teknikari plaza; 3 letratu plaza (barne prozesua); 4 bide, kanal eta portuetako ingeniari plaza; 10 arkitekto tekniko plaza; eta 3 erizain plaza.

          Mendozak gogoratu duenez, behin Enplegu Publikoko Eskaintza onartuta, hiru urteko gehieneko epea ezartzen da hautapen prozesuetako deialdiak onesteko. Hautagaiei eta interesatu dauden pertsonei zuzenduz, azaldu du prozesu hauei buruzko informazio guztia Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan dagoela eskuragai (egoitza.gipuzkoa.eus). “Interesa duen oro animatu nahiko nuke Aldundiak gaur gaurkoz martxan dituen EPEei buruzko informazio eskuratu eta hautaketa probetan parte hartzera. Egungo mundua erronkaz beteta ageri da eta, horiei aurre egiteko, erakunde sendoa behar dugu, etorkizuneko desafio horiek gainditzeko gaitasuna duena; horregatik, lurraldeko talentua erakarri nahi dugu; nahitaezkoa da belaunaldi berriak erakundean txertatzea, etorkizuneko munduko erronkei eraginkortasunez erantzuten jarraitu ahal izateko”, azpimarratu du. 

 

Langile berriak

Funtzio publikoaren alorra utzi gabe, EPE prozesu hauekin lotutako beste bi erabaki ere hartu dira gaurko Diputatuen Kontseiluan. “2018an eta 2019an onartutako EPEetako hautaketa prozesuetako batzuk amaitu ditugu, eta gaur, poz handiz, prozesu guztia gainditu eta plaza eskuratu dituzten hainbat pertsona funtzionario izendatu ditugu: 27 gizarte langile eta 4 mediku”, azaldu du Eider Mendozak. Orain, gehienez sei hilabete iraungo duen praktika aldia egingo dute 31 pertsona hauek, eta ondoren eskubide osoko funtzionarioak izatera pasako dira.

“Guretzat, erakunde bezala, oso berri pozgarria da pertsona hauek gure lan taldera batzea”, esan du foru bozeramaileak. “Aurten bereziki da garrantzitsua, zeren eta 2020 honetan, denean bezala, COVID-19 gaitzaren pandemiaren etorrerak guztiz baldintzatu dizkigu EPEen hautaprobak egin ahal izatea. Zailtasunak zailtasunak, prozesu hauek modu egokian ixtea lortu dugu, eta datozen hilabeteetan ere beste plazetako prozesuetan aurrera pausoak ematen jarraituko dugu”, esan du foru arduradunak, funtzionario plazara sartu berri diren 31 lagun hauei zorte ona opaz. “Esan bezala, Aldundiaren transformazioa esku artean dugun erronkan nagusietako da, datozen hilabeteetan ere erabakiak hartu eta norabide honetan bultzatzen jarraituko dugu”, azpimarratu du.

 

2020ko Urrezko Domina

Bestalde, Mendozak iragarri du aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duela Urrezko Dominarik emango. “Egun bizi dugun pandemia egoera dela eta, ezinezkoa da Gipuzkoako Foru Aldundian hain maitatua zaigun Domina-emate ekitaldia behar bezala egitea. Hori dela eta, bertan behera utziko dugu edizioa”, adierazi du foru arduradunak. Gaineratu duenez, eta datorren urtera begira jarrita, “egoera epidemiologiak hobera egiten badu eta agertokia hobea bada, aztertuko dugu ekimena berriro ere aktibatzea, etxe honentzako garrantzia handiko ekitaldia baita”.

 

Gizarte politikako partea

Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Foru Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du Mendozak. Adinetako egoitzetako erabiltzaileen kasuan, 165 kasu positibo daude, 14 egoitzetan banatuta: 28 Donostiako Hermano Garate – San Ignacio egoitzan; 2 Donostiako Txara II-n; 16 Errenteriako Sanmarkosenen; 1 Beasaingo Arangoitin; 1 Andoaingo San Juan Bautistan; 33 Donostiako Julian Rezolan; 6 Eskoriatza Jose Arana egoitzan; 1 Eibarko Egogain egoitzan; 2 Donostiako Berio egoitzan; 16 Donostiako Sanitas Miramonen; 18 Donostiako Villa Sacramenton; 20 Irungo Inmaculadan; 20 Aretxabaletako Debagoienan; eta 1 Arrasateko Benito Mennin. Hauetatik 91 Eibarko Ospitaleko planta sozialean eta Ordiziako San Jose erreferentzia zentroan daude; bi baliabide hauetan artatzen dira COVID-19 gaitzagatik positibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak. Helburua da egoitzetatik kasu positiboak atera, kutsatze arriskua murriztu eta bisitak egiten jarraitu ahal izatea. Abuztuaren 11n bigarren olatuko lehenengo positiboa atzeman zenetik, 107 egoiliar hil dira, eta 389 sendatu.

Adinekoen egoitzetako langileen kasuan, 139 kasu positibo daude, 28 egoitza desberdinetan banatuta. Bigarren olatuan, orain arte, 313 langile sendatu dira. Eguneko zentroen kasuan, azken astean 8 positibo berri atzeman dira, eta beste 9 positibo desgaitasuna dutenei arreta emateko zerbitzuetan. Azken honetan, guztira, 412 plaza daude egoitzetan eta 474 etxebizitzetan. Gizarte inklusioaren kasuan beste 5 positibo atzeman dira; gogoratu behar da sare honetan 54 baliabide daudela, 225 plaza egoitzetan eta 192 etxebizitzetan dituztenak. Azkenik, beste positibo bat atzeman da adingabeei arreta emateko baliabideen sarean, non 400 plaza dauden. PCR probei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 65.335 proba egin ditu, hauetatik 4.146 pasa den astean, egoiliarren eta egoitzetako langileen artean.

  

2069