2022 izan da XXI. mendeko urterik beroena eta lehorrena Gipuzkoan
2022 izan da XXI. mendeko urterik beroena eta lehorrena Gipuzkoan
Mende amaierarako, gure ur baliabideak % 30 murritz daitezke, isuriak ez badira gutxitzen eta lehorte luzeak gertatzen badira.
2022. urtea oso-oso beroa izan zen Gipuzkoan, 1981-2010 erreferentziako aldiaren aldean gradu bat gehiagoko batezbestekoarekin; lurraldeko puntu ugaritan maximo historikoak erregistratu ziren. Urtean zehar % 20 eguzki ordu gehiago izan ziren.
Lurralde osoko prezipitazio metatutak 2022an izan ziren, 1981-2010 aldian baino % 20 gutxiago. Goierri izan zen lurraldeko zonalderik lehorrena.
José Ignacio Asensio, Iraunkortasuneko diputatua: «Ezinbestekoa da epe ertainean eta luzean izango ditugun ur baliabideen argazki argia izatea, eta, aldi berean, beharrezkoak diren neurriak ezartzea ur geza izan dezagun modu iraunkorrean». «Gure etorkizuna dago jokoan, baita osasuna, ingurumena eta gure gizartearen ekonomia ere, eta orain anbizio gehiago izan eta erantzukizun klimatikoa handitu behar dugu. Datuek erakusten dute zer gertatzen ari den hemen eta orain, eta animatzen gaituzte gizarte bidezkoago baten eraikuntzarantz azkarrago aurrera egitera».
Jose Ignacio Asensiok eta David Zabala Neturklimako zuzendariak aurkeztu dute Naturklimaren «Klima aldaketak Gipuzkoan duen inpaktuari eta eragiten duen kalteberatasunari buruzko txostena». Jose Ignaciok gogoratu du Naturklimak ematen duen informazio zehatza funtsezkoa eta estrategikoa dela klima aldaketari aurrea hartu eta aurre egiteko eta ondorioak arintzeko politikak egokitzeko lurralderako:"gure etorkizuna, gure osasuna, gure ongizatea eta gure ekonomia daude jokoan. Anbizio klimatikoa handitu eta eskuragarri dagoen informazioa sozializatu behar da, guztiok –sektore publikoa eta pribatua, unibertsitateak eta zentro teknologikoak, herritarrak eta gizartea– egoki diren prebentzio eta zuzentze neurriak har ditzagun, belaunaldi berrien etorkizuna eta ongizartea bermatzeko».
Txostenak bi bloke nagusi ditu. Lehen blokean klimaren oinarrizko aldagaietako mundu mailako eta Gipuzkoako aldaketen jarraipena egiten da, etengabe neurtzen diren 85 adierazleren baitan. Bigarren blokea, aldiz, urtez urte aldatu egiten da, eta xehetasunez aztertzen ditu klima aldaketak lurraldeko ur masetan (ibaiak, urtegiak eta akuiferoak) eta ur baliabideetan dituen ondorioak, alegia, asetzen diren Gipuzkoak erabilera desberdinetarako dituen ur beharrak: "edateko urik ez izatea da munduan osasunerako arazo larrienetariko bat eta, bereziki, eragiten du pertsonarik zaurgarrienen eta baliabide sozioekonomiko gutxien dituztenen osasunean. Naturklimako presidenteak gaineratu duenez: «Osasunerako funtsezkoa izateaz gain, ekosistemetarako ezinbesteko baliabidea da eta sistema soziekonomiko gehienetarako ondasun estrategikoa. Ezinbestekoa da epe ertainean eta luzean izango ditugun ur baliabideen argazki argia izatea, eta, aldi berean, beharrezkoak diren neurriak ezartzea ur geza izan dezagun modu iraunkorrean».
Adierazle klimatikoak
2022 oso beroa izan zen Gipuzkoan, eta urteko batez besteko tenperatura 14,5 ° C izan zen lurraldeko estazio meteorologikoetan, gutxi gorabehera erreferentziako aldian (1981-2010) erregistratutako batez besteko tenperatura baino 1 °C handiagoa. Ziurrenik, XXI. mendeko urterik beroena izango zen, eta estazio ugaritan maximo historikoak erregistratu ziren.
Urtaro guztietan igo ziren tenperaturak: negua, eta bereziki, abendua, oso beroak izan ziren, 20 ºC-ren gaineko erregistroak ere izan ziren; udaberria oso beroa izan zen, eta maiatza nabarmendu zen lehenengoz 30 ºc-tik gorako tenperaturak erregistratu zirelako lurraldeko estazio askotan; udan tenperatura altuak etengabeak izan ziren eta muturreko beroko hainbat gertaera izan ziren. Gehieneko tenperatura absolutua izan zen 42,88 ºC, Arrasateko estazioan. Era berean, intsolazioa ohiko balioak baino nabarmen handiagoa izan zen, guztira % 20 eguzki ordu inguru gehiagorekin. Udazkena ere oso beroa izan zen lurralde guztian; urria izan zen bereziki nabarmena, lurralde guztian 4 ºC baino gehiagoko batezbesteko anomaliarekin, eta edozein hilabetetan inoiz ikusitako anomaliarik handiena izan zen.
Eguneko batezbesteko, gehieneko eta gutxieneko tenperaturak handitzeaz gain, gau tropikalak eta egun beroak ere geroz eta gehiago izaten dira. Gau tropikalei dagokienez, 2022an, errekorra gainditu zen, batez ere kostako herrietan; Hondarribian, adibidez, 29 gau tropikal izan ziren. Batez beste, 1971n baino bi gau tropikal gehiago izaten ditugu, 1971z geroztik hamarkadako 0,39 gau igo delarik. Egun beroei dagokienez, bistakoa da lurralde guztian gorako joera nabarmena dela. 2022an, 32 ºC baino gehiagoko egunen kopurua oso altua izan zen estazio meteorologiko guztietan, 20 egun batez beste, baina 25 egun baino gehiagotan gainditu zen tenperatura hori Alegia edo Añarbeko estazioetan, eta 30 egun baino gehiagotan Arrasaten edo Estandan.
Azken hamarkada erreferentziako aldia baino zertxobait hezeagoa izan den arren, 2022ak joera positibo hori urratu du, 1981-2010 erreferentziako aldian baino % 20 inguru gutxiago prezipitazio izan baitira. Goierri izan zen lurraldeko zonalderik lehorrena, eta beste muturrean, lurraldean ekialdeen dagoen zonaldean, balioak urteko prezipitazio balio normaletatik gertuago egon ziren.
Bizkaiko Golkoan itsasoaren maila igotzeari dagokionez, 0,99 eta 3,7 cm arteko igoera tasa du (2,5 cm hamarkadako, batez beste) 90eko hamarkadatik hona. Txostenean argi geratzen da itsasoaren mailaren igoera azkartzen ari dela azken hiru hamarkadetan, XX. mendeko batezbesteko igoeraren aldean.
Ur baliabideak
Ur masa, ibai, urtegi eta akuiferoen egoeraren analisi historikoak adierazten du hobekuntza nabarmena dela 90eko hamarkadaren amaieratik, hiriko eta industriako hondakin urak arazteko teknologiak sartzeari esker.
Lurralderako eskuragarri dauden proiekzioek aurreikusten dute uraren tenperaturak gora egingo duela eta, epe luzera, tenperaturek gora egiten jarraitzen badute eta lehorte aldiak intentsifikatzen badira, ibai, urtegi eta akuiferoetako uraren tenperaturaren gorakadak aldaketak eragin litzakeela faunarik zaurgarrienaren biologian (ur hotzeko espezieak: amuarrain arrunta eta makroornogabeak), bereziki lurraldearen barnealdeko ibaiadarren goiko zatietan. Uretan disolbatutako oxigenoak adierazten du arriskua baxua dela epe laburrean, baina espero da gora egitea XXI. mendeak aurrera egin ahala.
Gure ur baliabideen erabilgarritasunari eta ur gezarako sarbideari dagokienez, proiekzioek adierazten dute batez beste Gipuzkoan ur baliabideak murriztuko direla -% 2,5 epe laburrean (2011-2040) eta -% 30 epe luzean (2071-2100), isurien arabera. Batez besteko egoera klimatologikoetan, afekzio arriskua txikia da. Hala ere, lehorte luzeak gertatzen badira, eskuragarritasunaren eta eskaeraren artean desorekak izan daitezke.
2022