2022ko lehen hiruhilekoan hasiko dira Donostiako saihesbideko Marrutxipiko lotune berriaren obrak
2022ko lehen hiruhilekoan hasiko dira Donostiako saihesbideko Marrutxipiko lotune berriaren obrak
Diputatuen Kontseiluak gaur onetsi du foru erakundearen eta Donostiako Udalaren artean sinatu beharreko hitzarmena, proiektu hau gauzatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onetsi du foru erakundeak eta Donostiako Udalak sinatu beharreko lankidetza hitzarmena, GI-20 Donostiako saihesbidean Marrutxipiko lotunearen obrak gauzatzeko. Proiektuak 12,6 milioi euroko oinarrizko aurrekontua da, BEZ barne, eta horietatik 9,1 milioi euro jarriko ditu Aldundiak, eta gainerakoa Donostiako Udalak. Lanek 24 hilabetetako gauzatze epea izango dute, eta aurreikuspenen arabera, 2022 urteko lehen hiruhilekoan hasiko dira. Eider Mendoza foru bozeramaileak nabarmendu duenez, proiektuak berebiziko garrantzia du Donostiarentzat, hiriko trafikoan arintze eta hobekuntza handiak eragingo baititu.
Foru bozeramailea hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Agerraldi honetan azaldu duenez, 27 Poligonorako sarbide berriarekin batera, Marrutxipi da Donostiari eragiten dion foru erakundearen beste proiektu estrategikoetako bat, hiriak trafikoen kudeaketari dagokionez gabezia handia baitu. Honenbestez, Gipuzkoako Foru Aldunditik, hiriburuko trafikoa hobetzeko ahaleginean ekarpena egiten ari dela esan du Mendozak. “Gaur gaurkoz, Donostiako trafikoa Urumea pasealekuaren mende dago eta beste aukera bat behar du. Alternatibak irekitzeak trafiko kolapso gutxiago eragingo du, ibaiarekiko menpekotasun gutxiago”, azpimarratu du.
Gaur onartu den Marrutxipiko lotura berria Polloe eta Intxaurrondoko tunelen artean kokatuko da. Iparraldean Etzieta eta hegoaldean Castelao parkeekin 580 metroko distantziara dago, oso urbanizatuta dagoen ingurune batean. Sarrera eta irteera mugimendu guztiak hartzen dituen lotura oso bat izango da, ekialdekoa zein mendebaldekoa, Etzieta eta Castelao parkeei eragin gabe. Lotura berri honek Ategorrietatik eta Ipar Intxaurrondotik sartzeko eta irteteko aukera irekiko du, eta horrek hiritik irteteko beste bide batzuk deskargatzen lagunduko du, hala nola, Frantziako pasealekua-Federico Garcia Lorca, gaur egun Gros eta Egiatik ateratzeko erabiltzen dena.
Lotune berria nolakoa izango den deskribatuz, bozeramaileak azaldu du proiektuak jasotzen duenaren arabera bi pasabide eraikiko direla Irun-Zarautz noranzkoko saihesbidearen galtzadaren azpian. Hauekin batera, lotura-adarrak eta biribilgune berri bat ere eraikiko dira, Fernando SASIAIN kalearen eta Mons pasealekuaren arteko elkargunean, hiriko bideekin lotzen den lekuan. “Ziur gaude proiektuak inpaktu handia izango duela Donostiako trafikoa hobetzeko ahaleginean eta, ondorioz, donostiarren ongizatean eragin positiboa izango duela”, azaldu du.
Ikuspegi zabalagoa hartuz, Mendozak esan du gaur onartu den ekimenarekin, Bide Azpiegituren alorrean lurraldeko bide-mugikortasunerako giltzarri diren lau proiektu abiatu dituela Gipuzkoako Foru Aldundiak azken hilabeteetan: Azkoitia-Urretxu errepidea berritzeko lanak; Astigarragako 27.poligonorako irteera-sarrera berria; A-15ean Belabietako tunela berritzeko lanak; eta gaur onartutako Marrutxipitik Donostiarako GI-20rako sarbide berria. Lau proiektuak batuta, 42 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo du foru erakundeak. “Garrantzi kualitatibo handiko proiektuak dira, Gipuzkoako errepide-sareko oinarrizko puntuetan trafikoaren arintasuna eta segurtasuna nabarmen hobetuko dutelako. Eta argi uzten dute Gipuzkoako Foru Aldundiak alor honekin duen konpromisoa”, adierazi du foru arduradunak.
Abuztura arteko zerga bilketa
Bestalde, Gipuzkoako zerga bilketa metatua %17,8 hazi da abuztura arte, aurreko urteko epe berdinarekin alderatuta. Beraz, orain arte 3.242,7 milioi euro bildu ditu Gipuzkoako foru Ogasunak, pasa den urteko epe berdinean baino 490 milioi euro gehiago. Zehazki, sarrera gordinak %14,1 handitu dira, eta itzulketak %2,9. Zuzeneko zergak %13,5 hazi dira, zeharkako zergak %21,4 eta Estatuarekiko doikuntzak %31,5. “Nola ez, alderaketa hau egiterako orduan, kontutan izan behar dugu pasa den urtean COVID-19 pandemiaren eraginpean geundela. Honek eragin bikoitza izan zuen: alde batetik, jarduera ekonomikoa kaltetu zuen, zerga bilketa jaitsaraziz. Eta bestetik, Ogasunetik hartu ziren zenbait laguntza-neurrik ere (gerorapenak, epeak malgutzea…) eragina izan zuten bilketan”, gogoratu du Eider Mendozak.
Espero bezala, zerga nagusien bilakaera positiboa izan da, eta hazkunde nabarmenak erakusten dituzte. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, %9,8 hazi da zerga honen bilketa, eta lan etekinen atxikipenek ere ehuneko berean egin dute gora. Balio Erantsiaren gaineko Zergari (BEZ) dagokionean, berriz, %24,5 igo da zerga bilketa. Sozietateen gaineko Zergak ere hazkunde nabarmena erakusten du, %30,2 hazi baita pasa den urtearekiko. “Hala ere, hemen kontutan hartu behar da iaz mikroenpresek, enpresa txikiek eta ertainek aitorpenak beranduago aurkeztu zituztela: aurten abuztuan zenbatu dena, pasa den urtean urrian kontabilizatu zen”, zehaztu du foru arduradunak. Honekin batera, eta orokorrean begiratuta, gaineratu du aurten ezohizko sarrera batzuk ere izan dituela Gipuzkoako foru Ogasunak, ikuspegi orokorrari eragiten diotenak baina “datorren urtean izango ez ditugunak”.
Mendozaren ustetan, gaur gaurkoz, zerga bilketako datuek adierazten dutena da Gipuzkoako ekonomia bide onetik ari dela errekuperatzen, eta horregatik baikor agertu da etorkizuna begira. “Oraindik badaude zenbait elementu alderaketa homogeneoak egitea zailtzen dutenak, esaterako aipatu berri dugun Sozietateen gaineko Zergaren kontua. Baina oro har, esan dezakeguna da gure ekonomia eta gure enpresak gogotik ari direla lanean, eta indartsu ageri direla krisiari aurre egiten”, esan du foru bozeramaileak. Baieztapena zifrekin alderatzeko, azaldu du 2021 urteko lehen zortzi hilabeteen zerga bilketa metatua 2019 urtearekin alderatzen bada, hau da, pandemia aurreko garaiarekin, Ogasunak jaso duenak %5,3ko hazkundea erakusten du.
“Aldundiaren ikuspegitik, zerga bilketa indartzen jarraitzeko bidea jarduera ekonomikoaren alde lanean jarraitzea da. Honen bitartez eskuratuko ditugu krisiaren kontra borrokatzeko eta gure zerbitzu sozialak indartzeko behar ditugun baliabideak, honela gizarte kohesioa indartuz”, nabarmendu du Mendoza bozeramaileak. Oinarri honetatik abiatuta, gogoratu du “fondoko helburua, foru erakundearentzat, beti izan da desberdinkeria borrokatu eta alor honetan Europako lurralde onenen ondoan kokatzea, eta horregatik bide-orri honen aldeko lanarekin jarraituko dugu aurrerantzean ere”.
Politika Orokorreko Plenoa
Bestalde, kurtso politiko berriaren hasieran hain garrantzitsua izan ohi den Politika Orokorreko Plenoa ere izan du hizpide foru bozeramaileak. Aurreratu duenez, aurtengoa irailaren 28an, asteartea, egingo da. “Egun horretan, Markel Olano diputatu nagusia Batzar Nagusitan agertuko da, azken hamabi hilabeteen errepasoa egin eta 2022rako esku artean ditugun ekimen garrantzitsuenen berri emateko”, gogoratu du foru arduradunak, nabarmenduz azken hilabete hauetan asko aldatu dela testuingurua.
“Pandemiaren eraginpean jarraitzen dugu, baino orain txertoa daukagu eta, azken asteetan ikusten ari garenez, gaitzaren hedapena beherantz ari da. Baikortasunez begiratzen diogu etorkizunari, baina arduraz jokatzen jarraituz, guardia jaitsi gabe”, esan du Mendozak. “Beraz, zorionez, esan dezakegu errealitatea erabat ezberdina dela orain, pasa den urtearekin alderatuta. Eta diputatu nagusiak egingo duena izango da orain arteko ibilbidearen balantzea egin eta etorkizunera begira jarri”, azaldu du. “Mugarri garrantzitsua izango da irailaren 28ko politika orokorreko plenoa legealdi honetan, legealdiaren bigarren erdiko eta pandemia osteko agertokian Gipuzkoako Foru Aldundiaren bideorria finkatuko baitu”, amaitu du bozeramaileak.
2471