2025eko aurrekontuak adostea helburu, proposamen bateratua eta zabala eskaini die Aldundiak batzarkide taldeei
2025eko aurrekontuak adostea helburu, proposamen bateratua eta zabala eskaini die Aldundiak batzarkide taldeei
2025eko aurrekontuak adostea helburu, proposamen bateratua eta zabala eskaini die Aldundiak batzarkide taldeei
· Epe laburrera eta luzera begira herritarren ongizate integralean inpaktua izango duten partida berriak jarri ditu mahai gainean foru gobernuak, 61.4 milioiko zuzkidurarekin, aurreko kontaktuetan jaso eta dagoeneko aurrekontuetan txertatu direnez gain. · Oposizioko alderdiekin aurrekontuen inguruko akordioa bilatzeko bilerak egin dira gaur; lurraldean dagoeneko sustraitua dagoen lankidetza oinarri hartuta, Gipuzkoako desafioei “elkar hartuta” erantzuteko eskaintza egin dute Aldundiko ordezkariek, “ekarpen berriak jasotzeko erabateko prestutasunez eta apaltasunez”.
2025eko aurrekontuak adostea helburu, batzarkide taldeekin bilera berriak egin ditu gaur arratsaldean foru gobernuak. Oposizioan dauden batzarkide taldeetako ordezkariekin elkartu dira Eider Mendoza diputatu nagusia; Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordea eta Jasangarritasuneko diputatua; eta Itziar Agirre Ogasuneko diputatua. Bertan, epe laburrera eta luzera begira herritarren ongizate integralean inpaktu nabarmena izango duten partida berriak jarri ditu mahai gainean foru gobernuak, 61.4 miloiko zuzkidurarekin; proposamen horien bitartez, Gipuzkoako zaintza eredu berrian sakontzeko inbertsioak (26.4 miloi), energia menpekotasunaren murrizketan eta mugikortasun jasangarrian aurrera egiteko neurri partekatuak (32 milioi); eta tokiko ekonomiari, nahiz enpresa txiki eta ertainei laguntzeko lan lerroak (8.7) planteatu dituzte. Baita euskararen gizarte erabilera indartuko duten egitasmo berritzaileak abian jartzea ere.
Egindako proposamenean jasotzen duen moduan, foru gobernuak adierazten du Gipuzkoak “oinarri sendoak” dituela gizarte nahiz ekonomia mailan, baina baita “sustraiko desafioei eta gizarte arazo emergenteei aurre egiteko beharra” ere. Horretarako “estrategia berriak” adosteko prestutasuna azaldu diete Aldundiko ordezkariek batzarkide taldeei; lurraldean dagoeneko sustraitua dagoen lankidetza oinarri hartuta, Gipuzkoako desafioei elkarlanean erantzuteko eskaintza luzatuz. Esate baterako, zaintzaren eraldatzearen inguruan, foru gobernuak bere “prestutasuna”, azaldu du, gizarte beharrak biderkatzen jarraituko duten testuinguru batean, Gipuzkoako gizarte babeseko zerbitzuen etorkizunaz gogoeta partekatu bat lantzeko eta elkarlanean aztertzeko.
Horiei guztiei, gainera, uda partetik hona foru gobernuak batzarkide taldeekin izandako kontaktuetan –gaurkoen aurretik dagoeneko 18 aldiz elkartu dira– jaso eta aurrekontu proiektuan txertatutako partidak gehitu behar zaizkie. Gaur egindako bileretan foru gobernuko kideek balioa eman diete ekarpen horiei.
Hori horrela, foru gobernuak proposamen bateratua aurkeztu die batzarkideei, kontuan izanda haiengandik jasotako proposamenak osagarriak zirela. Eider Mendozak, joan den astean egin bezala, akordioak lortzeko “ate guztiak” zabalik daudela berretsi du eta bere
“prestutasun osoa” adierazi du aurrekontuak “hobetu eta osatzeko”. “Saiatzen ari gara jasotako proposamen eta lan lerro partekatuei bidea ematen. Adostasuna bilatzeko ahalegin zintzoa eta apala egiten jarraituko dugu datozen egun eta asteetan. Ahalegin horretan elkar topo egitea espero dugu, guztiok bilatzen dugulako gipuzkoarron ongizatean aurrera egitea”, berretsi du.
155