Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour 250etik gora lagunek parte hartu dute Aldundia ezagutzeko ate irekien lehen jardunaldian

250etik gora lagunek parte hartu dute Aldundia ezagutzeko ate irekien lehen jardunaldian

Markel Olano: “Erakundea herritarrei gerturatzea da helburua, foru jauregia eta bertan dagoen ondarea ezagutarazteko, ezkutuko altxorra baita”.

250etik gora lagunek parte hartu dute gaur Foru jauregia eta bertako areto interesgarrienak ezagutzeko ate irekien lehen jardunaldian. Gaur goizean egindako bisitan Markel Olano diputatu nagusiak azpimarratu duenez, “gure helburua da erakundea, bere jarduera eta bere ibilbidea herritarrei eta bisitatzen gaituztenei gerturatzea da. Ate eta leihoak irekitzeko ariketa hori fisikoki egin nahi dugu, politikoki egiten ari garen apustua irudikatuz”. Eta gaineratu du Foru jauregia “ezkutuko altxor bat” dea, herritarrek ezagutzea “merezi duena, izan ere, sorpresa ugari aurkituko dituzte”. 

Bisita gidatua egingo dutenek hango objektu, margolan eta elementu nagusien bitartez, ibilbidea egingo dute historian eta arkitekturan barrena. Era berean, Aldundiaren, Batzar Nagusien, horien eskumenen eta antolaketa aministratiboaren inguruko azalpenak jaso dituzte.

Bisita gidatuak hilean behin egingo dira (hilero joango da eguna finkatzen), doakoak izango dira  eta 50 minutu inguruko iraupena edukiko dute. Bisitak kanpoko aldean hasiko dira, eta ondoren ohorezko solairuan jarraituko dute, han baitaude obra nabarmen gehienak. Amaieran, dibulgazio eskuorria banatuko zaie parte-hartzaileei. Herritarrentzako harrera gunean ere eskura daiteke foiletoa.

10 eta 20 lagun bitarteko taldeetan antolatuko dira bisitak. Gipuzkoa@gipuzkoa.eus helbidera idatzita, 943-112111 telefonora deituta, edo foru jauregiko harreran bertan eman daiteke izena. Aldunduan antolatzen duen aurreneko ate irekien jardunaldi berezia izango da. Asmoa dago beste hitzordua errepikatzeko urtean zehar, data esanguratsuetan –Gabonetan, Aste Santuan…-.

Ibilbidea Gipuzkoako historian barrena

Diputatu nagusiak adierazi du bisitak “begibistako interesa” daukala historia, arte edo arkitektura ondarearen ikuspegitik, bai eraikinak eta baita bertan dauden elementuek balio handia baitute. “Paradoxikoki, Aldundiak bost mende baino gehiagoko historia badu ere, ezagutza falta handia dago oraindik bere inguruan”, azaldu du. Hala, gogorarazi duenez, bisitan ezagutuko diren espazio asko, hala nola tronu aretoa edo kontseilu aretoa, “Gipuzkoaren antolaketa instituzionalaren eta historia politikoaren lekuko dira, gure autogobernuarena, gure ibilbidea markatu duten gertaera eta pertsonena. Gipuzkoarrontzat berebiziko garrantzia eduki duten erabakiak eta neurriak onartu dira bertan, eta jarraitzen dira onartzen: aurrekontuak, ekonomia, eta enplegua sustatzeko egitasmoak, ongizate eta zerga politikak, etabar”.  

Jardunaldi honetaz gain, aurtengo martxoaz geroztik, Aldundiak bisita gidatuen zerbitzua ere eskaintzen du foru jauregian zehar. Aurretik hitzordua eskatuz egin daiteke erreserba, astebeteko gutxieneko epearekin, aipatutako helbide eta telefonoan. Bestalde, Aldundiak bisitarako gonbidapena luzatu ohi die hainbat kolektibori: Bigarren Hezkuntzako ikasleak, Zientzia Politikoak eta Soziologia, Zuzenbidea, Komunikazioa, Artea, Turismoa edota Arkitektura ikasleak, jubilatuak, eta bestelako elkarteak. 

Sektore hauei modu jarraituan egin ohi zaie gonbita, baina irailean, Aldundiak asmoa du deialdi berezia egiteko, bisita gidatuak gehiago ezagutarazteko eta parte-hartzea sustatzeko: “Aldundia gipuzkoar guztion etxea da eta dei egin nahi diegu bertaratzeko”, nabarmendu du diputatu nagusiak.

Foru jauregian zehar, ibilbidea egin daiteke Gipuzkoaren, eta Lurraldeko persona esanguratsuen historian barrena. Hauek dira kontuan hartzeko moduko elementuetako batzuk: Gaztelako Alfontso VIII.a irudikatzen duen beiratea, 1200. Urtean foruen zina eginez; Alejandro Iruretaren kupula; Gipuzkoako paisaia eta ohiturak irudikatzen dituen horma-dekorazioa; Julio Urquijoren erretratua (Erwal) eta liburutegia, non Aldundiak argitaratutako obra guztiak gordetzen diren; Elkanok munduari egindako itzuliaren omenez eginako tapiza, eta getariarrari Zuloagak egindako margolana; Albizuren Lekuona eta Barandiaran margolanak; Uztapide eta Basarri bertsolarienak; Orixek egindako eskuizkribu zaharrak; edota Leizaola Lehendakariaren eskultura.   

  

1751