Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour 26 gaztek egin dute bat Gaztenek Berri programarekin

26 gaztek egin dute bat Gaztenek Berri programarekin

Proiektua Eusko Jaurlaritzak, Aldundiek eta Mondragon Unibertsitateak bultzatu dute, eta enpresa-kudeaketan, digitalizazioan eta berrikuntzan prestakuntza handituko du.

Gaztenek programako parte-hartzaileak, Jabier Larrañaga foru diputatuarekin.

Belaunaldien berrikuntza eta ekintzailetza oinarrizkoak dira euskal nekazaritzako elikadura kate osoaren biziraupenerako eta modernizaziorako, Euskadiko garapen sozioekonomikoaren zati garrantzitsua baita. Abiapuntu horrekin, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek Gaztenek programa jarri zuten abian 2004. urtean, gazteak lehen sektorean eta landa-munduan sar daitezen errazteko. Orain, Mondragon Unibertsitatearen lankidetza tekniko eta pedagogikoarekin, programa modernizatu egin da, egungo beharretara egokitzeko.

Gaztenek Berri izeneko programa hau gaur Oñatin egin den lan-jardunaldi batean aurkeztu da, eta honako kide hauek egon dira bertan: Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko diputatua; Eduardo Aguinaco Arabako Nekazaritza diputatua; Amaia Antxustegi Bizkaiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturaleko diputatua; Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea eta Lander Beloki Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekanoa. Programa honek jarraipena emango dio Gaztenek programa aitzindariari, lehen sektorean ekintzailetzari laguntzeko zerbitzu integrala eskaintzeko.

Orain, Gaztenek Berri programaren ezarpenaren bidez, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiek, Mondragon Unibertsitatearen asistentzia pedagogikoarekin, Gaztenek programara iristen diren gazte guztien artean enpresa-kudeaketari, digitalizazioari eta berrikuntzari buruzko prestakuntza zabaldu nahi dute, sektoreko eta inguruko erronka eta beharrei erantzuteko jakin-mina eta gogoa pizteko.

Aro berri honetan, proiektuak gero eta berritzaileagoak izatea lortu nahi da, balio erantsi handiagoa sortzea eta etorkizun-ikuspegia duten pertsonek gidatzea. Gainera, beharrezkotzat jotzen da nekazaritza-ekintzailetzari laguntzeko ekosistema sentsibilizatzea eta kualifikatzea, arreta 2023-2027 aldi berrian jarrita. Gaztenek Berri-k lehen sektoreko ekintzailetzak motibatutako gazteak bilatzen ditu, ekimenarekin eta taldean esperientzia berriak bizitzeko gogoarekin, tresna, metodologia eta ekimen berritzaileak aurkituz.

Guztira 26 gaztek (Arabako 11k, Bizkaiko 6k eta Gipuzkoako 9k) heziketa-erronka berri honetan parte hartzea erabaki dute. Horren helburua da lehen sektorea gaztetzea eta modernizatzea, eta horretarako XXI. mendeko erronka berriei aurre egiteko tresnak eskainiko zaizkie, hala nola, enpresa-kudeaketa, nekazaritza eta abeltzaintza-lanaren digitalizazioa edo arlo horretako teknika eta berrikuntza berriak.

Aplikatuko den metodologia Mondragon Unibertsitateko MTA (Mondragon Team Academy) da, zeinaren gakoa den “eginez ikasi” kontzeptua. Horrela, ikaskuntza aurkezten diren proiektu ekintzaileetan oinarrituko da, eta prozesua programa baten bidez garatuko da. Programa horretan, besteak beste, ‘on line’ saioak egingo dira, sektorearen problematikak ulertzeko, etorkizuneko joerak ezagutzeko eta berrikuntza-tresnak aurkitzeko. Berariazko mentoria-saioak ere izango ditu.

Horrez gain, “ikasketa-bidaiak” ere egingo dira; lehen sektoreko inguru berritzaileak ezagutzeko esperientziazko saioak dira, eta inspiratzeaz gain, kontaktu-sarea handitzen lagunduko dute eta talde-lan dinamika sustatzeko espazio informalak eskainiko dituzte.

Jabier Larrañaga foru diputatuak positibotzat jo ditu programa hau martxan jartzea ahalbidetu duten “lankidetza eta sinergiak”. “Berrikuntza eta esperimentazioa funtsezkoak dira aurrera egiteko, gure gizartea bultzatzen duten jarduera ekonomiko eta sozial guztietan, bai eta lehen sektorean ere. Hemen ere kualifikazioa, talentua eta prestakuntza duten profesionalak behar ditugu sektorearen egiturazko erronkei aurre egiteko, freskotasuna eta ideia berriak ekarriko dituztenak eta aukera berriak sortuko dituztenak. Ezin dugu belaunaldi aldaketako prozesu huts bat gauzatu. Lehen sektoreak ez du soilik erreleboa behar, baizik eta bere etorkizuna bermatuko duten eraldaketak. Horretarako, pertsonak eta haien prestakuntza dira abiapuntua, eta alderdi horretan eragiten du programa honek”.

Gaztenek Programa (2004 – 2022)

Gaztenek Programa 2004ean jarri zen abian. Eusko Jaurlaritza eta hiru Foru Aldundiak buru izan ziren, sektoreko eta tokiko eragileen laguntzarekin, eta horrez geroztik laguntza eskaini du ideiak sortzeko fasean, bai eta enpresa sortzeko eta proiektuak finkatzerako ere. Era horretan, lehen sektoreko proiektuen bideragarritasuna eta jarraipena bermatzen lagundu dute. Azken urteetan sektorearen gaztetzean eta modernizazioan aurrera egin dute, betiere tradizioa eta nekazaritzako familia-eredua errespetatuz.

Beraz, 2004tik 2022raino, landa-inguruan eta lehen sektorean sartzen lagundu dio 919 pertsonari eta beren enpresa-proiektuei (Bizkaiko 353 pertsonari, Gipuzkoako 306ri eta Arabako 260ri). Horietatik, 325 emakume dira eta 594 gizon, eta adin-tartea, oro har, 25 eta 40 urteren artekoa da. Azpisektoreka, 476 pertsona nekazaritzan (bereziki baratzezaintzan, frutagintzan eta ardogintzan) sartu dira, eta 443 abeltzaintzan (oro har, esnetarako eta haragitarako behiak eta ardiak). Aldi berean, onartutako proiektuetatik, 175 inguruk ekoizpen ekologikoa edo integratua garatzen dute.

  

3974