Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour 300 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Aldundiaren argazki lehiaketan

300 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Aldundiaren argazki lehiaketan

Arantzazuko Santutegiaren argazki bat izango da 2018ko egutegiaren azalean joango dena, lehiaketara aurkeztu diren 500dik gora argazkiren artean aukeratua izan baita

2017/10/20

Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak gaur aurkeztu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren egutegia egiteko deitu den argazki lehiaketaren lehenengo edizio hau irabazi duten 13 argazkiak. Lehiaketan 300 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute, eta Gipuzkoako paisaien 500dik gora argazki aurkeztu dituzte. Lehiaketa honetarako, Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen laguntza izan du Aldundiak, elkartea arduratu baita berrogei argazki onenak aukeratzeaz, irizpide tekniko zein artistikoei jarraituz. Aurreaukeraketa horren ondoren, argazkiak Orain Gipuzkoaren Facebookean jarri dira; bertan, bozketa bidez, argazki sarituak aukeratu dituzte herritarrek.

            Puntu gehien lortu dituen argazkia "Oñatiko Arantzazuko Santutegia" izenekoa da, Gonzalo Iza Fernandezena. Puntuazio altuena jaso duenez, egutegiaren azalean joango da, eta egileak 1.000 euroko diru saria jasoko du. Beste 12 argazkiak egutegiko hilabete bakoitzean joango dira, Gipuzkoako 2018ko egutegia osatuz. Gipuzkoako Argazkilari Elkartea izango da argazki bakoitzari ongien doakion hilabetea aukeratzeaz arduratuko dena. 12 argazki horien egileek 250 euro jasoko dituzte argazki bakoitzeko; beraz, guztira 4.000 euro banatuko dira.

Aldundiak erabaki zuen gipuzkoarrek egin behar zutela, lehengo aldiz historian, Gipuzkoaren egutegia. Erabaki hori bat dator foru erakundea egiten ari den apustuarekin; hau da, herritarrek Aldundiaren erabakietan eta kudeaketan parte hartzea, eta erakundearen eta herritarren arteko komunikazioa hobetzeko tresna eta bide berriak zabaltzea. Helburu horrekin, sare sozialen pisua ukaezina da, lehiaketa honetan Facebooken bidez parte hartu baitute herritarrek, eta Twitter eta Instagram ere erabili baitira argazkiak argitaratzeko, #gipuzkoakotxokoak traolarekin.

Diputatuak adierazi du Aldundiaren egutegia ekimen oso ezaguna dela, eta arrakasta handia izaten duela. Iaz, adibidez, 10.000 egutegi baino gehiago banatu ziren doan herritarren artean. Aldundia “gobernantza onaren” eta kudeaketa “ireki eta partaidetzazkoaren” alde egiten ari den apustuarekin lotu du lehiaketa hau Lasak. “Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bidez etorkizuneko erronkei elkarte sarearen eskutik erantzuten ari garen bezala, edo aurrekontuak egiteko herriz herri herritarren proposamenak biltzen goazen bezala, kasu honetan Aldundiaren egutegia bezalako tradizio bat herritarrei zabalduz sinbolizatu nahi izan dugu borondate hori”, azaldu du Lasak.

  

1464